Enpresa teknologikoak

Bruselak Google salatu du publizitate salerosketarako tresnengatik

Batzordeak negozio horren zati bat uztera behartu dezake erraldoi teknologikoa

Margrethe Vestager Lehia komisarioa, asteazken honetan eginiko agerraldian. OIVIER HOSLET (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko ekainaren 14a
15:09
Entzun

Europako Batzordeak uste du Google Europako lehia araudia urratzen ari dela Interneteko publizitatearen salerosketan. Hori dio asteazken honetan argitaratu duen aurretiazko ikerketa batek.

Batzordearen arabera, konpainia teknologikoak Interneten duen nagusitasun posizioa erabiltzen du bere publizitate sistemak nagusitzeko, beste iragarle batzuen kaltetan. Tresna edo adtech honen bidez — Google Ads, DV 360, DoubleClick for Publishers, DFP eta AdX—, Googlek publizitate espazioak saltzen ditu bere webgune eta aplikazioetan, eta bitartekari gisa funtzionatzen du online iragarri nahi duten pertsonen eta enpresen artean.

«Uste dugu Googlek merkatuan duen posizioa baliatu nahi izan duela bere mesederako. Horrela izan dela frogatzen badugu, praktika horiek legez kanpokoak direla ebatziko dugu», esan du Margrethe Vestager Lehia komisarioak.

Vestagerrek ez ditu Batzordearen hurrengo urratsak aurreratu nahi izan, baina ohartarazi du Google negozio horren zati bat uztera behartu dezakeela. «Googlek bere zerbitzuen zati bat nahitaez uzteak bakarrik konponduko lituzke, kasu honetan, lehia arazoak», dio ikerketak. «Nahiko arraroa da desinbertsio bat eskatzea, baina egin dezakegu», ohartarazi du Vestagerrek.

Azkenean hala gertatuko balitz, lehenengo aldia izango litzateke Europako Batzordeak erraldoi teknologiko bati bere negozioaren zati bat desegiteko agintzen diona. Eta Bruselak Googleren aurka egiten duen laugarren aldia izango litzateke. Aurretik, nagusitasun posizioa leporatu dio Android sistemagatik, Google Shopping prezioak alderatzeko zerbitzuagatik eta Adsense for Search plataformagatik. 8.000 milioi euro jaso ditu isunetan.

AEBetako Justizia Departamentuak ere Google auzitara eramango duela iragarri du. Multinazionalak, berriz, bere burua defendatu du. «Webguneei eta aplikazioei edukiak finantzatzen laguntzen diegu gure tresnekin, eta tamaina guztietako enpresei aukera ematen diegu bezero berrietara eraginkortasunez iristeko», azpimarratu du. Adierazi du Batzordearen ikerketa Google publizitate negozioaren alderdi mugatu batean zentratzen dela, eta ez dela berria. «Ez gaude ados Batzordearen iritziarekin, eta erantzungo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.