Etorkin batzuk ongi etorriak dira Donald Trumpen administrazioarentzat. Haren beste ideia biribil horietako bat da: bost milioi dolarreko urrezko txartela erostearen truke, AEBetan bizitzeko baimen iraunkorra izango dute, eta herritartasuna lortzeko bidea.
Orain arte EB-5 programak betetzen zuen AEBetako urrezko bisaren egitekoa: bizileku baimena ematea eta herritartasuna lortzeko erraztasunak eskaintzea. EB-5 bisa lortzeko, berriz, lanpostuak sortuko dituen inbertsioa egitea eskatzen zaie atzerritarrei, 1,05 milioi dolarrekoa —800.000 dolar zenbait tokitan— .
Trumpen urrezko txartelak, ordea, ez du inbertsiorik eskatzen, ezta etxebizitzak erostea eskatzen ere, beste herrialde batzuetan egiten den moduan. Bost milioi dolar ordaintzea, hori besterik ez.
Oraindik ere xehetasun gehiago eman beharko ditu AEBetako presidenteak, baina diru hori Gobernu Federalaren zorra murriztera bideratzeko asmoa du. «Halako milioi bat sal ditzakegu, agian gehiago. Adibidez, milioi bat salduta, bost bilioi lirateke».
«Ei, errusiar oligarka jator askoak ezagutzen ditut»
DONALD TRUMPAEBetako presidentea
Trumpek adierazi duenez, zorra murrizteaz gain, hazkunde ekonomikoa ere sustatuko lukete, «aberatsak izango baitira, arrakastatsuak, eta dirutza ordainduko baitute zergatan». Kazetari batek galdetu zion ea ez ote den oligarka errusiar baten bat izango txartelen erosleen artean, eta zera erantzun zion Trumpek: «Ei! Errusiar oligarka jator askoak ezagutzen ditut. Posible da».
Baina aberatsek nahiko al dute Trumpen urrezko txartela? Hain zuzen, horri erantzun nahian, Forbes-ek ariketa polit bat egin zuen otsail bukaeran: mundu osoko hemezortzi ultra aberatsi galdetu zien ea interesatzen zitzaien txartel hori. Haietatik hamahiruk esan zuten ez zitzaiela interesatzen; hiru zalantzan agertu ziren; eta bik aitortu zioten Forbes-i serio aztertzen ari zirela txartela erosi ala ez.
Galdetutako ultra aberats gehienen ustez, milamilioidun izanik, ez dago halako txartelen beharrik. Besteak beste, diru gutxiago erabilita badutelako dagoeneko AEBetan negozioak egiteko modurik, edo ez dutelako beren herrialdetik alde egiteko asmorik.
Zergarik ez
Kostu onurei begira, AEBetako herritartasunak badu zama berezirik aberastasunaren ikuspegitik; izan ere, estatubatuarrek, atzerrian bizi badira ere, AEBetan pagatu behar izaten dutelako errenta zerga, baita atzerrian izandako etekinengatik dagokiona ere.
Trumpek azaldu duenez, atzerrian lortutako mozkinak zergapetzetik salbuetsiko lituzke urrezko txartel berriaren jabeak. Hori izan daiteke txartela erakargarri egiteko modu bat, baina zaila beste estatubatuarrei esplikatzeko.
Mugikortasunari dagokionez, badira AEBetakoa baino pasaporte indartsuagoak bisa eskatzen ibili beharrik gabe munduan zehar mugitzeko. Eta badira pentsatzen dutenak ere pasaporte hori munduan ibiltzeko zama dela, uste baitute estatubatuarrek arrisku handiagoa dutela gatazketan eta krisietan bahituak edo atxilotuak izateko.