Nazioarteko merkataritza

BRICS taldera batzeko eskaera egin du Saudi Arabiak

Txina eta Errusia alde daude, baina beste hiru kideek mesfidantzaz begiratzen diote aukera horri. Taldea zabaltzeko irizpideak aztertuko dituzte aste honetako goi bileran.

Xi Jinping Txinako presdentea eta Cyril Ramaphosa Hegoafrikakoa,astearte honetan. KIM LUDBROOK (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 22a
13:17
Entzun

BRICS taldean biltzen diren herrialdeek (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) goi bilera egingo dute gaur hasi eta ostegunera bitarte, Johannesburgon (Hegoafrika). Han izango dira Xi Jinping Txinako presidentea, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgoa, Cyril Ramaphosa Hegoafrikakoa eta Narendra Modi Indiako lehen ministroa. Vladimir Putin Errusiako presidenteak bideokonferentziaz parte hartzea espero da. Ez da Hegoafrikara joan, Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua emana baitu Ukrainan gerra krimenak egin zituelakoan. Sergei Lavrov Atzerri ministroak ordezkatuko du goi bileran.

BRICS taldea zabaltzeko proposamena izango dute hizpideen artean. Hegoafrikako Gobernuaren arabera, berrogei bat herrialdek agertu dute sartzeko interesa, besteak beste Saudi Arabiak. Hegoafrika izan zen taldearekin bat egin zuen azken herrialdea, 2010ean. Brasilek, Errusiak, Indiak eta Txinak sortu zuten taldea, 2006an. Blokeak munduko biztanleriaren %42 biltzen du, barne produktu gordinaren %23 eta merkataritzaren %18.

«Taldea zabaltzeak eragin nabarmena izango luke, ez bakarrik BRICSen barruan, baita Hego Globalean eta komunitate globalean ere», adierazi du Anil Sooklalek, Hegoafrikako negoziatzaileak. Hegoafrikako funtzionarioek baieztatu dute Saudi Arabiak formalki egin duela BRICSekin bat egiteko eskaera, baina nabarmendu dute aurretik bost herrialdeek ados jarri behar dutela kide berriek bete behar dituzten irizpideei buruz, eta puntu hori Johannesburgoko bileran landuko dutela.

Munduko petrolio ekoizlerik handienen artean bigarrena da Saudi Arabia. Errusia eta Txinaren bloke ekonomiko berean sartzeak are gehiago zaildu eta gaiztotuko lituzke Riaden eta Washingtonen arteko harremanak, eta indartu egingo luke BRICSen posizioa G7koen kontrapisu gisa.

Horrekin batera, Garapen Berrirako Bankua Saudi Arabiarekin hitz egiten ari da, hartako bederatzigarren kidea izan dadin. Neurri horrek bankuaren finantzaketa aukerak indartuko lituzke, gaur-gaurkoz oso ahulduta baitaude, Errusiari jarritako zigorren ondorioz. Bankua BRICS taldeko herrialdeek sortu zuten, 2015ean, garatzen ari diren ekonomietako proiektuei maileguak emateko, eta Shanghain du egoitza.

Bost sortzaileak ez ezik, Arabiar Emirerri Batuak, Egipto eta Bangladesh ere badira bankuko kide. Kide fundatzaile gisa, Errusiak % 19 inguruko partaidetza du bankuan, baina, Ukrainako gerra dela eta, Errusiatik zetozen aktiboak eten behar izan dituzte, eta Errusian proiektu berriak finantzatzeari utzi behar izan diote, inbertitzaileei ziurtatzeko Mendebaldeak Moskuri ezarritako zigorrak betetzen dituela. Horregatik da garrantzitsua bankuarentzat baliabide berriak erakartzea.

Washington eta Brusela, adi

Beijing eta Mosku taldea zabaltzearen alde daude, baina Brasilek, Indiak eta Hegoafrikak zalantza gehiago dituzte, horrek haien eragina ahulduko lukeelako. Saudi Arabiaz gain, beste hautagai batzuk ere badaude: Argentina, Aljeria, Egipto, Iran, Indonesia eta Arabiar Emirerri Batuak, besteak beste. «BRICS zabaltzea da goi bilera honetako gai nagusia. Funtsezkoa da taldea biziberritzeko, eta uste dut pauso sendo bat emango dugula», adierazi du Chen Xiaodongek, Txinak Hegoafrikan duen enbaxadoreak.

AEBek nola edo hala eragotzi nahi dute hori, eta Hegoafrika, Brasil eta Indiarekin dituen aldebiko lotura ekonomikoak azpimarratu ditu. Europako Batasunak ere gertutik erreparatuko dio bilerari, eta Peter Stano Europako Batzordeko bozeramaileak taldeko kideei eskatu die gaitzets dezatela Errusiak Ukrainako gerran duen jarrera.

Hala ere, ez dirudi hori horrela izango denik, ekainean BRICSen aurretiazko bileran agerian geratu zen bezala. Are, Errusiak babesa batzeko balia dezake goi bilera, eta ez da baztertzen Putinek zereal bidalketa gehiago iragartzea garapen bidean dauden herrialdeentzat.

Denak dolarraren aurka

Era berean, asteazkenetik ostegunera bitarte, taldeko kideek aztergai izango dute nola apaldu dolarrak beren ekonomietan duen pisua. Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, dolarrak pisua irabazi du beste dibisa batzuekin alderatuta, eta, AEBetako Erreserba Federalak interes tasak igotzea erabaki duenez gero inflazioari aurre egiteko, zorra dolarretan ordaintzea geroz eta garestiagoa da herrialde askorentzat. Dena den, ez dute iragarri zer neurri aztertuko dituzten. Ikusteko dago diru komun bat sortzeko aukera mintzagai izango duten ala ez, Brasilek defendatzen duen bezala. Hala ere, proiektua hastapenetan dago, eta ez dago argi inoiz gauzatuko den, gauzatuko bada.

Goi bilera ostegunean amaituko da, BRICSeko eta «lagun diren herrialdeetako» liderren arteko elkarrizketekin. Hegoafrikak 67 agintari gonbidatu ditu; horien artean daude Kubako presidente Miguel Diaz-Canel, Boliviako presidente Luis Arce eta nazioarteko erakundeetako buruak, hala nola Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia eta Moussa Faki Mahamat Afrikako Batasuneko Batzordeko presidentea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.