Bide onetik doaz Azpeitiko Azcue y Cia altzari enpresa historikoa biziberritzeko ahaleginak. Langile ohiek egindako eskaintza onartu du enpresaren konkurtsoa aztertu duen Donostiako Merkataritza Auzitegiko Pedro Malagon epaileak. Okerrik ezean, langile ohiek sortu duten enpresa berria, Azkue izenekoa, otsailerako izango da lanean, eta bost aste barru produkzioa merkaturatzeko moduan egotea espero dute.
Auziaren ibilbide judiziala bukatzeko oraindik urrats batzuk egin behar direla azaldu zuen Xabier Oleaga Azkue berriko lehendakariak, enpresako bazkide, senitarteko eta zuzendaritzako kideek atzo egin zuten agerraldian. «Epailearen erabakiari helegiteak aurkezteko bost eguneko epea dago. Gero, epaileak horren gainean erabaki beharko du, eta, ondoren, baimena emango du enpresa saltzeko. Segidan, hilabeteko epea edukiko dugu enpresa erosteko».
Edonola ere, epaileak hasiera batean euren eskaintza onartu izana «erabakigarria» dela iruditzen zaie proiektu berriaren sustatzaileei, Azcue y Ciaren ondasunak euren eskuetan jartzeko bidean.
Otsailaren erdi alderako dena gauzatuta egotea espero dute. Bi milioi eurotan erosiko dituzte langile ohiek enpresaren aktiboak, eta behin salmenta egindakoan, hilabeteko epea izango dute ordaintzeko: «Erdia Langileen Sozietateko langile bazkideen ekarpenekin ordainduko du, eta beste erdia finantza entitateen bidez ordainduko dugu. Jadanik, finantzaketa plana lantzen ari gara, eta laster hitzartuko dugu».
Historia handiko enpresa da Azpeitiko Azcue y Cia. 1933. urtean sortu zen, eta altzarigintzan aritu izan da. Etxegintzaren krisiarekin batera hasi zen Azcueren gainbehera. Hainbat fasetan langileak kaleratuz hasi zen. 120 zituen 2012aren bukaeran itxi zutenean.
Hasteko, 30 langile
Bide berria 30 langilerekin hasiko dute, baina urtearen joanean 50 lanpostu sortzeko helburua dute. 2016. urterako ehun langile izatera iritsi nahi dute, gainera. Lantegi berrirako Azcue y Cia enpresako langile ohiekin lan poltsa bat osatu zuten, eta 74k eman zuten izena. Orain, horiek lehentasuna izango dute enpresa berrirako, «nahiz eta behar den langile izaeraren arabera berri batzuk ere sar daitezkeen», azaldu zuen agerraldian Eduardo Etxarte Azcueko langile ohiak.
Konkurtsoa itxi eta erosketa gauzatu ondoren, Azkue SL berria 22.000 metro koadroko lantegiaren eta bertan dagoen makinen jabe egingo da. Kalitate handiko parketa ekoizten abiatuko dute lana, baina egurraren arloko ekoizpen integrala ere egin nahi dute aurrerantzean. Alegia, altzariak ekoiztea, eta, epe ertainera begira, ateak edo bulegoetako nahiz sukaldeetako altzariak.
Lan sozietate (SL) gisa jarriko dute martxan enpresa berria, itxi zenean zeukan sozietate anonimo egitura alde batera utzita. Bide luzea egin dute konpainia biziberritzeko. Hasieran, lau langile ohiek (Etxarte bera, Antonio Altuna, Jose Ignacio Azpiazu eta Miguel Etxaniz) talde bat sortu zuten, eta Konkurtso Administrazioarekin enpresa barruan lanean pertsona bat aritzea adostu zuten. Ordutik hona, enpresa berriro abiarazteko hainbat aukera landu dituzte langile ohiek, eta, azkenean, lan sozietate bat abiatzea erabaki dute.
Bost aste barru ekoizteko prest izan nahi dute Azpeitiko Azkue berria
Epaileak onartu du altzari enpresa historikoaren ondasunak langile ohien eskuetan uztea, bi milioi euroren truke.Erabakia ez da behin betikoa, baina urrats «erabakigarria» da, beharginen ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu