Hiru greba egunetara deitua dute Bridgestonek Basaurin (Bizkaia) duen lantegian iragarritako kaleratzeen aurka, eta gaur, lehen greba egunean, «%100eko» parte hartzea izan da, sindikatuen arabera. Produkzioa geldiarazi dutela nabarmendu dute.
Eguerdirako elkarretaratzea antolatu dute sindikatuek lantegiaren aurrean, eta arratsaldean, 18:00etan, manifestazio jendetsua egin dute Basaurin barna. Bridgestonen despidorik ez, industria plana berehala zioen kartelaren atzean, milaka lagun elkartu dira. Langileen borrokaren aldeko eta zuzendaritzaren kontrako oihuak entzun dira.
Japoniako pneumatiko multinazionalak joan den astean jakinarazi zuen 335 langileri —lantaldearen %40ri— eragingo dien erregulazio espediente bat abiaraziko duela. Enpresak beste lantegi bat du Euskal Herrian, Usansolon (Bizkaia), baina han ez du kaleratzerik iragarri. Langileek urtebete baino gehiago egin dute aldi baterako lan erregulazioan, eta haren indarraldiaren amaieran eman du zuzendaritzak erabakiaren berri.
Manifestazioari begira, langileen batzordeak idatzi bat irakurri du. Adierazi dute langile bakar bat ere ez dagoela sobran. Azaldu dutenez, mende luze batean inoiz izan duen «garairik latzenean» dago fabrika, bertako produkzioaren zati handi bat Poloniara eramatea erabaki duelako multinazionalak. «Kolpe handia da», onartu dute. Deslokalizazioa gauzatuz gero fabrika hilzorian geratuko dela deritzote. «Bizkaiko gurpilen fabrika izan da betidanik. Hemen lan egin dute 92 urtez gure aitonek, gurasoek, seme-alabek...».
Hiru greba egun
Langile batzordeak —CCOOk zortzi ordezkari ditu; UGTk, zazpi; BUBek, lau; eta ELAk, bi— iragarri du hiru greba egun egingo dituztela: gaur dute lehenengoa, bigarrena ostiralean izango da, eta hirugarrena, datorren asteartean. ELAk hizpidera ekarri du greba mugagabea abiatzeko aukera, baina ez du erantzunik jaso oraingoz.
Lehenengo greba egunean ez da aparteko arazorik izan. Lehen orduan, zuzendaritzako kide batzuk enpresaren instalazioetara sartu dira, Ertzaintzako agenteek lagunduta eta piketeen protesten artean, baina ez da istilurik izan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek adierazi dutenez.
Sindikatuek atzo jaso zuten zuzendaritzak aurkeztu asmo duen enplegua erregulatzeko espedienteari buruzko dokumentazioa. Datorren ostiralean bilduko dira berriro. Maiatzaren 6ra arteko epea jarri dute ados jartzeko.
Multinazionalak argudiatu du merkatuaren egoera txarrak eta Europatik kanpoko ekoizleen lehiak behartu dutela langileak kaleratzera. Basaurin pneumatiko handiak ekoizten dituzte. Enpresaren datuen arabera, 2024a urte oso txarra izan zen lantegi horretan: salmentak %58 apaldu ziren 2023koekin alderatuta. Eta aurrera begirako kalkuluak ere ez dira hobeak: aurten iaz baino %25 gutxiago saltzea espero du enpresak.
Sindikatuen posizioa
«Jendea oso kontzientziatuta dago, eta argi du borroka egin behar duela egoerari buelta emateko», adierazi du Igor Mena (CCOO) langile batzordeko buruak. Negoziazioari bide ematearen alde agertu da, zuzendaritzak mugimenduren bat egiten duen ala ez ikusteko. Bestela protestak «gogortuko» dituztela ohartarazi du.
UGT sindikatuko Raul Lodeiroren arabera, Basauriko lantegiarena deslokalizazio kasu argi bat da. «Poloniako lantegira eraman nahi dute hemengo produkzioa, errentagarria zaielako».
ELAk komunikabideetara bidalitako ohar batean esan du sindikatuekin izandako lehen bileran zuzendaritzak ez duela argudio ekonomikorik aipatu, eta gogoratu du enpresak aurreko urteetan «milioi askoren irabaziak» izan dituela.
Horren harira, mobilizazioak gogortzeko proposamena egin du. «Erasoa zenbatekoa den ikusita, erantzunak ere halakoa izan behar du». Lantaldea greba mugagabe batera deitzearen alde azaldu da ELA, baina oraingoz ez du beste sindikatuen erantzunik jaso. Basauriko lantegian batzar orokor bat egiteko eskatu du, eta erabaki hori beharginen esku uzteko.