Bruselak dio Trump «arriskutsua» dela Europako ekonomiarentzat

Europako Batzordeak hazkundea iragarri du datorren urterako, baina ohartarazi du AEBetan hartzen diren erabakiek baldintzatuko dutela. Inflazioa espero baino mantsoago jaisten ari da, eta inbertsioek geldirik jarraitzen dute.

Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, ostiral honetan Bruselan egindako agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, ostiral honetan Bruselan egindako agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
jokin sagarzazu
2024ko azaroaren 15a
13:30
Entzun

Datorren urtea eurogunearentzat hobea izango dela iragarri du Europako Batzordeak, baina iragarpen horrek baina handi bat dauka, Donald Trump izenekoa. «Ezin gara baikorrak izan. Ziurgabetasuna oso handia da», esan du haren garaipenaz eta horrek izan ditzakeen ondorioei buruz Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak.

Batzordeak datorren urterako aurreikuspen ekonomikoak berrikusi ditu, eta ez hobera. Arrisku faktore batzuk aipatu ditu: Ukrainako gerra, Ekialde Hurbileko egoera, oraindik «erabat kontrolatu gabe» dagoen inflazioa. Baina denen artean bat nabarmendu du Gentilonik: AEBetako gobernuak Trumpen agintaldian har ditzakeen erabakiak, eta, bereziki, Europako Batasuneko produktuei ere muga zergak ezartzeko iragarritako asmoa, AEBak baitira EBko produktu eta zerbitzuen merkatu nagusia. Erabaki horrek erabat baldintza dezake eurogunearen ekonomia. «EBrako hazkunde aurreikuspena apala zen 2025erako. Orain, beherantz biratzeko arriskua dago», ohartarazi du.

«EBrako hazkunde aurreikuspena apala zen 2025erako. Orain, beherantz biratzeko arriskua dago»

PAOLO GENTILONIEuropako Batzordeko Ekonomia komisarioa

Gentilonik ez du ezkutatu Europako Batzordearen barruan Trumpen garaipenak ezinegon handia sortu duela. Kargua utzi aurreko bere azken-aurreko agerraldia izan du gaurkoa, eta lantalde berriari pasatu dio pilota. «Gure ondorengoek erronka handia izango dute». Etxe Zuriko maizter berriarekin elkarlana ezinbestekoa izango dela adierazi du, baina zalantzak agertu ditu. «Egia da gure artean aldeak oso handiak direla».

Gentiloniren iritzian, Trump ere bultzatzen ari den «olatu protekzionista» kaltegarria da AEBentzat, Europarentzat eta, oro har, mundu osoko ekonomiarentzat. «EB eta AEBak merkataritza fluxu nagusietako bat osatzen dute. Munduko bi gune aliatu konektatzen ditu. Ez da gutxietsi behar nazioarteko egonkortzean duen garrantzia eta eginkizuna».

Hazkundea bai, baina apala

Ekonomia komisarioak ohartarazpen horiek egin ditu datorren urteko aurreikuspenak emateko agerraldi batean. Nabarmendu duenez, geldialdi luze baten ondoren, EBko ekonomia berriro hazten ari da, baina modu «apalean».

Gogoratu du euroguneko herrialde batzuetan inflazioa oso handia dela oraindik, eta, oro har, urteko hirugarren hiruhilekoan espero baino gehiago handitu dela. Gaineratu du hurrengo urteko bigarren erdira arte ez dela %2,2tik jaitsiko, eta 2026ra arte itxaron beharko dela Europako Banku Zentralak helburu gisa jarri duen %2tik behera kokatzeko, %1,9an hain zuzen.

Ohartarazi du horrek interes tasak jaisteko EBZk hasitako bidea moteldu dezakeela. Horren harira, Gentiloni kezkatuta agertu da inbertsio pribatua geratuta dagoelako, «pandemia aurreko mailatik behera». Hurrengo urterako hazkunde txiki bat espero du, maileguen baldintza hobeengatik.

Inflazioaren faktore nagusietako bat izan den energien prezioei dagokienez, berriz, komisarioak esan du udaberrian espero zuten baino gehiago handitu direla, baina, aurrera begira, beheranzkoa dela joera, «nazioarteko gatazkek prezioetan fluktuazioak eragin arren».

Alemania, atzeralditik irteten

Gentilonik azpimarratu duenez, Europako ekonomia oro har, eta «arriskuak arrisku», norabidea onean doa. Batzordeak mantendu egin du udaberrian egin zuen hazkunde aurreikuspena: euroguneko barne produktu gordina (BPG) %0,8 handitzea espero du. Datorren urtekoa, berriz, hamarren bat apaldu du, %1,3raino. Eta 2026ko hazkunde tasa %1,6an kokatu du. Gentilonik gogorarazi du Trumpek iragarri dituen neurriak, «iristen badira», datorren urteko otsailetik aurrera jarriko direla indarrean, eta denbora bat beharko dela neurri horien eragina nabaritzeko.

Herrialdeka, bereziki Alemaniaren egoerari erreparatu dio. Estatu horrek ditu euroguneko emaitza txarrenak. Aurten ere atzeraldian amaituko du urtea, (-%0,1), iaz bezala (-%0,3). Datorren urtera begira, baina, hazkundea espero du Batzordeak, %0,7koa, udaberrian esandakoa baino hiru hamarren gutxiago. Alemaniako hazkundea % 1,3ra arte bizkortuko da 2026an, baina euroguneko batezbestekoaren (%1,6) azpitik egoten jarraituko du.

Dena den, Alemania hazkundera itzultzea albiste positibo bat dela azpimarratu du Gentilonik. Eta hala da inguruko herrialde askorentzat, baita euskal ekonomiarentzat ere, bertako enpresa askoren bezero nagusiak han baitaude.

Euroguneko ekonomia nagusien artean, berriz, Espainiak izango du hazkunderik handiena (%3), Frantziaren (%1,1) eta Italiaren (%0,7) aurretik. Espainiako ekonomiaren «sendotasuna» eta Frantziakoaren «erresilientzia» nabarmendu ditu Gentilonik. Espainiaren kasuan, aurtengo hazkundea bederatzi hamarren handitu du Batzordeak, eta datorren urtekoa, lau hamarren, %2,3raino. Frantziak %0,8ko hazkundea izango da hurrengo urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.