Borroka molde bat, 40 urtez

1982an sortu zen ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna Ipar Euskal Herrian, beste laborantza mota baten alde borrokatzeko. Ekintzak, manifestaldiak eta pedagogia izan dira sindikatuaren ezaugarriak 40 urteko ibilbidean. Ospakizun eguna antolatu du gaur, Donibane Garazin eta Izpuran.

Kako etxaldeko auzia. SAFER-en bileran, 2008ko urtarrilean Donapaleun, jendarmeek bidea itxi zieten manifestariei. ELB.
Iñaki Etxeleku.
Ainhize-Monjolose
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
L aurogei bat laborari bildu ziren biltzar eratzailean Euskal Herriko Laborarien Batasuna sortzeko: ELB sindikatua. Horra arte, nagusi zen FNSEA sindikatuan ziren denak. 1982a baino lehenago, alta, Ipar Euskal Herriko laborari belaunaldi gaztea hasia zen jada bazterren harrotzen, beste laborantza eredu bat helburu.

Ikusi gehiago:Panpi Sainte-Marie, ELB sindikatuko idazkari nagusia: «Laborariarentzat hobe da auzoak izatea, lurrak izatea baino»

Euskaldunon Egunkaria-ren artxiboak begiratuz, argi da ELBren ezaugarria zein izan zen lehenbiziko bi hamarkadetarik: ekintzak, manifestaldiak, pedagogia. 1990eko hamarkadako urteak behi eta ardi esneen kuota eta prezio zuzenagoen aldekoak izan ziren. Esnetegi okupazioak, Frantziako Estatuko laborantza administrazioaren ordezkaritzen okupazioak Baionan edota Pauen (Okzitania), esne saileko arduradunen eta esne kamioien atxikitzeak, manifestaldi biziak, eta abar.

Urtez urte bere bidea egin zuen Paueko laborantza ganberako hauteskundeetan, FDSEA aitzintzeraino Ipar Euskal Herrian. 1995eko otsailaren 2ko Euskaldunon Egunkaria-ko izenburuak hala dio: «ELBk Ipar Euskal Herriko laborarien lehenengo indarra izaten erdietsi du» (%47, 09 egin zuen; FDSEAk %46, 7). Sei urte berantago, gehiengoa lortu zuen. 2005eko urtarrilean etorri zen Euskal Herriko laborantza ganbera alternatiboaren sortzea.

Laborantza lurraren defentsak ez du etenik izan gaur arte. 2008an, Ainharbeko Kako etxaldean Fred Larrañagak bere bizibidea egiten jarrai zezan, gogoak markatu dituen mobilizazioa gertatu zen Donapaleun, SAFER erakundeak Larrañagari ukatu ziolarik lan egiten zuen etxaldea. Gero, mobilizazio hartan ziren militante batzuen kontrako auziak, berdin.

Azken urteetan, hegazti gripearekin ahate eta oilo hazkuntza ttipiek pairatu hilketa neurriei buru egiteak du ELBren ibilbidea markatu, herritarrek lauzkaturik. Halaber, Arbonako laborantza lurren defentsan.

Bernadette Oillarburu (Irisarri, 1950), ELBren sortzaileen artean zen. Entzuna zuen CDJA bazela Garazin «biziki dinamikoa» — FDSEA sindikatuko gazteen adarra zen—. Harremanetan sartu zen Peio Iralur donazahartarrarekin halako taldea sortzeko Iholdi-Oztibarre aldean. «Ordukoz, CDJA hori ez zen CNJAren pentsamenduetan» [CNJA, Frantzia mailako FNSEAko gazte adarra].

«Pindarra»

Ipar Euskal Herriko CDJAkoak hasiak ziren ekintzetan. «Sentitzen genuen gure ekintzak ez zirela Pauekoetarik sustengatuak», erran du Oillarburuk. 1980ko apirilean, Aveyrongo (Okzitania) Roquefort enpresak Larzabalen zuen esnetegiaren aitzinean egin elkarretaratzea lekuko. «Aveyronekoekin prezioen berdintasuna galdegiten genuen». FNSEAko Paueko buruzagiek ez zuten batere preziatu. Emeki-emeki hazi zen euskal laborari gazte horien baitan sindikatu nagusitik atera eta beste baten sortzeko ideia.

Hiru urtetarik egiten ziren FDSEAko —FNSEAko departamendu maila— herrietako ordezkarien hautatzeko bozkak. 1978an ukan zuten eztabaida handia jada euskal herritarrek. Ordezkaritzak bereganatu eta barnetik eragin, edo beste sindikatua sortu? «Ez ginen oraino prest».

1981ean berriz jin ziren barne bozkak, eta berriz ere eztabaida: egon ala joan? «Baina, ezin trenka». Oillarburuk FDSEAko emazte batzordean parte hartzen zuen. Batzorde bakarra izan zen erantzun argi bat eman zuena, idatziz. Besteak beste, zioten «FDSEAn izatea eskuindarra izatea» zela. «Uste dugu momentu egokia dela zerbaiten egiteko», erranez bukatu zuten gutuna. ELBren sortzeko «pindarra» izan zela uste du Jutsiko laborariak.

ELB sortu ondoko hilabeteetan, ofizialki. Lehenbiziko urtean bilkuraz bilkura ibili zirela gogoan du Oillarburuk. Aldaketa handia zen; beraz, ez hain erraza: «Haustura bat izan zen». Batzuek zioten Enbatakoak zirela sortzaileak. «Sufrikario zerbait izan zen; ez baita sekula goxo auzoarekin moztea ideiengatik», baina «emeki-emeki leundu zen». Mezua argi zuten: «laborantza produktibista» ez zuten defendatuko. «Beste sindikalismo molde bat» nahi zuten. Hala zioten Laborari aldizkariaren 1. zenbakitik.

Beste laborantza mota bat helburu, formakuntza bat antolatu zuten 1985ean, ardi hazkuntzan Pochon deitu pentzeei buruz. Formakuntzak FDSEAri lotu formakuntza kutxa batek ordaintzen zituen, komunzki. Baina errefusa ukan zuten. Formakuntza kutxako ordezkariak Lur Berriren egoitzan ziren egunean, ezetza ukanik, lurrean etzan ziren ELBkoak eta formakuntza kutxakoak —bat salbu—; «jalgi ziren gelatik gure gainean kurrituz». Sinboloa ez zen ttipia.

Esperientzia humano azkarra izan zaio ELBrena Oillarbururi. «Familia handi bat izan da; alimaleko elkartasuna sortu da gure artean». Uste du dinamika bat sortu duela, gazteek segitzen dutena. Orduko helburuak berak direla dio: «Laborari bakar batek ez duela desagertu behar genioen. Hori, hain segur, ez dugu lortu, baina uste dut ELBri esker dela hainbeste laborari gazte plantatzen Euskal Herrian».

Enbor beretik

ELBn sartu azken belaunaldikoa da Julen Perez (Ostankoa, 1989). Ahate hazle da Lohitzüne-Oihergin, eta erdiz erdi jo dute hegazti gripearen ondorioz Frantziako administrazioak hartu erabakiek. Osagarriz sano diren berea bezalako hazkuntza ttipien hilketa. 2017an bizi izan zuen, jendarmeek lagundurik, osasun zerbitzuen hilketa saioa, langile zela Donaixti-Ibarren. «Orduan nuen lehentze zinezko sartzea egin ELBren talde eta borroka horretan», gogoratu du Perezek. Herritarren laguntzaz, laborariek lortu zuten estatuko ordezkariek ez zitzaten sano ziren ahateak hil.

Geroztik, ELBren barneko hegaztien Luma batzordeko ordezkaria da Perez. Argi du Ipar Euskal Herriko etxaldeen defendatzeko molderik hoberena dela ELBrena: «Defendatzeko manera bakarrenetariko bat kolektiboki borrokak eramatea da». Gazteetan sentitzen ditu ildo beretik jarraitzeko hor direnak. «Sail guziak nahasiz, bagara zenbaitzuk engaiatzeko eta bazterrak mugitzeko prest garenak».

Atzo bezala, gaur ere, «sekula laborari baten bizitzeko manera lanjerean emana bada, laborari sindikatu batek behar du beti gaitasuna ukan oposatzeko». Geroari begira baikor da, tokiko laborantza xumeak laborantza intentsibo eta industriala haize kontra badu ere: «ELBk jendea federatuko du, eta beti laborarien nahia aitzinerat emanen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.