BRUSELA. Urtarrilaren 1ean indarrean jartzeko beste urrats bat egin zuen atzo brexit-erako akordioak. Asteburuan itunaren 1.246 orrialdeak aztertzen aritu ondoren, gobernuek Europako Batasunean dituzten ordezkariek edo enbaxadoreek oniritzia eman zioten atzo iragan ostegunean hitzartutakoari. Horrenbestez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Charles Michel Europar Kontseiluko buruak baimena dute akordioa sinatzeko, eta baliteke bihar bertan sinatzea.
EBren azken pauso bat beharko da orduan: Europako Legebiltzarrak onartzea. Urtarrileko hirugarren astean gerta daiteke hori. Bitartean, ituna behin-behinean sartuko da indarrean, eta, hortaz, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak muga zergarik eta kuotarik gabe jarraitu ahal izango dute merkataritzan. Hori bai, mugetan kontrolak izango dituzte, inportatzaileek eta esportatzaileek tramite burokratikoak bete beharko dituzte, eta garraiolariek baimen bereziak beharko dituzte Mantxako itsasartea gurutzatzeko.
Akordioa bihar iritsiko da Erresuma Batuko legebiltzarrera. Estutasunik gabe aurrera egitea espero da, baina ez aho batez. Batetik, ikusteko dago brexit-zale sutsuenek, ERG taldeko toryek gogo onez irensten duten EBrekiko lotura molde bat gordetzen duen itun bat. Bestetik, kontrako arrazoiengatik, Alderdi Laboristan denak ez daude pozik Key Starmer buruak akordioaren alde bozkatzera deitu duelako, eta pentsatzekoa da gutxienez abstentziora jokoko dutela diputatu europazaleetako batzuek.
'Brexit'-erako akordioa onartu dute enbaxadek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu