Amaia Ferrok sentipena dauka munduan inoiz baino nahas-mahas handiagoa dagoela. Bi hamarkadatik gora daramatza nazioartekotzearen arloan lanean, «eta, lehen, merkatuak ez ziren hain asaldatuta egoten». Ziklo ekonomikoak luzeagoak eta aurreikusgarriagoak ei ziren. Hego Euskal Herriko esportazioek marka hautsi dutela jakin den egunean elkartu da BERRIArekin.
Markak hautsi arren, inoizko garairik ezegonkorrena da esportazioentzat: merkataritza gerra AEBen eta Txinaren artean, brexit-a, moteltzea Europan...
Gure enpresek badaukate lan karga; beraz, oraindik ez dute askorik igartzen, adibidez, Alemaniaren geldialdia, gure bigarren merkatuarena. Kasualitatez, egoera ezegonkorrek gure merkatu nagusiei eragiten die gehien: Alemaniari, Erresuma Batuari, AEBei. Kezkagarria da hori. Esaterako, Txinan zerbait gertatzen bada, Alemaniarentzat Txina merkatu oso inportantea da. Dena dago lotuta. Eguneroko albisteek eragin handia daukate. Jende guztia horretaz hitz egiten ari da: Alemaniaz, Brasilez...
Urduri daude enpresariak?
Urduri bainoago, adi-adi daude. Ia 24 urte daramatzat nazioartekotze lanetan: lehen ez bezala, gorabeherak orain oso azkarrak dira.
Faktore asko daude, baina eragin zuzenena Europaren motelaldiak dauka. Esportazioen erdia baino gehiago doa EBra.
Gure esportazioen %53 inguru ondasun ekipoak dira, eta oso dibertsifikatuta daude: Txina eta AEBak ere merkatu inportanteak dira. Baina bai, enpresarien ardura oraintxe Alemaniaren, Frantziaren eta Italiaren egoera da.
Aurten Txina %6,2 haziko da; India, %7,2; Afrika, %3,9 eta Latinoamerika, %2. Garai egokia da EBtik kanpora gehiago jotzeko?
Txinako merkatua ez da pizten ari, baina merkatu interesgarria da. Eta horrelako asko daude.
Begia non jarrita daukate enpresek orain?
Askok Afrikan: esate baterako, Nigerian, Angolan, Ginean...
Zer sektoretako enpresak dira?
Azpiegiturak sortzen dituztenak, energiarenak, autogintzakoak... Ekialde Hurbilean ere nahiko ondo dabiltza gure enpresak: Saudi Arabian, Iraken, Iranen. Eremu hori dezente ari da mugitzen.
Europako motelaldiak eragin die fokua zabaltzea?
Oraingoa déjà vu bat da. Benetan, 2008ko krisiak eragin zuen gure esportazioak merkatu berrietara zabaltzea.
2008tik 2018ra euskal esportazioak %30 handitu dira, baina, behar adina dibertsifikatu dira?
Asko dibertsifikatu dira. Behar adina... inoiz ez da behar adina. Krisi garaian enpresek esfortzu handia egin dute esportatzeko eta dibertsifikatzeko: AEBetako merkatua handitu egin da, Txinakoa ere bai... Kontua da, orain, merkatuok kontsolidatzea, hori izaten baita zailena.
Industria jarduera txikitzen ari da —%6 jaitsi zen abenduan—, eta hazkunde ekonomikoa moteltzen. Arduratzekoa da?
Gure lurraldeetan enpresa indartsu bana dago, lurraldeko esportazioetan eragin handiena dutena: CAF Gipuzkoan, Petronor Bizkaian, Volkswagen Nafarroan eta Mercedes Araban. Horien gorabeherek desitxuratu egin ditzakete lurraldeko estatistikak.
Ekipo ondasunen ekoizpena jaistea kezka orokorra sortzen ari da, ala dieselgate-aren harira eragindako Mercedesen eta VWren efektuak dira bakarrik?
Dena dago lotuta. Dieselaren harira autogintzaren fabrikazioa jaisten bada, jabetu behar dugu esportazioen %15 sektore horretara doazela, eta euskal enpresa askok egiten dutela lan autogintzarako piezak egiten, baita autoak ekoizteko makinak egiten ere.
Autogintzaren sektorea dudaz beteta dago oraintxe.
Eskariari eta sektore hori arautzen duen legediari lotuta dago ziurgabetasuna. Egonezina dago sektorean.
Autogintzan igarriko da batez ere esportazioen moteltzea?
Ziurrenik ekipo ondasunetan gertatuko da geldialdi bat, baina ez da geldialdi oso gogorra izango.
Brexit-ak ere eragina izan dezake esportazioetan. 36 egun falta dira hausturarako eta, gaur-gaurkoz, inork ez daki zer gertatuko den.
Edozer gertatzen dela ere, ziurra da eragina izango duela. Erresuma Batua gure laugarren bazkidea da, eta aurrerantzean ez dugu inoiz orain arteko harremanik izango. Baina Brusela eta Londres ari dira neurriak hartzen akordiorik lortzen ez badute ere: seguruenik, bisarik ez dugu behar izango bidaiatzeko.
Baina sor daitezke milaka kamioiren ilarak Doverrera bidean.
Akordiorik ez badago, seguru nago sortuko direla ilarak, eta handiak izango dira, kaos bat. Gure merkantzia gehienak kamioian doaz batez ere, baina baita ere itsasontziz. Itsasoko garraioari esker, brexit-ak aukera bat ekar diezaieke Bilboko portuari eta Pasaiakoari.
Aukerei jarraikiz, Euskal Herria erakargarria izan daiteke Erresuma Batuko enpresentzat, berton bigarren egoitza jarri eta EBko sarbide bihurtzeko?
Izan daiteke, bai, batez ere jakintzaren arloan sakontzen dutenentzat: profesionalak behar dituztenentzat, ingeniariak, berrikuntza... Pisu handiko fabrikazioa daukatenak Europa erdialdera joango dira, baina hemen zentro teknologiko asko daude, unibertsitateak, formakuntzakoak eta berrikuntzakoak.
Erresuma Batutik Euskal Herrira egindako inportazioetan ere izango da eraginik.
Izan daiteke, baina Erresuma Batua izan da herrialde neoliberalen artean nagusi: haren helburua ez da mugak jartzea esportazioei eta inportazioei. Enpresentzat arazo nagusia ez dira muga zergak, baizik eta dakarten karga administratiboa: ezezaguna denez, burokrazia konplexua da, eta denbora eta diru gehiago eskatzen du. Produktuen homologazioarekin ere arazoak sor daitezke, bateraezintasunagatik bi aldeetan.
Kontrako haizeak ez ditu eragotzi inoizko esportazio handienak
Kanpo merkataritza. Amaia Ferro. Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Nazioartekotze arduraduna
«'Brexit'-ak aukera bat ekar diezaieke Bilbori eta Pasaiari»
Europako merkatuen motelaldiak kezkatzen du Ferro, baina aukera ikusten du beste merkatu batzuetara zabaltzeko. «Asko dibertsifikatu dira esportazioak, baina inoiz ez da behar adina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu