Bruselak 2022 erdialdera aurreratu du ekonomia krisi aurrekora itzultzea

Indarrean dauden neurrien ondorioz, lau hamarren txikitu du 2021erako eurogunean espero duen errebotea: %3,8ra. Herrialde turistikoak izango dira azkenak 2019ko maila berreskuratzen

Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Errealismoa eta baikortasuna dosi banatan zabaldu ditu Europako Batzordeak. Batetik, eta espero bezala, aurtengo errebote ekonomikoaren neurria txikitu du, udazkeneko eta neguko agerraldiek berriro gerarazi dutelako jarduera ekonomikoa kontinenteko herrialde guztietan. COVID-19ari aurre egiteko neurri murriztaileen ondorioz, gutxitu egin du 2021eko hazkunde ekonomiaren aurreikuspena: azaroan iragarri zuen aurten %4,2 handituko zela euroguneko barne produktu gordina, eta orain dio %3,8 baizik ez dela izango. Europako Batasun osoko aurreikuspena ere murriztu du, %4,1etik %3,7ra, Iaz %6,8 urritu zen euroguneko BPG barne produktu gordina, kopururik handiena batasuna denetik.

Baina, urte hasiera pattala onartzearekin batera, mezu baikorra ere zabaldu du Paolo Gentiloni Ekonomia komisario- ak:«Europarrak garai gogorrean bizitzen ari gara. Pandemiak estutzen gaitu; antzeman egiten ditugu haren ondorio sozialak eta ekonomikoak. Baina, azkenean, bada argia tunelaren beste aldean. Hurrengo hilabeteetan txertoa hartu dutenen kopurua handitu ahala, kontrol neurriak arintzeak errebotea sendotu beharko luke udaberrian eta udazkenean».

Horren ondorioz, Europako Batzordeak uste du aurten berreskuratuko ez den jarduera ekonomikoa 2022an berreskuratuko dela. Horrela, azaroan baino hazkunde handiagoa espero du orain: %3 esan zuen azaroan eurogunean eta EB osoan, eta orain dio eurogunea %3,8 haziko dela eta %3,9 EB osoa.

Gentilonik ziurtatu du EBko ekonomia 2022ko bigarren hiruhilekoan itzuliko dela krisiaren aurreko mailara, 2019ko laugarren hiruhilekora. Hobekuntza bat badago hor, azken iragarpenetan esan zuelako 2023 arte ez zela halakorik gertatuko. Edonola ere, komisarioak ohartarazi du lau herrialdetik bat ez dela maila horretara iritsiko epe horretarako. Izan ere, atzeraldiak gehiago eragin die turismoarekiko menpekotasunik handiena duten lurraldeei, eta horiek izango dira motelenak zulotik ateratzen, aurtengo udan ere hainbat murrizketa indarrean egotea espero baita.

Espainiaren adibidea

Joera hori ikusteko adibide ona da Espainia. Iaz, danbatekorik handiena izan zuen, %11 txikitu baitzen haren BPGa; eta, aurten, berak izango du hazkunderik handiena (%5,6), betiere Europako Batzordearen aurreikuspenak betetzen badira. 2022an beste %5,3 haztekoa denez, urte horren amaieran edo 2023an hasieran helduko litzateke 2019ko mailara. Datu horien barruan Hego Euskal Herrikoak sartuta dauden arren, pentsatzekoa da hemen lehenago berreskuratuko dela jarduera ekonomikoa, industriaren pisu handiagoak eragin baitu uzkurtzea txikiagoa izatea: %9,5 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %8,3 Nafarroan.

Turismoak pisu handia du aurten erreboterik handiena izango duten beste bi estatu kideetan ere: Frantzia %5,5 da haztekoa (iaz, -%8,3), eta Kroazia, berriz, %5,3 (iaz, -%8,9).

Funtsak kontuan hartu gabe

Aurreikuspen horiek egitean Europako Batzordeak ontzat jo du txertoen inguruan bere buruari jarritao helburua, hau da, helduen %70 txertatuta iozango direla udarako, eta, hortaz, nolabaiteko taldekako immunitatea izango dela eta konfinamendu, itxiera eta kontrol neurri gehienak bertan behera utziko direla. Hori egiterik ez balego, eta murrizteketek jarraituz gero, hazkundea nabarmen txikiagoa izango dela onartu du.

Kontrakoa ere gerta daiteke, eta hazkundea handiagoa izatea, «krisi ondorengo baikortasun leherketa bat egongo balitz». Hori gertatu zen, neurri batean, 2020ko udan, uste baino suspertze biziagoa izan zuelako euroguneko ekonomiak. Horretarako baldintzak badaudela ziurtatu du Gentilonik, hala nola, aurrezki maila historikoa, mailegu merkeak eta gastua handitzeko politika ekonomiko bat,

Halaber, batzordeak ez du kontuan hartu zer eragin izango du EBren suspertze funtsak, Hurrengo Belaunaldia planak, nahiz eta asmoa den dirua 2021. bigarren erdialdetik aurrera banatzea, Edonola ere, kalkulatu du 2021-2022ko aldian BPGaren bi puntu gehi ditzaketela diru horiek.

Brexit-ak ere izango du eragina: 2022 amaierarako BPGaren %0,5 kenduko omen dio Europako Batasunari eta %2,2, berriz, Erresuma Batuari,

Gentilonik eskatu die EBko kideei ez dezatela diru publikoaren iturria itxi, ekonomiak artean laguntza behar duelako. Gaur egun etenda dago aurrekontu publikoak orekatzea eskatzen duen EBren agindua. Komisarioakazaldu duenez, hemendik aste batzuetara jakinaraziko du batzordeak aurrekontuen kontrolerako araua 2022an bertan berriz ezarriko ote duen,
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.