EBk keinua egin dio Trumpi, eta berak ere atzeratu ditu bere zigorrak

Von der Leyenek espero du 90 eguneko tregoak balio izatea negoziazioei bide emateko. Europako burtsek ontzat hartu dute merkataritza gerra pixka bat baretu izana.

Altzairu bobinak Duisburg hiriko Thyssenkrupp altzairutegian. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Altzairu bobinak Duisburg hiriko Thyssenkrupp altzairutegian. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2025eko apirilaren 10a
09:50
Entzun 00:00:0000:00:00

AEBetako presidente Donald Trumpek egindako keinuari antzeko keinu batekin erantzun dio Europako Batzordeak. Ursula von der Leyen erakunde horretako presidenteak iragarri du gaur 90 egunez atzeratuko dituela AEBetako hainbat produkturen inportazioari datorren astetik aurrera jarri nahi zizkion muga zergak. Merkatuek ere ongi hartu dute Donald Trumpen keinua: AEBetako burtsei jarraituz, Asiako eta Europako burtsek ere igoera handiak izan zituzten eta aurreko egunotan galdutakoaren zati bat berreskuratu zuten.

EBk zuhurtzia handiz jokatu du Trumpek merkataritza gerra hasi zuenetik, eta estrategia hori ongi doakiola nabarmendu du orain. Bruselak ez du, Txinaren moduan, berehala eta gogor erantzutea erabaki, eta hasieratik adierazi du negoziazioa hobesten duela desadostasunak konpontzeko. Hori bai, AEBetako enpresak zigortzeko prest zegoela erakutsi nahi izan du. 

Edonola ere, Trumpek iragarritakoen aldean, oso neurritsuak izan ziren asteazkenean Bruselan onartutako zigor neurriak: AEBek EBtik hara joandako produktu guztien muga zergak handitu ditu —%25 autoei, aluminioari eta altzairuari, eta %10 beste produktuei—, baina EBk soilik iaz 21.000 milioi euroren balioa izan zuten inportazioei. Hori bai, zigortutako produktuen aukeraketa oso politikoa egin du: AEBetako estatu errepublikanoetan ekoitzitakoak hobetsi ditu, Trumpen hautesle oinarriari kalte egiteko, eta ez demokratei.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du berri «pozgarria» zela AEBetako presidenteak muga zerga handienen ezarpena 90 egunez atzeratu eta negoziaziorako atea ireki izana. Uste du «munduko ekonomia egonkortzeko urrats garrantzitsua» dela.

X sare sozialean argitaratutako mezu batean, Von der Leyenek adierazi du Europako Batzordeak AEBekin «negoziazio konstruktiboak» izateko konpromisoari eusten diola, «tirabirarik gabeko eta elkarrentzat onuragarria den merkataritza bat lortzeko». Nabarmendu du nazioarteko harremanetan funtsezkoak direla «baldintza argi eta aurreikusgarriak».

Batzordeko presidentearen irudiko, EBren eta AEBen artean ez luke muga zergarik egon behar. Eta gogoratu du astelehenean Bruselako negoziazio taldeak Trumpen gobernuari proposatu ziola %0ko tarifa jartzea industria ondasunetan. AEBeko agintariak, baina, baztertu egin zuen aukera hori.

Aldi berean, Von der Leyenek argi utzi du Europako enpresei AEBen merkatua ixten bazaie badaudela beste aukera batzuk. Horrez gainera, esan zuen EBk bere merkataritza aliantzak dibertsifikatzen jarraituko duela, «munduko merkataritzaren %87 ordezkatzen duten gainerako herrialdeekin lankidetzan», eta «ondasunen, zerbitzuen eta ideien truke libre eta ireki baten» alde.

Merkatuen lasaitua

Trumpek abiatutako gerra komertziala ez dago inondik ere amaitzear, baina burtsek arnasa hartu dute, azken egunetan bihotzekoak emateko zorian egon ondoren. Finantza merkatuen estualdi hori izan da, hain zuzen ere, AEBetako presidenteak bere borroka partikularrean menia partzial bat agindu izanaren arrazoi nagusia.

BURTSA
Eurostoxx burtsaren egoitza nagusia, Paris inguruko La Defense finantza auzoan. YOAN VALAT / EFE

Atzo, AEBetako S&P 500 indizeak %9,52ko igoerarekin itxi zuen: 2008tik izan duen hazkunderik handiena eta Bigarren Mundu Gerratik hirugarren onena. Nasdaqek %12,16ko igoera izan zuen, 2001etik izan duen erregistrorik onena eta historiako bigarrena.

Aldeko haize horrek Pazifikoa igaro zuen lehenik —Nikkei %9,1 igo zen—, eta Atlantikoa gero. Euforiarekin hasieran —Madrilgo Ibexek %8,6 egin zuen gora irekitakoan, inoizko onena—, baina indar gutxiagorekin egunak aurrera egin ahala: Ibexek berak eta Eurostoxxek %5,1 egin zuten gora, eta %4,7 Frankfurteko Daxek. Europako burtsetan eragina izan zuen AEBetakoen jardun motelagoa, arratsaldean %3 eta %4 artean ari baitziren jaisten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.