Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga zergen ostean, gaur saihetsezina zen Stephane Sejourne Europako Batzordeko Industria Estrategiarako komisarioarentzat berehalako neurriren bat aurkeztea altzairu inportazioen inguruan.
Bruselak AEBetako ondasun jakin batzuei muga zergak ezarriz erantzun dio Trumpi. Baina EBk bere burua babesteko neurriak ere hartu behar ditu.
Izan ere, AEBetako presidentearen erabakiak beste ondorio bat dakar: Estatu Batuek iaz inportatutako 23 milioi altzairu tona metrikoen parte oso handi bat aurten beste merkaturen baten bila hasi dela, eta Europak jada gehiegizko altzairu ekoizpena duela.
Egoera horretan, Europak berak ere are gehiago mugatuko ditu Asiatik, Indiatik eta beste toki batzuetatik datozkion altzairu eta aluminio inportazioak; zehatzago, apirilaren 1etik aurrera indartu egingo ditu altzairu inportazioekin jada ezarriak dauzkan babes neurriak. Helburua altzairu inportazioak %15 murriztea izango da.
«Gure altzairutegiak atzerriko lehia desleialetik babestu behar ditugu, datorren tokitik datorrela», ohartarazi du Sejournek gaur Bruselan emandako prentsaurrekoan. Komisarioak defenditu du Europak «jokalari bat» izan behar duela beste herrialdeetako enpresentzat eta ekoizleentzat, «eta ez soilik jokalekua».
Aluminioarekin antzeko neurriak hartzea aztertuko du Europako Batasunak, orain arte ez baitzegoen halako babes neurririk aluminioarentzat
Gaur egun Europak altzairu inportazioekin indarrean dituen babes neurriak Trumpek bere lehen agintaldian ezarritako muga zergen ondorioz ezarri zituen Bruselak, eta printzipioz 2026ko ekainean iraungitzen dira. Sejournek esan du babes neurri horiek —kuota jakin batzuetatik gorako altzairu inportazioen %25eko muga zergak— luzatu egingo direla hurrengo urteetara ere.
Bruselak aurtengo hirugarren hiruhilekoan aurkeztuko du babes neurriak luzatzeko egin beharreko erreformarako proposamena. Horrez gain, aluminioarekin antzeko neurriak hartzea aztertuko du Europako Batasunak, orain arte ez baitzegoen halako babes neurririk aluminioarentzat.
Energiaren prezioak
Lehiari dagokionez, bada beste zama handi bat Europako altzairugintzarentzat: energia kostu handiak. Eta, horri buruz, Sejournek gaur altzairuarentzako eta metalentzako akzio planaren ildo nagusiak aurkeztu ditu.
Komisarioak gogoratu du energia prezioak Europan bost aldiz garestiagoak direla AEBetan baino, eta altzairuaren eta aluminioaren kostuen parte oso handia hartzen dutela. Altzairua ekoizteko kostuaren %17 hartzen du energiak, eta aluminioa ekoizteko kostuaren %40.
Altzairu industriari energia hori merkatzeko, Bruselak herrialdeei esan die estatu laguntzen «malgutasuna» erabil dezaketela, eta horrekin, adibidez, zergak murriztu energian intentsiboak diren industriei, edo argindar sarearen erabileraren gaineko tasak txikitu.
Era berean, planean aurreikusita dago argindar sareetara iristea erraztea sektore horiei, eta hidrogeno berriztagarriaren erabilera sustatzea.
Karbono isuriengatik ordaindu behar duten altzairutegiak babesteko, Europako Batasuna ezartzen ari den karbono muga-zergen sisteman altzairuz eta aluminioz egindako produktu jakinak gehitzea ere proposatu du Bruselak, isurketak egiteko askatasun handiagoa eskaintzen duten herrialdeen lehiari aurre egiteko.