BBK eta Vitalen eraldaketa. Patronatuak

Boterea eta etorkizuna, patronatukideen esku

Banku fundazioak hamabost pertsonako talde batek zuzenduko ditu orain.Kideak ordezkatzeko eskumena patronatuak berak izango du.Bi heren beharko dira Kutxabanken akzioak saltzeko

Ivan Santamaria.
2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
BBK eta Vital aurrezki kutxa ohiak banku fundazio bihurtu dira. Aldaketa juridiko hutsa baino gehiago da, gutxienez, orain arte kutxak zuzentzeko eta aukeratzeko zeuden arauekin alderatuz gero. Banku fundazioaren boterea, erabakiak eta etorkizuna patronatuaren eskuetan geratu dira, betiko.

Patronatua hamabost pertsonako talde bat izango da BBKren eta Vitalen kasuan. Nolabait esateko, gaur egun aurrezki kutxek duten administrazio kontseiluaren pareko organoa izango da. Baina hor aldaketa oso esanguratsua gertatu da. Aurrezki kutxetan zegoen botere organo gorena desagertu da: batzar orokorra.

Kutxen kontseilua aukeratzeko eta erabaki funtsezkoenak hartzeko lekua zen batzar orokorra. Talde ezberdinetik zeukaten ordezkaritza baino gehiago, elementu erabakigarria osatzeko prozesua zen. Lau urterako aukeratzen ziren kontseilari nagusiak —batzarkideen izen ofiziala—, eta aldaketa horretan unean uneko gehiengoak islatzen ziren. Alde batetik, administrazio publikoen ordezkariak izendatzerakoan hauteskundeen emaitzek eragin zuzena zuten. Bestetik, batzarraren ia erdia bezeroen ordezkariak ziren, hauteskunde zuzenen bidez aukeratutakoak.

Fundazioekin akabo batzarrak eta bozen prozesuak. Hala BBK-k nola Vitalek onartu dituzten estatutuen arabera, agintzen ari diren patronatukideek erabakiko dute agintaldia amaitzean nortzuk ordezkatuko dituzten, bestelako bozketa edo bermerik gabe. Beste era batera esanda, orain eratutako patronatuen egitura politikoa betikotzeko aukera dago, erakunde publikoetan gehiengoak eta agintariak aldatu arren.

Aukeratzeko prozesuarekin batera, talde ezberdinek duten ordezkaritza ere nabarmen aldatu da. Espainiako Kutxa eta Fundazio Legeak ezarri du %25 baino gehiago ezin dela izan administrazio publikoen ordezkaritza. Alderdi, enpresaburu, elkarte edo sindikatuetan kargu exekutiboren bat izatea edo hautetsi izatea bateraezina da patronatukide karguarekin. Administrazioko goi kargudunek postua utzi eta bi urtera izan litezke patronatuko partaide.

Erakundeek, hiru eserleku

BBKren eta Vitalen estatutuek hiru eserleku gorde dizkiete erakunde fundatzaileei. Hau da, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta Gasteizko eta Bilboko Udalek. Patronatuaren %20 baino ez da izango. Kide horiek proposatzeko aukera izango dute aldundiek eta udalek, baina azken onarpena patronatuaren eskuetan geratuko da, betiere.

Zeintzuk dira patronatuko beste kideak? Estatutuek gutxieneko bat finkatu dute interes kolektiboen ordezkarientzat (bi eserleku Vitalen eta bakarra BBKn). Esaterako, DYAk Kutxako administrazio kontseiluan zuen ordezkariak interes kolektiboko erakundeak ordezkatzen zituen.

Beste bi taldeen kasuan, definizioa askoz ere lausoagoa da. Pertsona «independenteez» hitz egiten dute estatutuek, «finantzen ezagutza eta esperientzia» dutenak, edo banku fundazioaren helburuetan «prestigioa» duten pertsonak. Bi talde horiek osatuko dute patronatuaren nukleo gogorra, BBKn 11 eta Vitalen 10 eserlekurekin. Kontrolaren bi heren baino gehiago.

Aurrezki kutxetan bestelakoa zen ordezkaritzaren banaketa. Administrazio publikoek %40 betetzen zuten (%17 erakunde fundatzaileek, %17 udalerriek eta %6 batzar nagusiek). Beste %7 langileen ordezkariak ziren (sindikatuek izendatuta), eta %5 interes kolektiboak ordezkatzen zituzten erakundeak. Ordezkaritza handiena bezeroek zuzenean aukeratutakoa zen (%48). Praktikan kutxen kontrola alderdi politikoen eskuetan egotea ahalbidetzen zuen sistema horrek, bezeroek bozkatu beharreko hautagaitza ia guztiak alderdiek antolatu eta sustatutakoak zirelako.

Fundazio bihurtzeak esan nahi du alderdiek organoaren kontrola galdu dutela? Bada, ez. EAJk, PSEk eta PPk akordio bat egin dute eserlekuak banatzeko. Alegia, alderdi horiek proposatu dituzte lehen patronatukideak. BBKn, EAJk bederatzi kide izango ditu, PSEk hiru, PPk eta CCOOk bana, eta independente bat. Vitalen, PPk zortzi patronatukide izango ditu, EAJk lau, PSE-EEk bi, eta bat izendatu du CCOOk.

Aurrerantzean, horiek aukeratuko dituzte euren ordezkoak. BBKren estatutuek diote azken bi taldeetako patronatukideak aukeratu behar direnean «lurralde historikoaren erakunde publiko eta pribatuei» hautagaiak proposatzera gonbidatuko zaiela. Vitalen, ezta hori ere. Hots, hautagaiak proposatzea ere patronatuaren ardura izango da.

Akzioak saltzeko, bi heren

Patronatuak gidatuko du, hortaz, aurrezki kutxa ohien gizarte ekintza, eta garrantzitsuagoa, Kutxabanken dituzten akzioen jabe ere izango da. Erabakiak gehiengo bidez hartuko dira, baina estatutuek salbuespen bat jarri dute: bi heren beharko dira fundazioak Kutxabanken duen parte hartzean inolako aldaketarik erabakitzeko. Alegia, hamar boto. Horrek esan nahi du erakunde fundatzaileen ordezkariek ez dutela aukerarik izango halako akzioak saltzeko erabaki bat gelditzeko, ezta interes kolektiboetako ordezkariak lagunduta ere.

Fundazio bihurtuta, aurrezki kutxek Kutxabanken duten jabetza osoa galtzea bihurtu da benetako polemika prozesu honetan. Patronatuak izango du azken hitza horretan. Baina prozesu horrek izan ditzakeen ondorioek eragin handia edukiko dute fundazioen eginbeharretan ere.

Finantza negozioa bankuaren esku jarrita, aurrezki kutxen egiteko bakarra gizarte ekintza egitea izan da. Alegia, Kutxabanken dituen irabazietatik parte bat kudeatu eta gizarte ekintzan inbertitzea. Haatik, Mario Fernandezek buruan duen diseinuan botere eta ahalmen ekonomiko handiagoa izango lukete fundazio horiek.

Fernandezek akzioen %70 arte saltzeko aukera aipatu du. Salmenta horretan lortutako dirua fundazioen kutxara joango litzateke. Diru hori —milaka milioi euro— inbertitzea eta etekin horiekin gizarte ekintza finantzatzea planteatu du Fernandezek. Hau da, patronatuak inbertitzaile instituzional handienetako bat izango lirateke Euskal Herrian. Eta kontrola eta boterea patronatukideek baino ez dute izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.