Europako Parlamentua eta Kontseilua ados jarri dira saltzaileen marketin berdea arautzeko, kontsumitzaileak enpresen arteko «praktika desleialetatik babesteko». Merkataritza Jardunbide Desleialen Araudia eta Kontsumitzaileen Eskubideei Buruzko Araudia aldatu dituzte direktiba berriarekin, «trantsizio ekologikora eta ekonomia zirkularrera moldatzeko». Azken finean, etiketa berdeak faltsuki erabiltzea eragotzi nahi izan du Europako Batzordeak 2022ko martxoan proposatu zuen araudiarekin.
Europako Batzordeak ikusi zuen kontsumitzaileei gero eta gehiago inporta zaiela zer-nolako ingurumen inpaktua duen kontsumitzen dituzten produktuek. Hala diote inkestek eta ikerketek. Enpresak eta markak aspaldidanik jabetu dira; horregatik handitu dira azken urteetan erakargarri berdeak dituzten produktuak, nahiz eta engainagarriak izan.
Hain zuzen ere, Europako Batzordeak 2020an egindako ikerketa baten arabera, ondorioztatu zuten EBn aztertu zituzten ingurumen etiketen %53,3 oinarri gabekoak edo engainagarriak zirela.
«Gero eta kontzientziazio handiagoa sumatzen dugu euskal herritarrengan. Interes horrek produktuen ezaugarri ekologikoak puztera edo desitxuratzera eraman ditu enpresa batzuk».
MARKEL ETXEBARRIAEKAko komunikazio arduraduna
Otsailaren 20an onartu zuen behin betiko araudia Europar Kontseiluak, eta herrialdeek hemezortzi hilabete izango dituzte orain hura beren legedian integratzeko. Bi helburu nagusi ditu: lehenik eta behin, zuriketa berdea eragoztea; «praktika desleial» gisa definitzen du Europako Batzordeak. Bigarrenik, produktuen jasangarritasuna dela-eta kontsumitzaileak ez engainatzea.
«Beharrezko urratsa»
EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko Markel Etxebarriak uste du kontsumitzaileek «oso interes handia» dutela ingurumenaren aldetik lagunkoiak diren produktuak kontsumitzeko: «Gero eta kontzientziazio handiagoa sumatzen dugu euskal herritarrengan. Interes horrek produktuen ezaugarri ekologikoak puztera edo desitxuratzera eraman ditu enpresa batzuk», azaldu du.
EKArentzat «beharrezko urratsa» da Europako erakundeek onartu berri duten direktiba, uste baitute kontsumitzaileek babes handiagoa izango dutela «zuriketa berdearekin lotutako jardunbide engainagarrien aurrean», nahiz eta badakiten oraindik «lan asko dagoela egiteko».
Uste dute «zoritxarrez» gero eta hedatuagoa dagoen praktika bat dela marketin berdearekin lotutako iruzurra, eta iruditzen zaie araudi berria eraginkorra izan daitekeela horri aurre egiteko.
Datozen aldaketak
Hemendik aurrera, enpresek ezingo dute saldu frogarik gabe ezarritako ingurumen baieztapenak dituen produkturik. Iraunkortasun etiketen erabilera ere arautuko dute, produktuen etiketatzea eta sailkatzea «argiagoa eta fidagarriagoa» izan dadin. Orain arte, askotan enpresak berak etiketatzen zuen produktu bat berde gisa, eta, araudia indarrean sartzen denetik aurrera, izendapen horiek araututa egon beharko dute.
Produktuak ingurumenarekiko errespetuzkoa, naturala, eko, biodegradagarria eta halako etiketekin bereizteko, erakunde ofizial batek bermatu beharko du produktu horren onura hori. Horrez gain, ezingo da esan produktu bat klimatikoki neutroa dela neutraltasun hori karbono konpentsaziorako merkatuaren bidez lortu bada. «Kontsumo arduragabea» sustatzen duten publizitate kanpainen aurka ere egingo du legeak.
Markek ezingo dituzte beren etiketa berde propioak sortu hemendik aurrera, eta jasangarritasun etiketa sorta estandarizatu bat sortuko da horien ordez; hau da, egiaztapen sistema ofizialetan oinarritutako etiketak edo erakunde publikoek emandakoak soilik jarri ahalko dira. Halakoak badaude gaur egun ere: Ecolabel zigilua edo nekazaritza ekologikoarena, esaterako.
Araudi berriaren beste gako bat produktuen iraunkortasunari buruzkoa da, zaharkitze programatuari aurka egiteko. Produktu baten iraunkortasunari buruzko zigiluak debekatuko dituzte, betiere iraunkortasun hori bera bermatzen duen oinarririk ez badu. Salgai batzuk behar baino lehenago ordezkatu beharra iradokitzea ere debekatuko dute, inprimagailuen tinta kartutxoen kasuan adibidez, eta ezingo da esan produktu bat konpondu egin daitekeela egiaz hala ez baldin bada.
Ondasun elektronikoetan, ohikoa da askotan beharrezko software aldaketak egitera behartzea erabiltzaileak, baina askotan ez dira hain beharrezkoak izaten. Bada, orain ezingo dute hori egin teknologia enpresek. Azkenik, salgaiek bermea badute, hori bera paketean edo kutxan deigarriagoa izateko irizpideak ere onartu dituzte.
gakoak
INGURUMEN BAIEZTAPENAK. Enpresek ezingo dituzte beren kabuz jarri, eta produktuek irizpide jakin batzuk bete beharko dituzte zigilu bereziak lortzeko. Erakunde ofizial batek eman beharko die produktuei etiketa hori. Jasangarritasun etiketen sorta ofizial bat sortuko dute.
KLIMA NEUTRALTASUNA. Hemendik aurrera, markek ezingo dute esan beren produktu bat klimatikoki neutroa dela, neutraltasun hori karbono merkatuen bidezko transakzioen bidez lortu badute.
PRODUKTUEN IRAUNKORTASUNA. Zaharkitze programatuari aurre egiteko, oinarririk gabeko iraungarritasun zigiluak debekatuta egongo dira. Produktuek bermea badute, hori bera paketeetan eta kutxetan deigarriagoa izatea ere bultzatuko dute.