Bi urte bete ditu BAT B Acceleration Tower izeneko dorreak, Bizkaian ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko helburuz irekitako guneak, eta egitasmoaren bigarren faseari ekinez ospatu dute urteurrena. Aurrerantzean, proiektuak bost solairu gehiago hartuko ditu, eta eskaintzen duen metro koadro kopurua bikoiztu egingo dute, 4.000tik 8.000ra igarota.
Bilboko Bizkaia eraikinean dago BAT, hiriburuko erdigunean, behiala BBVAren egoitza izandakoan. Haren helburua da Bizkaiko enpresa sarea indartzea, eta enpresa sortuberriei beste enpresa batzuekin konektatzen laguntzea, horretarako azpiegitura eta giro egoki bat eskainiz.
Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, enpresa hasiberriek, korporazioek, inbertitzaileek, zentro teknologikoek, unibertsitateek eta abarrek osatutako «komunitatea» sortu dute, eta gaur egun berrehun eragile inguruk parte hartzen dute horretan. Eskaintzen duten lekuaren %80 hartuta dago jadanik.
Bizkaiko start-up edo enpresa hasiberrien %47 BAT dorrean daude. Orain, bost solairu gehiago hartuta, Bizkaia eraikinaren bederatzi solairu izango ditu egitasmoak, eta 450 lanpostu berri sortuko dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du bigarren fase honetan bederatzi azelerazio programa berri jarriko dituztela abian.
BATen bigarren fasea abian jartzeaz batera, B Acceleration Week izeneko bilkura ere antolatu dute dorrean. Egunotan, ehun start-up eta 50 korporazio eta inbertsio entitate inguru ari dira parte hartzen bilkura horretan. Enpresa hasiberri guztien artean bat aukeratuko dute, urrian Start-up World Cup izeneko lehiaketaren finalean parte har dezan, San Frantziskon (AEB). Lehiaketa horretako garaileak milioi bat dolarreko inbertsioa jasoko du.
Erakundeetako ordezkariak
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatzen dute BAT egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren sostenguarekin, eta hiru erakundeetako ordezkariak egon dira bigarren fasearen inaugurazio ekitaldian. Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek esan du egitasmoaren ezaugarri nagusiak ekintzailetza, lankidetza, lehiakortasuna, talentua eta berrikuntza irekia direla.
Etxanobek azaldu duenez, BAT mundu osoko ekintzailetza zentro nagusiekin konektatuta dago, eta, horri esker, «Bizkaia eta Euskadi Europako hegoaldeko ekintzailetza zentro handienetako bat» bilakatu dira.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesentzat «berezia» izan da BATen bigarren fasearen aurkezpenean parte hartzea; izan ere, bera izan zen proiektuaren sustatzaile nagusietako bat, Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapenerako foru diputatua izan zenean. Etxanobek nabarmendutako ezaugarriez gain, beste bat azpimarratu nahi izan du Pradalesek: egitasmoaren «konektagarritasun ahalmena».
«Euskadik eta enpresek geroz eta gehiago begiratu behar diogu munduari; konplexurik gabe, eta loturarik gabe», esan du Pradalesek, eta erantsi du helburua izan behar dela lurraldearen interesak defendatzeko aukera ematen duten leku guztietan egotea.
Bilboko alkate Juan Maria Aburtok, berriz, esan du BAT dorrea «egitateen politikaren adibide aparta» dela: «Beharrean jarraitzen dugu talentua erakarri ahal izateko, ekonomia indartsua izateko eta gazteak hemen geratzeko».
«Etxea teilatutik eraiki»
EH Bilduren iritziz, ordea, EAJ «etxea teilaturik eraikitzen» ari da BAT dorrearen egitasmoarekin, eta «benetako politika industrial baten gabezia» ezkutatzen saiatzen ari da, «marketinarekin zerikusi handiagoa duen ekinbide batekin».
Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko bozeramailearen hitzetan, Bizkaia «I+G arloan atzean geratzen ari den bitartean, Bizkaiko ekonomiaren zerbitzazioak eta turistifikazioak gora egin du, industriaren kaltetan». Haren iritziz, BAT dorrearena ez da tresna eraginkorra «Bizkaia bere izaera industrialera itzultzeko», egitasmoak duen benetako eragina «txikia» baita.