Bruselak 5.000 milioi jarriko ditu 'brexit'-era egokitzeko

Erresuma Batuarekin merkataritza harremana duten sektoreek jasoko dituzte laguntzak, eta administrazioek ere bai, aduanetako lanetarako

Kamioiak Erresuma Batuko mugan geldirik, aste honetan. ANDY RAIN / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Bruselak egina du kalkulua: 5.000 milioi euro. Datozen bi urte eta erdian kopuru horretarainoko galerak eta gainkostuak izango dituzte Europako Batasuneko enpresek brexit-a dela eta. Europako Batasunaren 2021-2027 eperako aurrekontuetan aurreikusita dago diru hori, funts berezi batean, eta berehala aktibatzearen alde azaldu zen atzo Batzordea, estatu kideetako enbaxadoreek herenegungo bileran eginiko eskaerari bide emanez; orain, Kontseiluak eta parlamentuak babestu beharko dute proposamena.

Erresuma Batuan interes ekonomikoak dituzten enpresek jasoko dituzte laguntzak, estatu kideen bitartez. Administrazioek ere erabiliko dituzte, muga eta aduanetako kontrolak egokitzeko. Laguntzak bi txandatan banatuko ditu Bruselak: zatirik handiena 2021ean aurrefinantzatuko du, eta estatu bakoitzak zenbat jasoko duen kalkulatuko da haien ekonomian hausturak izango duen eraginaren arabera. Horretarako, Batzordeari txosten zehatzak igorri beharko dizkiote.

Datozen 30 hilabeteetan erabiltzeko izango da funtsa, baina Bruselak atea zabalik utzi du 2024ra arte luzatzeko, «gastu errealak orain uste baino handiagoak badira». Johannes Hahn Aurrekontu eta Administrazio komisarioak atzo aurreikusi zuenez, funts horrek eman ahal izango duena baino doikuntza handiagoak beharko dira epe luzera.

Eragina euskal enpresetan

Brexit-aren akordioak bi aldeen arteko merkataritza librea babesten du: ez du zerga mugarik ezartzen, ezta esportatu daitezkeen produktuen gaineko kuotarik ere: nahi beste salerosi ahal izango dute Europako enpresek Erresuma Batuan, eta alderantziz. Dena den, aduana mugak igaro beharko dituzte alde bateko zein besteko estandarrak betetzen direla erakusteko, eta horrek lege gatazkak eragin ditzake, garraiorako traba bat izateaz gain. Langileen joan-etorriak ere mugatuta egongo dira, besteak beste.

Elisa Ferreira Kohesio eta Erreformen komisarioak atzo ohartarazi zuenez, urtarrilaren 1etik aurrerako joko zelai berriak «eragin ekonomiko eta sozial handia» izango du Erresuma Batuko ekonomiarekin lotura estua duten enpresetan eta herrialdeetan.

Aurreko astean Eustatek zabaldutako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen laugarren herrialdea da Erresuma Batua. Aurten hiru lurralde horietan ekoiztutakoen %6 han saldu da. Brexit-ak mugikortasunaren industriari eragingo dio bereziki: Erresuma Batura esportatutakoaren %44k sektore horrekin dauka lotura.

Euroeszeptikoen zalantzak

Ostegunetik, akordioa amaitu zutenetik, Europako Batasuneko estatu kideak hura aztertzen ari dira buru-belarri. Bi aldeen asmoa da urtarrilaren 1etik aurrera behin-behinean indarrean sartzea, eta pixkanaka aplikatuko da. Trantsizio epe bat ezarriko da, urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra bitarte, onarpen formalaren prozesua amaitzeko; besteak beste, Europako Parlamentuak testua berresteko. Hori urtarrilaren hirugarren astean izango da. Erresuma Batuko Komunen Ganberak datorren asteazkenean bozkatuko du akordioa.

Bi aldeetan ziurra da aurrera egingo duela. Erresuma Batuan, Boris Johnson lehen ministroak gehiengoa du, eta, gainera, laboristek ere aurreratu dute babestu egingo dutela. Zalantza bakarra haren alde azaldu izan diren euroeszeptikoenen jarrera da. Atzo, haiei mintzatu zitzaien, testua «zorrotz» aztertuko zutela ohartarazi ostean. Itunak haiekin adostutako konpromiso guztiak betetzen dituela azpimarratu zuen Johnsonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.