Europako Batzordeak energia merkatuen inguruko jarrera aldatu du, etaprest agertu da argindarraren gehieneko prezioa «aldi baterako» mugatzeko. Gasaren «etengabeko» garestitzeak argindarraren prezioa igoarazi duen honetan, horri aurre egiteko behin-behineko neurri sorta bat aurkeztu du. Apiriletik aurrera sartuko lirateke indarrean, ACER energia arautzen duten erakundeen lankidetza agentziari agindu dion txostenaren ondorioak jasotzean. Epe motzeko neurriekin batera, Errusiako gasarekiko mendekotasuna txikitzeko nahia ere plazaratu du.
Argindarraren prezioak markak hautsi ditu berriz ere. Ukrainako gerrak gasa garestitu du, eta, haren eraginez, sistema marjinalistaren lotsak azaleratu dira. Hego Euskal Herrian, 545 euro ordaindu zen megawatt-ordua batez beste atzo, eta, Ipar Euskal Herrian, 540 euro. Arazoak Europa osoa astindu du, eta EBk hura konpontzeko «erreminta kutxa»adostu du.
Preziorik garestienak mugatzeko estatuen ahalmena da deigarriena. Dena den, batzordeak zehaztu du «aldi baterako» eskubide bat litzakeela, «larrialdi egoera» bati aurre egiteko onartua. Beste neurri bat izan daiteke, esaterako, enpresa elektrikoen irabaziei behin-behineko zerga gehigarriak ezartzea. Espainiako Gobernua neurri hori indarrean jartzen saiatu zen iazko abenduan, eta asmoa urardotu behar izan zuen, argindar konpainien presioaren eraginez.
Gas gutxiago erabili
Epe luzera, Errusiako gasarekin duen mendekotasuna txikitu nahi du EBk. Horretarako, trantsizio ekologikoa «bizkortuko» du, gas biltegiak handituko ditu, eta gas hornitzaileak dibertsifikatu. Europak kontsumitzen duen gasaren %40 Errusiatik dator, eta hori zama handiegia da, Ursula von der Leyen batzordeko presidentearen ustez: «Independentzia behar dugu Errusiaren gasarekiko. Ezin gara fidatu esplizituki mehatxatzen gaituen hornitzaile batekin».
Europak %30 gas gutxiago kontsumitu nahi du urtero, eta, bide horretatik, 2030erako bi heren murriztuko luke Errusiako gasarekin duen mendekotasuna. Alderatzen jarrita, iaz 155.000 milioi metro kubo erosi zizkion Errusiari, eta EBren asmoa da zortzi urte barru gas kontsumo osoa 100.000 milioi metro kubokoa izatea. Horretarako, apirilean lege proposamen bat aurkeztuko du, zeinaren arabera urriaren 1erako kontinenteko gas biltegiek %90ean egon beharko baitute. Arau hori betetzeko, estatuen arteko kontrol eta elkartasun printzipio batzuk ezarriko ditu.
Eta nola aplikatuko da printzipio hori? Besteak beste, estatuek gasa elkarrekin erosteko modua emanez, eta hornitzaileekin harremanak erraztuz. Batzordeak zehaztu duenez, datorren negurako 500.000 milioi metro kubo gas likidotu inportatu ditzake Qatarretik, AEBetatik edo Afrikako ekialdeko herrialdeetatik.
Gerra Ukrainan. Energiaren garestitzea
Brusela prest agertu da argindarraren prezioa aldi baterako mugatzeko
Gasaren garestitzearen eragina leunduko luketen «behin-behineko» neurriak aztertuko ditu Europako Batzordeak. 2030erako, bi heren murriztu nahi du Errusiatik inportatzen duen gasa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu