Bost umetik bat, pobrezian

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan txirotasunean bizi diren hamar lagunetik sei 35 urtetik beherakoak dira, EGAB batzordearen arabera

xabier martin
2014ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Duela sei urte luze hasitako krisiaren zauriak sakon uzten ari dira euren marka euskal gizartean. EGAB Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak 2013ko txostenean jaso duenez, pobrezia arriskuan dauden haurren kopuruak gora egin du nabarmen aurreko urtean, eta jada %22,3 ume daude egoera larri horretan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Umeen pobreziari aurre egiteko, «politika bereziak» eskatu ditu batzordeak. Guztira, 64.000 adingabe dago pobrezia arriskuan edo ongizaterik gabe. Ongizatea luxu bihurtu zaienen multzoa, izan ere, asko handitu da azken urtean, eta poltsa horretan 35 urtetik beherakoak dira gehienak: hamarretik sei, hain zuzen. EGABek dio kopuru hori mugatzea zaila dela eta litekeena dela handiagoa izatea, adin horretatik beherako gazte asko gurasoen etxean bizi direlako oraindik. Beraz, susperraldi ekonomikoa bidean egon edo ez, azken urteetako lurrikara ekonomikoaren pitzadurak agerikoak dira jadanik euskal gizartearen ehunean.

«Euskadin, egiazko pobreziaren hamar kasutik bederatzitan, familiaburuak ez du ikasketa kualifikaturik», dio batzordeak txostenean. «Pertsonetan eta haien hezkuntzan inbertitu behar da, enplegu politikak hobetu behar dira, eta gizarte babesaren sistemetan eraginkortasuna areagotu». Batetik, krisiari aurre egitea nahi du batzordeak, eta, bestetik, «ongizatea hobetzeko bitartekoak indartu».

Laguntzen gastuak

Eta, egoera honekin, posible izango ote da gizarte babesari orain arteko mailan eustea? Hala espero du EGABek. «Ekonomiaren eboluzioak bizi-baldintzetan izandako eraginak ahaleginhandiagoa eskatu dio diru sarrerak bermatzeko euskal sistemari —etxebizitzarako laguntza osagarria eta gizarte larrialdiko laguntzak—», azaldu dute txostenean. 2013an, aurreko urtean baino %4,6 handiagoa izan zen aurrekontua: 452 milioi euro —diru sarrerak bermatzeko errentarako %80—. 2008tik 2013ra, 62.000 gehiago dira DBEaren etxebizitza hartzaileak: %75 gehiago. Laguntzen gastua 168tik 360 milioi eurora pasatu da. Hala ere, diru sarrerak bermatzeko sistemaren iraunkortasuna «egungo estaldura mailetan» bermatu ahal izatea «espero» du EGABek.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia eta gizartea aztertzen duen kontseiluak, ordea, joera «positiboa» nabarmendu du ekonomiaren hazkundeari dagokionez. Ekonomia %1,2 jaitsi zela dio, baina 2012an %1,6koa izan zela jaitsiera. Enpleguaren eboluzioa «arinki positiboa» izan zen, batez beste %0,1 igo zelako; lanaren produktibitateak %1 egin zuen gora, «Europako Batasunean erregistratutakoaren gainetik». Batzordearen ustez, «Europako herrialde erreferentzialen gainean alde positiboa edukitzea funtsezkoa izango da euskal enpresen lehiakortasunerako».

EGAB batzordeak garbi dauka laguntzen jomuga «arrazionalizatu» egin behar dela urteotan atzeraldiak euskal ekonomian eragin duen higadurak kalte handirik eragin ez dezan sektore publikoan. «Baliabideak urriak direla eta, jomugak modu egokian arrazionalizatu behar dira». Gainera, azpimarratu du besteak beste «funtzionamenduaren gastuen gisako diru sailei eutsi behar zaiela» herritarren ongizatean zuzenean eragiten duten diru sailak arriskuan ez jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.