Akordioa egon zein ez, brexit-ak baldintzatuko ditu datorren urteko harreman komertzialak sektore guztietan, eta, nola ez, baita arrantzarenean ere. Hori hala, mamu hori ere eserita egon da EB Europako Batasuneko estatu kidetako Arrantza ministroek aste honetan egin dituzten negoziazioetako bileretan. Bruselara joandakoek 2021eko harrapaketen kuotak adostea zuten helburu, eta, akordioa egin badute ere, ezin izan dituzte zalantza guztiak argitu. Behin-behineko dokumentu gisa har daiteke onartutakoa, Erresuma Batuaren eta EBren banaketa gauzatzeko moduak eraman dezakeelako gutxi barru kuotak berriz adostu behar izatera.
Ia etenik gabeko 24 orduko negoziazioen ondoren, atzo goizean adostasun batera iritsi ziren Europa osoko arrantza guneetarako, eta formula bat bilatu zuten Erresuma Batuko ontziekin partekatutako uretarako: espezie ia guztien kasuan, iazko kuota gehienak mantenduko dituzte, urteko lehen hiruhilekorako: iaz urte osorako ezarri zituzten kuoten %25 harrapatu ahal izango dute denbora horretan han dabiltzan ontziek. Salbuespena izango dira berdela eta txitxarroa: urteko kuotan %65 harrapatu ahal izango dute, urteko lehen hilabeteetan egiten baita bi espezie horien kanpaina.
Neurriak Euskal Herrian alturako barkuei eragingo die bereziki: Ondarroako hamazazpiei eta Pasaian deskargatzen duten beste herrialdetakoei. Baina baita berdeletan eta txitxarrotan aritzen diren baxurakoei ere. Arrantzaleen artean, «oso handia da ziurgabetasuna», Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradietako presidenteak azaldu duenez. Behin negua igarota, ezezagun da zer gertatuko den partekatutako ur horietako kuotekin. «Oso kezkatuta gaude brexit-ak eman dezakeenarekin. Asko dago jokoan. Berdelaren eta txitxarroan kanpainak egingo ditugu, eta gero, zer?».
Kantauri itsasoan
Bestelakoa da brexit-aren eraginetik kanpo dauden guneetako egoera (hego stockean, eta, horren barruan, Kantauri itsasoan). Kasu horretan, bai egon dira aldaketak, legatzarenean bereziki. Euskal Herriko ontzidia kontuan hartuz, espezie horrek pisu handia du harrapaketen kopuru totaletan. Batzordeak bere lehenengo proposamenean %12,8ko murrizketa jaso zuen; negoziazioen ondoren, %5era jaitsi dute. «Espainiako ministroak lorpen modura saldu arren, ezin da esan hala izan denik», adierazi du Elduaienek
Arrantzaleak kexu dira, azken urteetan murrizketa handiak izan dituztelako espezie horren harrapaketetan —%20ko jaitsiera, iaz—, eta Bruselak berdin jarraitzeko asmoa agertu duelako, «argudio sendorik eman gabe, gainera», Gipuzkoako kofradietako buruak salatu duenez. «Esango baligute erabaki hori hartu dutela biomasa nahikorik ez dagoelako, ulertuko genuke. Baina hori ez digute frogatu». Balorazio baikorragoa egin du Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkuek. Lehen proposamenetik azken akordioan jasotakora dagoen aldea nabarmendu du. «Nondik gentozen ikusita, albistea ez da hain txarra».
Euskal ontzientzat garrantzitsua den beste espezie baten kasuan, antxoarenean, ezarritako kuotarekin «konforme» agertu da Elduaien. Harrapaketak %3,5 gehiago izatea baimendu du Europak, espezie horren populazioak azken urteetan izan duen hobekuntzagatik. Itsas zapoaren eta oilarraren kuotak, aldiz, murriztu egin dituzte: %12,5 gutxiago itsas zapoa eta %7,1 gutxiago oilarra. Mihi arrainetan gutxi aritzen dira euskal ontziak; kasu horretan ere izango da jaitsiera, eta handia gainera: %20 gutxiago.
Bizkaiko golkoaren geroa
Brexit-ak baldintzatu ditu aurtengo negoziazioak, eta luze gabe hala izaten jarraituko du. Oro har, Europako arrantza sektorearen nahia da etorkizuneko egoera gaur egungoaren ahalik eta antzekoena izatea. Europako Arrantza Aliantzaren arabera, azken hamarkadan, Europako harrapaketen %42 inguru Ingalaterrako eta Eskoziako uretatik zetozen; ehuneko hori% 60 baino handiagoa izan daiteke, espeziearen arabera.
Gainera, beste arazo batzuk sor daitezke. Bruselak eta Londresek akordiorik egin ezean, baliteke Erresuma Batuko uretatik botatzen dituzten ontzi asko Bizkaiko golkora joatea arrantzara, eta han ehunka ontzi pilatzea, gatazkak sortuz, elkarbizitzakoak, kuoten ingurukoak eta arrain espezie batzuen iraupenekoak.
Momentuz, ez da erabakirik hartu horri buruz. Bizkaiko hiru arrantzontzi baino ez dabiltza han. Hala ere, besteek hango kaletan aritzeko duten aukera kuoten trukerako erabiltzen dituzte, Bizkaiko golkoko Frantziako uretan arrantzatzeko.
'Brexit'-ak airean utzi ditu arrain harrapaketen kuota gehienak
Erresuma Batuarekin partekatutako uretan, iaz ezarritakoei eutsiko diete 2021eko lehen hiruhilekoan. Beste uretan, %5 murriztu dute legatzarena, eta %3,5 handitu antxoarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu