Bridgestoneko langileek salatu dute enpresak ez duela konponbiderik lortzeko asmorik

Hirugarren greba eguna dute gaur Basauriko eta Usansoloko lantegietan, eta erantzuna «erabatekoa» da. Datorren astean jarraituko dute lanuzteekin.

Langile batzuk protestan, Basauriko lnategiaren atarian. MIGULE TOÑA / EFE
Langile batzuk protestan, Basauriko lnategiaren atarian. MIGULE TOÑA / EFE
jokin sagarzazu
2025eko apirilaren 15a
11:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Basauriko eta Usansoloko (Bizkaia) Bridgestonen lantegiek ekoizpena gelditu dute gaur, enpresak Basauriko plantarako iragarri dituen 335 kaleratzeen aurka —lantaldearen %40 kaleratzeko asmoa du—. Hirugarren greba eguna dute, eta, azkenengoan bezala, gaurkoan ere bat egin dute Usansoloko lantegiko langileek. Orain arteko lanuzteetan parte hartzea «erabatekoa» izan dela azpimarratu du langile batzordeak.

Sindikatu guztiak batera ari dira, eta aurrera begira hala jarraitzeko konpromisoa agertu dute, haien iritzian, zuzendaritza batasun hori apurtu nahian ari den arren. CCOO, UGT, ELA, BUB eta STIB sindikatuetako kideek mobilizazio egutegi bat adosteko bilerak hasi dituzte gaur. Japoniako gurpil ekoizleak iragarri duenez, Basauriko lantegian ez ezik, Kantabriako (Espainia) Puente San Miguelekoan ere egingo ditu kaleratzeak, eta sindikatuen asmoa da bietan batera mobilizatzea.

Aste Santuko oporraldia dela-eta, protestak eten egingo dituzte. Dena den, Basauriko langile batzordeak gaur bertan adostu du hilaren 24an, 25ean eta 26an egitea hurrengo lanuzteak. 24an bilduko dira zuzendaritza eta sindikatuak, eta hurrengo egunean batzar batera deituko dituzte langileak. 

«Higatze» estrategia

Roberto Corral Basauriko langile batzordeko presidenteak nabarmendu duenez, langileek «borrokan eta mobilizatzen» jarraitu nahi dute. Gaur goizean protestak egon dira lantegiaren atarian, eta eguerdian batzartuko dira.

Zuzendaritzarekin izan dituzten bilerei dagokienez, sindikatuek ohar batean adierazi dute enpresak «konpromisorik ez» duela erakutsi, eta beraiek egindako galdera guztien artean gutxi batzuei bakarrik erantzun diela. Nabarmendu dutenez, oraindik ez ditu argitu espedientearen arrazoiak, eta, salatu dute orain arte emandako azalpenek ez dutela justifikatzen halako neurri bat. «Zuzendaritza Poloniako lantegia baino garestiagoak garela esatera mugatu da, eta kostuak murrizteko neurri barregarriak hartzera, duela gutxi Poloniako planta baino merkeagoak izatera iritsi ginenean».

Hilaren 24an bilduko dira berriz enpresarekin. Sindikatuen arabera, langileei beste lanpostu bat emateko plan bat aurkezteko asmoa omen du. Haien ustez, horrek erakusten du zuzendaritzak ez duela «interesik» Basauriko lantegiarentzat bideragarria izango den proiektu industrial bati buruz hitz egiteko.

Langileen ordezkariek ohartarazi dutenez, «prozesu luzea» izango da. «Enpresaren erabateko immobilismoak, enpatiarik ezak eta langileen pazientzia eta animoak higatzeko teknikak helburu bakarra dute. Ez gaitezen haien jokoan erori eta jarrai dezagun borrokan», aholkatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.