Bridgestone pneumatiko konpainiak Basaurin duen plantako langileek bigarren greba eguna dute gaur. Zuzendaritzak egin asmo dituen 335 kaleratzeen baldintzak negoziatzeko bigarren bileraren aitzakian deitu dute protestara, eta, asteartean egin bezala, plantako ekoizpena erabat gelditu dute. Langile batzordeak (CCOO, UGT, ELA eta BUB) argitu du enpresak mahai gainean jarri duen lehen eskaintza onartuko balute faktoriako jarduna «bideraezina» litzakeela. Bileraren ondoren xehetasun gehiago emango dituzte.
Erlazionatuta
Zer eskaini zuen enpresak lehen bileran? Bada, langile batzordearen arabera, eta kaleratuen profila ikusita, 55 urtetik gorako langileak enplegua erregulatzeko txostenetik kanpo geldituko lirateke. Alegia, langilerik zaharrenak ez liratekeela sartuko 335 kaleratuen zerrendan. Halako kasuetan ohikoa da langilerik zaharrenei erretiro aurreratuak eskaintzea kaleratzeek lantaldean izan dezaketen inpaktua leuntzeko.
Plantan 891 langile daude, eta %10 inguru dira 55 urtetik gorakoak. Sindikatuen kalkuluak errazak dira: zuzendaritzak langileen %40 kaleratu nahi ditu, eta horiei epe motzean erretiroa hartuko luketenak gehitu beharko litzaizkioke. Alegia, urte gutxian lantaldea erdira murrizteko arriskua ikusten dute.
Bi txanda gutxiago
Hori ez da izan negoziazioen inguruan jakin den xehetasun bakarra, izan ere zuzendaritzak bi lan txanda kendu nahi ditu: alegia, bostetik hirura igaro nahi du. Eskaintza hori, baina, ez dator bat egin nahi dituen kaleratze kopuruarekin, sindikatuaren arabera hori egiteko aski bailitzateke 220 langile kaleratzea.
Zuzendaritzak, bestalde, prozesuaren isilpekotasuna errespetatzeko eskatu du, eta enpresaren bideragarritasuna bermatuko duten konponbideen bila dabilela nabarmendu. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritza Industria sailburua Japoniako multinazional horrek Europan duen arduradun nagusiarekin biltzekoa da enplegu erregulazioari buruz hitz egiteko. Konpainiak Usansolon (Bizkaia) duen plantako langileak ere greba egiten ari dira gaur, elkartasuna adierazteko.
salmentak beheraka
2024a oso urte txarra izan zen Basauriko lantegian, enpresaren datuen arabera bai behintzat. Izan ere, 2023an baino %58 salmenta gutxiago izan ziren: 2023an 183.152 tona saldu zituzten, eta iaz, 77.633 tona; hots, 2023an 841 milioi euro fakturatu zituzten, eta iaz, 351 milioi euro.
Eta aurten? Nola hasi da urtea? Bada, gaizki. Urtarrilean 5.584 tona pneumatiko atera ziren Basauritik; 25,6 milioi euroren balioa zuten. 2024ko urtarrilean, berriz, 14.113 tona atera ziren —64 milioi euroren balioa—, eta 2023koan, 15.986 tona atera ziren —69,5 milioi euroren balioa—. Hau da, bi urtean salmentak bi heren murriztu dira.