Genevako (Suitza) bilerak ez duela egoera ezer aldatu esan zuen atzo Cecilia Malmstrom Merkataritza komisarioak, baina Munduko Merkataritza Erakundeak Donald Trumpi baimen ofiziala emateko tramiteak aldatu du zerbait: bala hori ere gastatu dute. AEBek EBko hainbat produkturi muga zergak ezartzeko gutxiago falta da, eta, MMEren oniritziz, Trumpek ez du atzera egingo ostirala baino lehen —indarrean sartzekoak diren egu-na—, Bruselak ez badu harekin itun bat lortzen azken orduan. Eta, hain zuzen, horren bila dabil Europako Batzordea. Komisarioak esan zuen «azken ordura arte» saiatuko direla neurri horiek «izozten .
Nola? Presioen bidez, Malmstromek onartu zuenez. Etxe Zuriko maizterrak ez du erreakzio onik izaten erantzun oldarkorrei aurre egiteko, baina laster ikusiko da prest dagoen ala ez Bruselak esateko (mehatxatzeko) duena entzuteko. Badaki AEBen aurkako salaketa bat aztertzen ari dela MME Boeingek jasotako ustezko laguntza publikoengatik; alegia, Europa zigortzeko baimena ekarri duen Airbusen salaketaren parekoa dago zain AEBen aurka, eta Batzordea mahairatzen ari da ez duela merezi elkarri min egiten hastea. «Estatubatuarrei presio egiten jarraituko dugu akordio bat egin ote daitekeen ikusteko; edo, behintzat, elkarrekin eseri eta muga zergak izozteko», esan zuen Malmstronek.
Etxe Zuriak Airbusi legez kanpoko laguntzak emategatik zigortu nahi ditu Espainia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua, eta ardoari ere jarriko dioten %25eko zerga bereziak bete-betean harrapatu ditu euskal ardogileak, batez ere txakolinarekin eta Arabako Errioxakoarekin aritzen direnak. Jaurlaritzak 7,6 milioi euroko eragina aurreikusi du. Arabako Ardoaren esportazioen bigarren merkatua dira AEB (%14), eta lehena, txakolinaren kasuan.
Europaren erantzuna
Gauzak horrela, ardoaren sektorearen esperantza da potentzia biek akordio bat egitea lehenbailehen, baina zaila ematen du halakorik lortzea aste honetan. Cecilia Malmstronek gutun bat igorri dio Robert Lightizer AEBen Komertzio arduradunari, esateko «hobe dela esertzea eta irtenbide bat aurkitzea», muga zerga berri horiek ekonomiari eragingo diotelako, kontsumitzaileei eta enpresei, «Atlantikoaren bi aldeetara». «Hori da bidali dugun mezua, baina orain arte ez du emaitzarik ekarri», esan zuen komisarioak. Malmstronek egintzat jo zuen AEBek muga zergak indarrean jartzen badituzte ostiral honetan, Bruselak 28 kideen merkataritza arduradunak elkartuko dituela eraso horri nola erantzun aztertzeko.
Horiek horrela, MMEk 6.793 milioi euroren muga zergak ezartzeko baimen ofiziala dauka atzodanik Washingtonek, eta Europako Batzordeak atzerapen bat atera nahi dio Trumpi horiek ez daitezen sar indarrean asteon. Baina defentsa jorratzen duen bitartean, erasoa ez du ahaztu batzordeak. Boeing kasuan ere urraketa bat egon dela berresten badu Munduko Merkataritza Erakundeak hilabete gutxian, luze gabe jarriko ditu muga zergak AEBetako produktuen aurka. Joan den apirilean Bruselak produktu zerrenda bat aurkeztu zuen zerga bereziekin zigortuko lituzkeen hautagaiekin. Muga zerga horiek 18.000 milioi euroko eragina izango lukete; ketchupa, arrain izoztua, fruituak, helikopteroak eta hegazkinak azaltzen dira hautagai gisa.
Brusela erlojuaren aurka ari da Trumpek atzera egin dezan
Washingtonek MMEren baimen ofiziala du euskal ardoari kalte egingo dioten muga zergak ezartzeko. Ostiral arte du EBk akordioa lortzeko, eta «azken ordura arte» negoziatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu