Borrokaren aldeko mezuak «izaera europarreko» greban

CCOO, UGT eta LSBk Bilbon egin duten manifestazioan 10.000 lagun inguru elkartu dira, sindikatuen arabera

Bilboko Plaza Biribila beteta, CCOO, UGT eta LSBk deitutako manifestazioa hasi aurretik. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia - Joxerra Senar
Bilbo - Iruñea
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Greba Europakoa izan dela izan dute ahotan hainbat sindikatutako ordezkariek. Lehen aldia izan da kontinente osoan «borroka eta mobilizaziorako» deiaegin duela Europako Sindikatuen Konfederazioak, eta horregatik, «mugarria» jarri dela uste du Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak. Hiritarren eskubideen alde borrokatzeko deia egin du, eta horretarako batasunak daukan zeresana azpimarratu: «Europa borrokan dago, beste bide batzuk badaudela erakusteko».

Krisia hasi zenetik, finantza eta ekonomia botereek «bide luzeko lasterketa hasi zuten eredu soziala aldatzeko», esan du Sordok. Bere esanetan, «sindikatuek ere gure bidea daukagu: borrokarena. Eta hor ez dago etsipenerako aukerarik». Damaso Casado UGTko idazkari nagusiak ere borrokatzeko deia egin du: «Urteetan lortutako eskubideak kendu nahi baitizkigute». Eta zentzu horretan, galdera egin dio Mariano Raxoi Espainiako presidenteari, ea eskubideak kentzeak politika egitea ote den.

Adierazpen horiek Euskadiko LSBrekin batera, Bilbon eguerdian egin duten manifestazioaren aurretik egin dituzte. Mobilizazioan 10.000 lagun inguru elkartu dira, sindikatuen iturrien arabera. Pertsona horien guztien artean, alderdi politiko ugaritako kideak egon dira; besteak beste, Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Isabel Salud (Ezker Anitza), eta Jose Navas eta Javier Madrazo (Ezker Batua-Berdeak). Atzerritik etorritako ordezkariak ere izan dira Bilbon: Philippe Mediavilla, Akitaniako CGT sindikatuko kidea. Haren esanetan, «Europa gehiago batu beharra daukagu, politika kapitalistei aurre egiteko».

CCOO eta UGTk Iruñerako deitutako manifestazioa ere eguerdian atera da. Milaka lagun bildu dira Etorkizun gabe uzten gaituzte lelopean. Manifestazio buruan izan dira, besteak beste, Juan Goien eta Jose Maria Molinero UGT eta CCOOko idazkari nagusiak. Ibilbidean zehar, oihu ugari entzun dira: «Hurrengo desjabetzea Nafarroako Jauregian»; «Hurrengo langabea, presidentea»; «Raxoi, gezurti»; «Ez dira gestoreak, lapurrak baizik», eta antzekoak.

Amaieran, Manuel Gomez UGTko Antolakuntza idazkariak Nafarroan grebaren arrakasta azpimarratu du, «erantzuna %70ekoa» izan delako. «Mobilizazioen bidez agintariei esan behar diegu ez gaudela prest bide horretatik jotzeko». CCOOko antolamendu idazkari Raul Villarrek grebaren izaera europarra nabarmendu du. «Europako sindikalgintza langileriaren defentsan atera da. Behekoak goikoen aurka. Oso erraza da ulertzeko, eta horregatik ulertezina da hemen sindikaturen batek ez ulertu izana». Ildo berean kritikatu ditu Sordok sindikatu abertzaleak: «Europa guztia kalean dagoen bitartean, beste sindikatu batzuk zilborrari begira daude».

Sindikatu horiek, Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere egin dituzte mobilizazioak. Donostiakoan pertsona ezagun ugari izan dira, gainera. Besteak beste, Rafaela Romero (PSE-EE), Ander Rodriguez (Bildu), eta Arantza Gonzalez eta Antton Karrera (Ezker Anitza).

Manifestazio gehiago

Mobilizazio gehiago ere egin dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. ESK, CNT eta CGTk, ehunka pertsona batu dituzte Bilbon. Bertan, hiru eguneko greba orokor bat proposatu du CNT sindikatuak: «Zentroek hurrengo asterako behar adina gai ekoizteko aukera eduki ez dezaten». ESK-ko Isabel Castrok bere aldetik, «langabezian dauden pertsonen adina arrazoi» daudela esan du, eta gogorarazi emakumeak direla baldintza okerrenetan daudenak.

Iruñean eremanifestazio jendetsua egin dute CGT, ESK, CNT, Solidari eta beste hainbat gizarte mugimenduk. Euren mezuetan, batasun sindikalaren aldeko mezuak entzun dira. «Europako greba bide egokian egindako urrats bat da. Bide hori batera lantzea ezinbestekoa da», esan du Solidarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.