Nekazariak eta abeltzainak dira EBren eta Mercosurren arteko merkataritza akordioaren aurkari nagusiak, eta haien defentsa da itunaren aurkakoek darabilten argudio nagusia. Laborarien protestek kexu bat dute oinarrian: baldintza gogorrak bete behar dituztela ekoizpenerako —ingurumena babesteko arauak eta abereen ongizateari buruzkoak nagusiki—, baina Hego Amerikako ekoizleek ez dutela halakorik bete behar.
Argudio horietaz gain, badago beste bat: hegoamerikarrak gai direla merkeago ekoizteko haien herrialdeetan kostuak txikiagoak direlako, eta, hortaz, haien produktu merkeagoek beteko dituztela EBko merkatuak, barne ekoizpenaren kaltetan.
Salaketa horiek atzera bota nahi izan ditu Europako Batzordeak, eta, oro har, adierazi merkataritza ituna ona dela EBko lehen sektorearentzat, «aukera berriak irekitzen» dituelako. Akordioaren testurik ez du argitaratu, baina zertzelada batzuk eman ditu batzordeak, bere webgunearen bitartez. Honako hauek dira batzuk:
Ardo eta gazta esportazioak
EBk soja eta haragia inportatzen ditu Mercosurreko herrialdeetatik, baina hara ere esportatzen du. Iaz 3.200 milioi izan zirela gogorarazi du EBk, eta horien artean nabarmendu ditu oliba olioa (485 milioi), ardoa (221 milioi), beste edariak (388 milioi) eta txokolatea (94 milioi). Produktu horien gaineko muga zergak —%10ekoa olioarentzat eta %35 artekoa edarientzat— ezabatuko ditu itunak, indarrean jarriz gero. Gazta ekoizleentzat ere aukera bat da: lehen 30.000 tonak muga zergarik gabe esportatu ahal izango dituzte, gaur egungo %28ko tarifarik gabe.
Jatorri izenak
Merkataritza itunak debekatu egiten die Mercosurreko ekoizleei EBn jatorri izendapena duten 350 produktu kopiatzea. «Horrek aukera emango die beren merkatua sendotzeko eta prezioa handitzeko».
Mugak haragi inportazioari
EBko lehen sektorearen beldur nagusia da itunak Mercosurreko haragiz beteko dituela Europako merkatuak, baina Bruselak argudiatu du halakorik ez dela izango. «Behikiaren, oilaskoaren eta azukrearen moduko produktu sentiberen» kuotak izango direla adierazi du, eta produktu bat inportatzeak EBko ekoizleei «kalte larria» eginez gero bi aldeek aukera izango dutela hori inportatzeari uzteko.
Bruselak espresuki aipatu du behikia. Haren arabera, 99.000 tona %7,5eko muga zerga txikiarekin sartu ahal izango dira EBn: horretatik %55 izango da okela freskoa, eta %45 izoztua. Gogorarazi duenez, kuota hori EBren ekoizpenaren %1,6 baizik ez da, eta gaur egungo behiki inportazioen erdia baizik ez. Bruselak nabarmendu du EB ez dela merkatu nagusia Mercosurren behiki ekoizleentzat: 13,8 milioi tona ekoizten ditu, eta EBra gaur egun doana %1,4 baizik ez da, haren arabera.
Oilaskoari dagokionez, 180.000 tonako kuotak soilik ez ditu muga zergak pagatuko, eta bost urte beharko dira kopuru horretara iristeko. EBko kontsumoaren %1,4 da hori, eta gaur egungo inportazioen azpitik dago (240.000 tona izan ziren 2022an). Bruselaren arabera, kuota horrek beteko du oilasko kontsumoaren igoera.
Arroza eta eztia
Europako Batzordeak gogorarazi du batasuneko herrialdeen arroz ekoizpenak kontsumoaren %60 baizik ez duela betetzen, eta arroza inportatu behar duela. Gaur egun 100.000 tona iristen dira urtero Mercosurretik, eta, itunaren arabera, 60.000 tonak ez dute aurrerantzean muga zergarik pagatuko; EBren barne kontsumoaren %2.
EBren ezti kontsumoa haren ekoizpenaren gainetik dago, eta itunak aurreikusten du Mercosurretik egindako inportazioak handitu egingo direla: gaur egun 30.000 tona inportatzen ditu handik, baina Mercosurreko herrialdeen tarifarik gabeko kuota 45.000 tonakoa izango da.
Etanola
Mercosurreko etanol ekoizleei atea irekiko die itunak. Lehen epean 450.000 tona esportatu ahal izango dituzte muga zergarik gabe, industria kimikoan erabiltzeko. Bost urteko epe batean, gutxika, beste 200.000 tona tarifarik gabe iritsiko dira, erregai gisa erabiltzeko. Urtero sei milioi tona etanol kontsumitzen ditu EBk, eta horietatik lau milioi dira erregaia.
Deforestazioa
Urtebete barru, 2025eko abenduan, jarriko da indarrean basogabetutako barrutietan ekoizten edo hazten diren produktuen inportazioa debekatzen duen EBren araua. Mercosurreko herrialdeetako ekoizpenei ere eragingo die debekuak.
Kontrolak
Europako Batzordeak ukatu egin du laborarien eta abeltzainen argudio nagusia: Mercosurreko ekoizpenek ez dituztela bete beharko EBk elikaduraren segurtasunari eta abereen ongizateari lotutako arauak. «EBn kontsumitzen diren produktu guztiek, barruan ekoitzitakoek zein kanpotik inportatutakoek, bete behar dituzte EBren arauak. Merkataritza itunak ez ditu arau horiek aldatu». Nekazaritza produktuetan, erabil daitezkeen pestizidei gehiegizko mugak jartzeko eskubidea izango du EBk.
Hortaz, arau horiek betetzen direla egiaztatzea da auziaren mamia, eta horretan arituko dela agindu du Bruselak. Merkataritza itunak eskumena ematen dio Mercosurreko herrialdeetako kontrol sistemak auditatzeko eta onartzeko. Agiriak kontrolatu ahal izango ditu, eta azterketa fisikoak egin ahal izango ditu, hau da, kontrolatu ahal izango du produktuek ez dituztela mikroorganismo kaltegarriak edo legez kanpoko kutsadurak, eta EBn sartzen diren animalien garraio baldintzak egiaztatu. Gainera, EBra iritsitako haragiak «EBkoen baldintza beretan akabatutako abereena» izan beharko du.