ELA sindikatuak zehaztu du Maiatzaren Lehenerako leloa: Antolatu, borrokatu, irabazi. Langileen Nazioarteko Egunean, «borroka sozial eta sindikal diferenteetan» dabiltzan militanteei egingo diete aitortza, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gaur Bilbon adierazi duenez: «Aldaketa soziala lortzeko dagoen posizio koherente bakarra da konfrontazio politikoa, soziala eta sindikala». Hiri horretan eta Iruñean egingo dituzte manifestazioak. Biak 11:30ean hasiko dituzte: Bilbokoa Jesusen Bihotza plazan, eta Iruñekoa, berriz, Gurutzeko plazan.
Egungo egoera sozioekonomikoaren ezaugarrietako bat «enpresen etekinen gorakada» dela aipatu du Lakuntzak, eta Ane Zelaia ELAko exekutibako kideak eman du azalpena: «Langile klasea itota dagoen bitartean, hipotekak kobratzen dituzten bankuek %26 hazi dituzte euren etekinak». Mercadonaren etekinak %40 handitu direla nabarmendu du Zelaiak, eta horrek, haren iritziz, agerian uzten du prezioen gorakadek ez dutela zerikusirik lehengaien prezioen igoerarekin: «Enpresa handiek aprobetxatu dute negozio borobila egiteko».
Enpresen etekinek gora egiten duten heinean langileen lan eta bizi baldintzak okerrera doazela ziurtatu du ELAk. «Gogor salatu nahi dugu langile klasearen pobretze progresiboa», esan du Zelaiak. «Enpresek gure soldatak %17 murriztuko balituzte hiru urteko epean, enpresa gehienetan iraultza bat izango genuke; baina pobretze hori inflazioak eragiten duenean, langile klaseari aditzera ematen zaio pobretze horrek ez duela errudunik, eta errudunak baditu». Etxebizitzen eta alokairuen prezioak oraindik ere garestitzen ari direla gogoratu du Zelaiak, eta horrek familiak itotzen dituela.
Are, nahiz eta okupazio tasak gora egin, ELAk esan du gorakada hori «langileak prekaritatera kondenatzearen kontura» gertatu dela. Hain zuzen, iaz puntu bat areagotu zen behin-behinekotasuna, eta emakumeena gizonezkoena baino sei puntu gorago dago. Horrez gain, Zelaiak gogoratu du sortutako lanpostuen erdiak lanaldi partzialak direla.
«Gogor salatu nahi dugu langile klasearen pobretze progresiboa».
ANE ZELAIAELAko exekutibako kidea
Egoera horren aurka, «Gasteizko eta Iruñeko gobernuen konplizitate politikoa» kritikatuko du ELAk Maiatzaren Lehenean, langile klasearen «pobretzea» areagotzen duten politikak babesten dituztelako. Eta ez hori bakarrik: «Osasun publikoan pribatizazioa sustatzen dutelako, etxebizitzan politika sendorik ez dutelako, zaintza sistema pribatizatu eta prekarioa babesten dutelako, eta fiskalitatean enpresa handien alde egiten dutelako». Zelaiaren ustez, horiek izan beharko lirateke gobernuen «lehentasunak» eta «kezka nagusiak».
Norabide aldaketa sakona
Ezker instituzionalaren «oposizio eta alternatibarik eza» ere bada egungo egoeraren auzi nagusietako bat, Lakuntzaren esanetan. Hain zuzen, haren ustez, ezkerrean lortu beharreko «adostasunak» egungo politikak salatuz hasi beharko lirateke, «alternatiba sozial, feminista eta ekologikoa» defendatuz.
Politika publikoek «norabide aldaketa sakona» behar dutela ondorioztatu du idazkari nagusiak, botere ekonomikoek eta patronalek ez dezaten «aurrekontuetan eta politika publikoetan agindu». Gaur egun hala dela uste du: «Zaintza sistema pribatizatuaren atzean interes ekonomikoak daude, baita Osakidetzaren deribazioen, etxebizitza politiken eta fiskalitatearen atzean ere».
Lakuntzak argi du «konfrontazioa» dela aukera bakarra interes ekonomiko eta patronal horien aurka. «Antolakuntza kolektiboa eta borroka sindikala besterik ez zaizkigu geratzen; ez dugu aurrera egingo konfrontaziorik gabe». Era berean, esan du konfrontazioari uko egitea «langile klasearen beharrak» alboratzea dela.
«Zaintza sistema pribatizatuaren atzean interes ekonomikoak daude, baita Osakidetzaren deribazioen, etxebizitza politiken eta fiskalitatearen atzean ere».
MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia
Lakuntzak adierazi du langile klasearen lorpenak ez datozela erakundeetatik eta elkarrizketa sozialetik, antolakuntza kolektibotik baizik. ELAren eredu sindikala jarri du horren adibidetzat: «Nahiz eta langile klasearen gehiengoaren soldatak inflazioaren azpitik jarraitu, Euskal Autonomia Erkidegoan negoziatutako hitzarmen kolektiboetako soldatek %4,6 egin dute gora, Euskal Herrian aplikatzen diren estatuko hitzarmenetan %3,5, eta ELAk lortutako hitzarmenetan, berriz, soldatek %6,5 egin dute gora». Hortaz, ondorio bat atera du: «Zenbat eta greba eta borroka sindikal gehiago, orduan eta hitzarmen gehiago eta hobeak».
Palestinaren aldeko aldarria
Maiatzen Lehenean «sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazistaren ondorio tragikoak» ere borrokatuko ditu ELAk. Hain zuzen, Zelaia kezkatuta mintzatu da Europako egoeraz, belizismoaren gorakada hizpide izanik: «Europako Batasuneko estatuek gastu eta industria militarra indartzeko erabakiak hartu dituzte, babes sozialeko gastuetarako austeritate politikak defendatu bitartean». Gehitu du Europako politikak ez direla «berdeak, sozialak eta bakera bideratutakoak».
Palestinaren aldeko oihua ere eramango dute kalera, estatu propio baterako eskubidea aldarrikatzeko. Are, Mendebaldeko botereei exijituko diete utz diezaiotela Gazan eta Zisjordanian gertatzen ari den genozidioaren konplize izateari.