Biarnoaren eta Euskal Herriaren zubi gisa, Eskiulako (Zuberoa) etxalde bat hautatu zuten joan den astean ELB eta LAborarien Konfederazioa sindikatuek bat egitearen berri emateko. ELBko ordezkari gisa mintzatu zen han Panpi Sainte-Marie, Landibarreko (Baxenabarre) laboraria.
Lehen aldiz, ELBk erabaki du Laborarien Konfederazioa sindikatuaren Biarnoko adarrarekin aurkeztea Paueko Laborantza Ganberako hauteskundeetan. Zergatik egin duzue hautu hori orain?
Garrantzitsua da testuingurua. ELBk bi ardatz baditu: batetik, instituzio propio baten alde borrokatzea, eta, bestetik, sindikatu lana, laborarien defendatzea eta laborantza iraunkorra jendarteratzea. Bi ardatzetarik bat, instituzioarena, kasik lortua dugula uste dugu. Beste ardatzean, aldiz, oso gaizki gaude: talde agroalimentario batzuk azkar ari dira hemen; oldar handian ari dira. Behi esne ekoizleen %80 desagertu dira 30 urtez. Ardi esnean berregituratze prozesu berean ari dira, ekoizpena kontzentratuz. Kamioi batek hiru etxeetan biltzen duen esnea etxe batean biltzen ahal badu, industriek nahiago dute. Intentsifikatzea nahi dute. Oraindik lehen urratsetan dira, baina izugarriko kaltea egiten ahal dute jendea ez bada ohartzen, eta laborari batzuk zepoan sartzen dira. Kurba hori industriaren nahietara itzultzen bada, epe laburrean laborari txiki anitz desagertuko dira. Baserri munduaren desertifikatzea ekarriko du, eta laborariak du biziarazten herria. Baxenabarrenez da industriarik... Horrek aldaketa izugarria ekarriko luke.
Beraz, testuinguru hori kontuan harturik duzue erabaki Laborarien Konfederazioarekin bat egitea?
FDSEA [Pauen gehiengoa duen sindikatua], estatu mailan, goiti joan da azken urteetan. Nekazaritza industriaren laguntzaileak dira. Beren burua sindikalistatzat jotzen duten horiei behar diegu fronte bat erakutsi, eta horretarako onena da aho batez mintzatzea. Guk badugu egitura bat hemen, baina Laborarien Konfederazioa sindikatuari afiliatuak gara, eta Via Campesinari mundu mailan. Xede bera ukan dugu beti, gure zerrenda propioarekin aurkeztu garelarik ere. FDSEAk beti leporatu digu politika egitea, Euskal Herriaren alde egitea laborarien alde baino gehiago. Kutsadura politiko hori kentzen dugu, arrunt mezu sindikalean zentratzeko, eredu iraunkorraren alde borrokatuz aho batez.
Hautu hori ez ote da kontraesan politikoa zuen ibilbidean?
Pentsatzen dugu urrats taktiko bat dela, lehena eta azkena. Hurrengoetan ez dugu biarnesekin joaterik izanen, Euskal Herrian kokatuko baitira hauteskundeak, gauzak ongi joanez. Batzuek pentsatzen ahal dute urrats bat egiten dugula gibelera, baina guretzat urrats taktiko bat da FDSEAren mezuari min egiteko. Gure estrategia beti bera da eta historiak, agian, arrazoia emanen digu.
Azken urteetan ELBko bi hautetsi izan dira Paueko Laborantza Ganberan, baina aulkiak hutsik gelditu dira. Zergatik deliberatu zen ez gehiago Pauera joatea?
Ez baitzuen ezertarako balio hara joatea. Joaten zara Pauera gogoaren kontra pentsatuz oraino zerbait lortzen ahal dugula. Urte bat, bi urte, hiru urte... baina ez duzu ezer egiten, eta zer pintatzen dugu han? Ez genuen inolako pisurik, eta, gainera, baztertuak eta mespretxatuak ginen.
Hautetsiak lortzen badituzue berriz ere, oraingoan ELBko aulkiak okupatzera joanen zarete Pauera?
Han izanen diren ordezkariek laborariak defendatuko dituzte, bai euskaldunak eta bai biarnesak. Emaitzaren arabera ikusiko dugu nor joanen den Pauera, baina kadirak okupatuko dira.
Nolako emaitzak espero dituzue?
Kanpaina honetan FDSEAren kudeaketaren bilana eginen dugu. Azken urteotan izigarriko mina egin dute. Behi esnearen krisia izugarria izan zen; alimaleko borroka izan zen, eta ez bakarrik ELBko eta Laborarien Konfederazioko laborariekin. Oroitaraziz FDSEAk orduan industriaren alde jokatu zuela eta orain ardi esne sailean industriarekin nola ari den eskuz esku... Espero dugu min hartuko dutela eta emaitzak hobetuko ditugula. Gero ez da horretan mugatzen dena, hauteskundeak etapa bat baizik ez dira.
2005ean, Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG) sortu zen. Zer eskumen ditu, edo zer du eskas Paueko Ganberari konparatuz?
Eskumen ofizialik ez dugu, hori da inportanta; Pauek badu CDOA (Laborantza Orientaziorako Departamentu Batzordea); horretan hainbat eragile biltzen dira eta erabakiak hor dira hartzen; guk ez dugu hori. Ainhizen [Baxenabarre] sortu dugun egitura iragankorra da; ez dugu erabakitzen dirua nora bideratu eta beste. Baina instalatzeari buruz eta laborantza iraunkorra praktikan erakusteko eta laguntzeko lan egiten du EHLGk. Baserriak autonomoak izateko pisu handia du EHLGk, tresnak ematen baititu horretarako. Zaila izan da; prefeta saiatu zen herriko etxeen laguntzak mozten. Orain, auziak irabazirik, alor batzuetan laguntza gehiago lortzen ditugu. Zilegitasuna ere irabazi dugu hainbat instituzioetan.
Ipar Euskal Herriko hautetsiak lurralde elkargo baten eskaera egiteko adostasun batera heldu dira. Nola ikusten duzu hori?
Euskal Herriko Iparralde honetan garenez geroz, hemengo nekazari eta arduradun sindikal gisa gure kezka da bihar ere baserri mundu honek eginahala bizirik irautea. Horretarako askoz hobeki izanen da guk hemen erabakitzeko gunea baldin badugu. Sektore profesional gisa aitzindari izan gara; Batera-ren eskakizunetatik gu gara aitzinatuenak izan; ongi jorratu dugu bide hori, eta EHLG tresna alternatiboa sortu dugu. Auziekin ez dugu amore eman, eta barnatu ditugu aliantzak jendartearekin. Uste dut gure harria ekarri dugula adostasun hori lortzeko.
Panpi Sainte-Marie. ELB sindikatuko bozeramailea
«Bozetan aurkeztea urrats taktiko bat da, FDSEAren mezuari min egiteko»
Paueko Laborantza Ganberako hauteskundeak izanen dira 2013ko urtarrilean. Lehen aldiz, ELB sindikatuak zerrenda bat osatuko du Biarnoko Laborarien Konfederazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu