Ezkirozko BSH plantako langileek etorkizuna beltz ikusten zuten, eta bete egin dira aurreikuspen txarrenak: zuzendaritzak lantegia ixteko asmoa iragarri du. Arduradunen nahia da prozesua sei hilabeteren buruan gauzatzea. Fabrikak ekainaren 16an etengo du jarduera, eta hortik aurrera, hilabeteko epean, langileak kaleratzeko baldintzak negoziatuko dituzte.
Ezkirozko plantan (Galar, Nafarroa) nagusiki hozkailuak eta ontzi garbigailuak ekoizten dituzte. Bero ponpak egiteko atal bat ere badute, eta zuzendaritzak enpresa batzordeari esan dio horri beste toki bat bilatuko diola, baina ez dakiela non.
Guztira 660 langile aritzen dira Nafarroako lantegian. Aurtengo martxoan egoera konpontzeko plan bat eskatu zuten, BSHren Poloniako eta Turkiako fabrikek Nafarroakoari lana kentzen ziotela argudiatuta. Alderdi politikoekin eta Nafarroako Gobernuarekin bildu ziren, eta ekainean parlamentuan ere izan ziren. Egoera ez zela «batere ona» ohartarazi zuten orduan.
Susmo txar horiek bete egin dira. Enpresa batzordeak gaur jaso du zuzendaritzaren erabakiaren berri, bilera batean eta «ohar labur batekin», eta horren berri emateko langileekin batzarrak antolatu ditu gero, lan txanda bakoitzean. Oraingoz ez dute erabakirik hartu. Aitortu dute albistea «oso kolpe gogorra» izan dela, eta gogoratu dute lantaldearen batez besteko adina 50 urtekoa dela.
Batzordeak onartu du enpresa egoera zailean zegoela, baina ez lantegia ixteko bezain gaizki. Duela bi urtetik, lantaldea aldi baterako erregulazio espediente batean egon da, eta neurri hori 2025era zabaltzea zen asmoa. Gogoratu du, halaber, duela gutxi sinatu zutela azkenengo lan hitzarmena.
Sindikatuen arabera, gainbehera 2015ean hasi zen, Bosch-Siemens taldea bereizi zenean. Boschek erosi egin zuen Siemensen zatia, eta marken erabateko kontrola lortu. Ekoizpenaren zati bat Turkiara eta Poloniara bideratu zuen.
Ekoizpenari buruzko daturik berrienek diote urtean denera 290.000 hozkailu eta 100.000 ontzi garbigailu ekoizten dituztela, bereziki Txinako merkaturako. BSHk 2023. urtean 14.800 milioi euro fakturatu zituen, aurreko ekitaldian baino %7 gutxiago.
Enpresak «merkatuaren egoera zailari eta lehiakortasunaren galerari» egotzi dio Nafarroako planta ixteko erabakia: «Hobetzeko neurri ugari hartu diren arren, Eskirozko BSH lantegiko etxetresna elektrikoen ekoizpenak lehiakorra izateari utzi dio».
Langileen ordezkaritzak ekainean salatu zuen zuzendaritzak ez zuela bete lan karga gehiago ekartzeko konpromisoa, eta bi urte jarraian zeramatzatela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean. 2023az geroztik, ostiralean ez ziren lanera joaten.
Gobernua, ustekabean
Nafarroako Gobernua ustekabean harrapatu du multinazionalaren iragarpenak, Maria Txibite lehendakariak onartu duenez. Txibitek azaldu du gaur izan duela enpresako arduradunen asmoen berri, berari eta Mikel Irujo Industria Enpresen kontseilariari bidalitako gutun baten bidez. Sei hilabeteko kontsulta aldia ireki dutela jakinarazi diete hala. «Ez dakigu zer gertatuko den, ez baitu esan Nafarroako lantegia itxo egingo dutenik. Ez du hori esan», azpimarratu du.
BSHren manerak ez zaizkio gustatu presidenteari. Gutun bidez baino, halakoak aurrez aurre esan behar direla adierazi du. «Gobernu honek enpresekin duen harremana ez da horrelakoa. Etengabeko harremana dugu, eta arazoren bat baldin badago, beti jo dute guregana. Oraingoan ez da hala izan», atsekabetu da.
Lehendakariak aitortu du bazuela enpresaren egoeraren berri. Arduradun nagusiengana jo zuela ere azpimarratu du, eta Alemaniako egoitzara eskutitz bat bidali zuela, baina ez zuela erantzunik jaso. Irujo kontseilariak iragarri du bilera bat eskatu dietela BSHren Nafarroako arduradunei. Halaber, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egingo duela kontatu du, «dagozkion azalpen guztiak» emateko. «Langileak izango dira gure lehentasuna, eta ahalik eta baliabide guztiak jarriko ditugu haiek ahalik eta ondoena egon daitezen», esan du.
BSH Euskal Herrian
BSHk Euskal Herrian duen azken lantegia da Ezkirozkoa. Villatuertako fabrika (Nafarroa) itxi egin zuen 2014ko azaroan. Orduko hartan, langile batzordeak eta enpresako zuzendaritzak adostu zuten han lan egiten zuten beharginak Ezkirotzera eramatea.
2015. urtera arte Uharten (Nafarroa) zuen egoitza BSHk, baina lekualdatu eta Euskal Herritik kanpora eraman zituzten bulegoak. Informatika ataleko bulegoei eusten diete gaur egun.
2018an, berriz, BSHk Gasteizko lantegia saldu zion B&B Trends Kataluniako enpresari. Lisatzeko makinak egiten dituzte Ehauri-Gobeu industrialdeko lantegian, eta gaur egun SDA Factory izena dauka.
etxetresnen industriaren gainbehera
BSHren itxiera posiblea Euskal Herrian etxetresnen industriak izandako gainbeheraren beste adibide bat da. Industria horren ikurra Arrasateko Fagor Etxetresnak zen; Mondragon taldearen iturburua zenak 2013ko udazkenean egin zuen porrot, aurreko urteetako galerei buelta ematerik ez zuelako. Ekoizpenari eusteko saio bat izan zen gero, Kataluniako CNAren eskutik, baina hark ere ez zuen funtzionatu, eta 2018an itxi zuen Basauriko (Bizkaia) lantegia, lehen Edesa zena. Gaur egun, Fagor markako etxetresnak badira merkatuan, Fagor kooperatiba taldeak marka erabiltzeko baimena saldu diolako Poloniako Amica ekoizleari. 2014an, berriz, Italiako Candy taldeak Bergarako (Gipuzkoa) garbigailu lantegia itxi zuen.