Bridgestoneko langileek beste lau greba egun egitea babestu dute aho batez

Datorren asteazkenean, ostegunean, maiatzaren 5ean eta 6an egingo dituzte lanuzteak. Datorren astean, langileen batzordeko ordezkaritza bat Europako Parlamentura joango da kaleratzeen berri ematera eta parlamentarien babesa lortzera.

Bridgestoneko langileak, greban, herenegun. LUIS TEJIDO / EFE
Bridgestoneko langileak, greban, herenegun. LUIS TEJIDO / EFE
joxerra senar
2025eko apirilaren 25a
14:32
Entzun 00:00:0000:00:00

Basauriko Bridgestoneko langileek gaurkoa izan dute bosgarren greba eguna, baina datorren astean lanuzte gehiago egingo dituzte. Aho batez onartu dute beste lau egunez egitea greba: apirilaren 30ean, maiatzaren 1ean, 5ean eta 6an.

Apiril hasieran iragarri zien enpresak langileen %40 kaleratzeko asmoa, eta horren aurka ari dira protestan. Bridgestone Japoniako pneumatiko konpainiak langile batzordeari esan zion Basauriko plantatik 335 langile kaleratzeko asmoa duela. Azken bi urteetan ekoizpena asko jaitsi dela azaldu zuen, eta erregulazio txosten bat aurkeztuko du. 831 behargin ditu, eta erregulazio txosten horrek langileen %40ri eragingo die.

Gaur batzarra egin dute enpresa batzordeko ordezkariek lan erregulazioko espedientearen negoziazioaren berri eman dezaten. Atzo bildu ziren azken aldiz zuzendaritzako eta langileen batzordeko ordezkariak, eta ez zuten akordiorik lortu. Sindikatuek zuzendaritzaren jarrera gaitzetsi dute.

Batzarrean, mobilizazio gehiago egitea proposatu dute sindikatuek, zuzendaritzaren «blokeoari aurre egiteko». Batzordearen arabera, langileek erabat babestu dute proposamena. Espedientearen baldintzen inguruko akordiorik lortu ezean, mobilizazio irmoagoak egingo dituztela iragarri dute.

Greba egunak ez ezik, beste hainbat ekinaldi egingo dituzte. Datorren astean batzordeko ordezkari batzuk Europako Parlamentura joango dira kaleratzeen berri ematera eta parlamentarien babesa lortzera. Maiatzaren Lehenean, martxa bat egingo dute Basauriko fabrikatik Bilbo erdiraino, eta han bat egingo dute sindikatuek antolatutako manifestazioekin.

Maiatzaren 5ean, langileak bi autobusetan Madrilera joango dira, eta Japoniako enbaxadaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, herrialde horretakoa baita enpresako egoitza nagusia. Horrez gain, Espainiako Gobernuko Lan Ministerioarekin bilera bat hitzartu nahian dabiltza.

Gaurko greba dela eta, lantokia «erabat» geratu da. «Bulegoan bakarrik sartu dira zuzendaritzako kide batzuk, Ertzaintzak babesturik. Produkzioa erabat geldituta dago». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.