Jokin Perona. Gipuzkoako Ogasun diputatua

«Borondate onez ari denak ez du arazorik izango gurekin»

Gipuzkoako denda txikiak, tabernak eta ostatuak asteartean sartuko dira Ticket Bai fakturazio sistema digitalean, eta autonomo gehienak irailetik ari dira harekin; neurriak iruzur fiskalari aurre egitea du helburu

JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Errotaburuko dorreen abaraskan du bulegoa Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak (Orio, 1978). 2015eko abuztuan kargua hartu zuenetik, Ticket Bai martxan jartzea izan du erronka nagusietako bat. Peronaren arabera, ogasuneko langileek «komertzial» lan handia egin dute enpresaz enpresa, «etxez etxe» fakturazio sistema berriaren onuren berri ematen eta zalantzak argitzen.

Zalantza asko daude, eta kexak ere ugari, baina, orain arte, zer arazo izan dituzue?

2016an proiektua abiatu genuenetik, aldaketa batzuk egin ditugu: besteak beste, bi aldiz atzeratu dugu ezarpena, finantza arloko erabakiak hartu ditugu —kenkariak eta horiek ezartzeko moduan—, diru laguntza zuzenak eman ditugu ekipoak-eta egokitzeko, eta erretiroa hartzear dauden profesionalei keinu egin diegu [sistematik kanpo aritzeko aukera dute]. Aldaketa horiek eragileek eskatuta egin dira, eta kolaborazio luze eta emankor baten emaitza izan dira.

Eta aurrerago arazo gehiago sortzen badira?

Kasu puntual bat badago benetan zailtasunak dauzkana, egoera berezi bat daukana, prest gaude erantzuteko, betiere kasua arrazoizkoa eta arrazoitua bada. Guk beti agertu dugu sentsibilitatea. Borondate onez dabilenak ez du arazorik izango gurekin.

Kexu denak ez dauka borondate onik?

Entzuten ari garen aldarrikapenak ez dira berriak; konponbide adostu bat eman genien horiei.

Malgu jokatuko duzue?

Malguak izan gara. Arauan aurreikusiak ditugu egoera batzuk, eta, bestelakoak badaude, aztertu, eta araua egokituko dugu. Berdin kasu puntualekin. Orain, gure helburua da jendea sisteman sartzea eta ohitzea.

Enpresa txikiek diote handiekin alderatuta desabantaila dutela.

Guk kontrakoa diogu. Uste dugu eraginkorragoak izango direla. Unean uneko informazioa edukiko dute negozioa eta sektorea nola doazen jakiteko. Eta guk, informazio hori berehala jasota, lanak aurreratu ahal izango ditugu, zerbitzua azkarrago emateko; BEZaren itzulketekin, adibidez. Sistema egonkortzean, inork ez du atzera egin nahi izango.

Tiketa ematen ez duenak berdin jarraitu dezake, edo bi aldeak ados jarrita nahikoa da kontrolari izkin egiteko.

Bai, baina guk informazio gehigarria daukagu; hornitzaileena, adibidez. Badakigu nork nori zenbat saldu dion, eta noiz. Iruzur egiten saiatzen denak zirrikitu gero eta txikiagoa izango du. Kontzientziazioa ere garrantzitsua da: banakakotik asko egin dezakegu.

Demagun negozio batek lehen baino askoz gehiago aitortzen duela orain. Iruzur egiten ari al zen? Zer egingo duzue?

Egoera ezberdinak egon daitezke. Ikusiko bagenu sektore jakin batean hazkunde handia dagoela, begiratu beharko genuke zer gertatu den, koiunturagatik den edo zergatik den. Kontuan hartu behar da azkenengo bi urteak oso bereziak izan direla, eta gorabehera asko egon direla. Kasuz kasu ikusi beharko da, eta zigorra behar badu, izango du.

Kontraste horiek egiteko baliabide nahikorik ba al duzue?

Teknologia, informazioa eta pertsonak dauzkagu. Lehenengo bietatik gehiago daukagun heinean, eraginkorrak izateko ahalmena izango dugu. 30 pertsona gehiago kontratatu ditugu.

Egoera ekonomikoa aipatu duzu. Inflazioari aurre egiteko %2ko deflatazioa ezarriko duzue. Egiten zaizuen kritika nagusia da inflazioak sortzen dituen ezberdintasunak ez direla konpontzen errenta tarte guztietan ehuneko bera ezarrita.

Datuekin hitz egin behar da. Iazko %5,5eko deflatazioarekin eta 30.000 euroko zerga oinarriei ezarri genien 200 euroko kenkariarekin, gutxien dutenak izan dira onura gehien jaso dutenak. Adibidez, 30.000 euroren sarrerak dituen bi seme-alabeko familia baten kuota %8,9 jaitsi da. Gauza bera 20.000 euroko sarrerekin, %21,3. Inflaziotik oso gora, beraz. Aurten, %2ko deflatazioari 200 euroko kenkaria ere gehitu diogu. Bi neurri horiekin, gure esfortzu fiskal guztiaren %76 joaten da 35.000 euro baino gutxiagoko errentetara.

Baina deflatazioak ez ditu kontuan hartzen zaurgarrienak, 14.000 euro arteko errenta dutenak.

Ez, baina, gure eskeman, 200 euroko kenkariak eragina dauka 6.000 eurotik gorakoetan. Gainera, kolektibo horiek aukera dute beste laguntza batzuk jasotzeko.

%2 ez da gutxiegi?

Iraileko deflatatzailea %3 zen. Beraz, uste dugu %2 gehi 200 euro egokia dela. Gainera, esfortzu handia da ogasunarentzat, 60 milioi ingurukoa. Dena den, ikusiko dugu testuinguru ekonomikoak zer bilakaera duen. Iaz, %1,5eko deflatazioarekin hasi ginen, baina, uztailean, beste %4 gehitu genuen.

Neurri hori eta orain artekoak behin-behinekoak dira, eta uste batean oinarrituak: zerga bilketa handiak izango direla aurrerantzean. Baina hori ezin da ziurtatu.

Ez nago erabat ados. COVID garaian, 2019ko apiriletik 2020ko apirilera, gure zerga bilketa 332 milioitik 3 milioira jaitsi zen, neurri fiskal oso indartsuak hartu baikenituen. Zerga bilketa ondo zihoalako? Ez, alderantziz. Egoerak eskatzen zuelako, orain bezala.

Baina badirudi oraingo krisiak luze iraungo duela. Horrek ez ditu egiturazko neurriak eskatzen?

Azken sei urteetan PFEZa eta sozietate zerga erreformatu ditugu. Azken urteetako testuingurua dela-eta, oraindik ez dugu ikusi zein den sistema honen benetako emaitza. Baina esan behar da fiskalitate honekin lortu genuela 390 milioiko jaitsieraren ordez 715 milioiko igoera erdiestea, eta sistemak frogatu duela gai dela halako egoerei aurre egiteko. Aurrera begira, egoera lasaiago batean, azterketa sakonagoa egingo dugu, eta gauza batzuk aldatu behar badira, aldatuko ditugu. Epe motzeko beharrek erabaki okerrak hartzera eraman zaitzakete.

Espainiako Gobernuak aberastasun handien zerga onartu du, Bilduren agintaldian Gipuzkoan ezarri zenaren oso antzekoa; zuek indargabetu egin zenuten.

Ondarearen zerga dugu hemen, eta aldaketa batzuk egin ditugu. Aurreko gobernuarenak ez zituen ezberdintzen finantza inbertsio huts bat eta hemengo familia enpresa batean edo ekintzailetza proiektu batean egindakoak: biek berdin ordaintzen zuten, eta, guretzat, ez da berdina atzerrian kopuru bateko inbertsio funts bat edukitzea edo diru hori bera hemen erabiltzea enpresak eta lanpostuak sortzeko. Batzuei tarifak igo genizkien, eta besteei, jaitsi.

Baina zerga berri hori ezarri beharko duzue orain.

Oraingoz, galdera asko eta erantzun gutxi dauzkagu. Ez dugu testuaren berri. Ateratzean, baloratuko dugu. Dena den, guk badugu gure zerga, ondasunena.

Madrilek hurrengo urtera luzatuko ditu garraiorako laguntzak. Zuek?

Aztertu behar dugu zentzua daukan ala ez. Ikusi behar dugu, esaten denaz gain eta datuekin, benetako eragina zer-nolakoa izan den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.