Bruselako abokatua, Applek Irlandan jasotako laguntza fiskalen aurka

Giovanni Pitrucella abokatuak eskatu du laguntza fiskal horiek baimentzen dituen sententzia baliogabetzeko

Appleren denda bateko artxiboko irudia, AEBetan. JOHN G. MABANGLO
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 9a
15:32
Entzun

Ez da kontu berria multinazional batzuek beren Europako egoitzak fiskalitate txikiko herrialdeetan jartzea. Applek Irlandari 13.000 milioi euro ordaintzea nahi zuen Europako Batzordeak, zerga txikiak estatu laguntza gisa ulertu baitzituen, baina EB Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak Appleri eman zion arrazoia. Bada, Giovanni Pitrucella EBko abokatu nagusia izan da orain epaitegien erabaki horren aurka egin duena, ebazpen hori bertan behera uzteko eskatu baitu.

Pitrucellak uste du berriz egin behar dela epaiketa hori, haren esanetan EBko Auzitegi Nagusiak «zuzenbideko hainbat akats» egin zituelako prozesuan. Jabetza intelektualen lizentzien salmenta da kontua. Batzordeak uste zuen Apple Sales International eta Apple Operations Europe filialek ez zutela zergarik ordaindu lizentzien salmentengatik lortutako etekinengatik, baina auzitegiak ebatzi zuen hori ez zela demostratu.

Hori dela eta, Pitrucellak dio epaiketa berriz egin behar dela, Europako Batzordeak frogatu nahi zuena demostratu gabe amaitu baitzen prozesua. Europako epaitegiak 2020an eman zuen sententziaren berri, eta batzordeak helegitea aurkeztu zion.

Michael McGrath Irlandako Finantza ministroak adierazi du Applek ez duela inolako estatu laguntzarik izan, eta multinazionalak «ordaindu behar zituen zerga guztiak» ordaindu dituela. Bestalde, gogorarazi du Pitrucellaren adierazpenek ez dutela zerikusirik inongo ebazpenekin, eta EBko Justizia Auzitegiak epaia emateko zain daudela; 2024an dira sententzia ematekoak. Edonola ere, abokatuaren iritziak indar handia izaten du auzibideetan.

Duela bederatzi urte hasi zuen Europako Batzordeak Appleren aurkako kasua. Haien ustez, 1991tik2014ra lehiakortasunaren arauen aurka zeuden zerga txikien onura izan zuen Applek, eta 2007 eta 2014 artean ordaindu ez zituen 13.000 milioi euro ordaintzea eskatzeko gomendatu zion Irlandari. Enpresak eta herrialdeak erabaki horren aurka egin zuten.

Fiskalitate txikiko estatuak

Europako Batasunean herrialde bakoitzak erabakitzen eta arautzen ditu bere zerga mota guztiak. Hori dela eta, leku batetik bestera aldatu egiten da jarduera ekonomikoengatik estatuari ordaindu beharreko zatia.

Badira estatu batzuk non nabarmen txikiagoak diren zerga horiek, eta Irlanda eta Herbehereak bi adibide dira. Familia batek ez du erraz herrialde horietara mugitzea zerga gutxiago ordaintzeko, baina bai multinazional batek. Hala, Irlanda AEBetako enpresa teknologiko askoren etxe bihurtu da Europan, zerga gutxiago ordaintzeko. Fiskalitate txikia duten herrialde horiek paradisu fiskal dira aditu askorentzat.

Horrek lehia sortu du hainbat herrialderen artean, batzuek zergak jaisteko mugimenduak egin baitituzte enpresa horiek erakartzeko, eta beste batzuek zerga txikiko herrialdeen aurka egiten dute, beren merkatuei kalte egiten dietela argudiatuz. Estatu kideek badituzte motiboak enpresa horiek erakarri nahi izateko, enplegua, zerga bilketa eta inbertsioa handitzen dituztelako.

Hori bai, zerga txikiegiak lehiaren kontrako «estatu laguntza» direla ebatzi izan du Bruselak. Eta hori gertatu zen Applekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.