Bruselak errieta egin die Italiari eta Frantziari, defizita ez kontrolatzeagatik

Gehiegizko defizitaren prozedura ireki die Europako Batzordeak, %3ko mugatik oso gora daudelako. Espainia prozeduratik kanpo geratu da, bere zuloa txikitzen ari delako.

Europako Batzordearen agerraldia, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSSLET / EFE
Europako Batzordearen agerraldia, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSSLET / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 19a
12:30
Entzun

Pandemiak eta Ukrainako gerrak ekarritako etenaren ondoren, kontu publikoak orekatzeko betebeharra itzuli da Europako Batasunera. Indarrez itzuli ere, Europako Batzordeak zazpi estatu kideri ireki nahi dielako gehiegizko defizitaren prozedura, eta horien artean daudelako biztanle askoko hiru herrialde: Frantzia, Italia eta Polonia.

Belgika, Hungaria, Eslovakia eta Maltaren aurkako zigor prozedurak ere abiatu ditu Bruselak. Prozedura horretan sarri izan den beste bat, Espainia, libratu egin da, iaz uste baino defizit txikiagoa izan zuelako (%3,6) eta aurten %3ko mugatik behera geratuko dela uste duelako Batzordeak.

Esanahi politiko handia dauka Italia eta Frantzia zerrenda beltzean sartzeak.

Frantziari dagokionez, iaz barne produktu gordinaren %5,5eko defizita izan zuen, espero zuenaren oso gainetik, eta aurten hori txikitu ahal izateko neurri gehigarriak hartuko zituela agindu zuen Bruno Le Maire Finantza ministroak. Hau da, gastu publikoa 10.000 milioi eurotik gora murriztuko zuela, aurten defizita %4,4ra jaisteko eta 2027rako %3an uzteko.

Baina kontua da Le Maireren aulkia kolokan dagoela, Frantziako Asanblearako hauteskundeen ondorioz. Boz horietako bi faborito nagusiak RN Batasun Nazionala eta NFP Fronte Popular Berria dira, eta batak zein besteak, lortuko balute gobernua osatzea, gastu publikoa asko handitzeko neurriak dituzte beren gobernu programetan. Horien artean dago pentsioen azken erreforma bertan behera uztea —erretreta hartzeko adina 62 urtetik 64ra atzeratu zuen—.

Eskuin muturrari dagokionez, ez du azaldu nola finantzatu nahi dituen gastuak, eta horrek dagoeneko sortu du kezka finantza merkatuetan. Azken astean behera egin du Parisko burtsak, eta gora egin du nabarmen Frantziaren arrisku sariak, inbertitzaileek saldu egin dituztelako Frantziako konpainien akzioak eta Frantziako altxorraren bonuak.

Italia, larriago

Italiaren arrisku saria are handiagoa da Frantziarena baino (151 batek, eta 75 besteak), eta azken egunotan ere goranzko bidea hartu du, Frantziari buruzko kezka ere Alpeen beste aldera igaro delako.

Izan ere, Italiaren defizita are sakonagoa da (%7,4), zor publiko handiagoa du Frantziak baino (%137.3 eta %110,6), eta dagoeneko badauka eskuin muturreko gobernuburu bat, Giorgia Meloni.

Egia da Meloni orain arte zintzo portatu dela EBren establishmenta-rekin —Ukrainaren alde egin du, eta eurogunetik ateratzeko mezua baztertu du—, baina azken egunotan oso haserre azaldu da EBko erakundeetako goi postuen banaketa dela-eta, eta ez da baztertu behar erretorika sutsura itzultzea Bruselak estu hartzen badu.  

Lehen erreakzioa, ordea, oso bestelakoa izan da. «Gobernura iritsi ginenean arduraz jokatu dute finantza publikoen jasangarritasunarekin, eta hala ikusi dute merkatuek eta EBko erakundeek. Horrela jarraituko dugu», adierazi du Giancarlo Giorgetti Ekonomia ministroak.

Erabakiak eta isunak

Europako Batzordeak zazpi estatu kideri defizit prozedura zabaldu ondoren, beranduenik irailerako aurkeztu beharko dute plan bat kontu horiek onbideratzeko. Horretan agertu beharko dute zer neurri hartuko dituzten gastua gutxitzeko edo diru-sarrerak handitzeko. Plan horiek EBko gobernuen galbahea igaro beharko dute.

Uste denez, urtero BPGaren %0,5 adinako defizit murrizketa bat eskatuko die Bruselari. Italiari, 10.000 milioi eskatuko lizkioke urtean, eta 70.000 milioi zazpi urtean. Frantziari, berriz, 14.000 milioi urtean. 

Neurriak ez hartzeak isunak ekar ditzake Egonkortasun Itun berriarekin ere, baina zaharrarekin inor ez zen ausartu halakorik ezartzera, besteak beste, arau hausleen artean zeudelako EBko potentzia nagusiak, Alemania eta Frantzia bera.

Oraingoan Errumaniak du arriskurik handien halako isun bat jasotzeko. Hark bakarrik zuen irekia gehiegizko defizitaren prozedura, eta Europako Batzordeak uste du ez duela nahiko ahaleginik egin bere kontuak orekatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.