Europako gas naturalaren prezioak martxotik izandako beherakadarik handiena izan du astelehen honetan, herrialdeen biltegiak eta bereziki Alemaniarenak aurreikusi baino azkarrago betetzen ari direlako. Joan den astean jakin zen EBko erreserbak %79an beteta daudela, eta Alemaniako agintariek esan dute irailerako espero dutela urrirako aurreikusita zeukaten edukiera lortzea (% 85). Horrek eskaeraren geldotzea eragin du eta, horrekin batera, prezioen jaitsiera, %20koa Herbehereetako TTFn, Europako erreferentziazko merkatuan.
Dena den, etorkizuneko prezioek duela urtebete baino ia sei aldiz gehiago kotizatzen dute oraindik, eta epe laburreko panorama oso iluna da. Asteazkenean, Errusiak berriro geldiaraziko du Nord Stream 1 gasbidea, mantentze lanak egiteko, eta, aste honen amaieran berriro martxan jartzea espero bada ere, Europako Batasunean inor ez da fidatzen. Gas gehiago biltegiratuta, herrialdeak hobeto kokatuta leudeke mozketa luzeago bati aurre egiteko. Baina, biltegiak beteta ere, Errusiak fluxua geldiaraziko balu, nabarmen okertuko litzateke egoera, bereziki neguan, eta nagusiki industrian.
Izan ere, egunotako eskariaren desazelerazioa enpresa batzuk beren ekoizpena gelditzen edo murrizten hasi direlako ere gertatu da. Horixe da ongarrien enpresen kasua: ekoizpenaren bi heren baino gehiago geldiarazi dituzte, Fertilizers Europeren arabera.
Larrialdi egoeran
Egoera horretan, Europako Batasuna energiaren prezioak jaisteko premiazko neurriak prestatzen ari dela jakinarazi du Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak. «Gure merkatua egoera oso ezberdin batera kodiseinatuta zegoen, eta bestelako helburuak zituen. Horregatik ari gara orain lanean larrialdiko esku hartze batean eta merkatu elektrikoaren egiturazko erreforma batean». EBren planaren xehetasun zehatzak oraindik garatzen ari dira, eta baliteke aste honetan zerbait aurreratzea.
Txekiako Errepublikak, EBko txandakako presidentetza duenak, irailaren 9an energia ministroen ezohiko bilerara deitzea proposatu du. Petr Fiala lehen ministroak azaldu duenez, elektrizitatea sortzeko erabiltzen den gas naturalaren prezioa mugatzea litzateke aukeretako bat, gaur egun iberiar penintsulako merkatuan egiten den moduan. Beste aukera bat prezioen «erabateko deskoplamendua» litzateke, baina horretarako «zailtasun handiak» daudela aitortu du. Karbonoa isurtzeko eskubideak berrikusteko aukera ere aipatu du. Alemaniak erakutsi du merkatu elektrikoa berrikusteko interes handiena. Belgikak ohartarazi du EBk ezin duela arazoa konpontzen jarraitu zergak murriztuz. Aldiz, Frantzia eszeptiko agertu da energiaren prezioetan mugak ezartzeko ideiaren inguruan.