Prezioen igoera

Bonu sozialean moldaketak egingo ditu Madrilek, argindar fakturak txikitu nahian

Larrialdiko neurriak hartuko ditu biharko Ministroen Kontseiluan, gas garestiaren kolpea arintzeko. Eskuak lotuta dauzka, hala ere, argindar merkatuan aldaketak egiteko, Europako Batasunak erabakitzen duelako horretan.

Castejongo ziklo konbinatuko zentrala, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 14a
12:14
Entzun

Gasaren prezioa argindarretik bereizi ala ez eztabaida gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Europako Batasunean, herrialde batzuentzat oso garrantzitsua baita gas garestiarekin sortutako argindarrak ez hainbeste baldintzatzea —prezio orokorra goratuz— elektrizitatearen faktura.

Egungo merkatua moldatu ala ez, ziurrenez, ez da argituko martxoaren 24-25eko Europar Kontseilura arte. Baina herrialde batzuk hasiak dira tarteko neurriak hartzen, kolpea arindu nahian. Izan ere, Ukrainako gerrak eta gasaren horniduraren inguruko segurtasun faltak gas naturala eta, ondorioz, argindarra neurrigabe garestitu ditu, fabrikak geldiarazi eta kontsumitzaile arrunten aurrekontuak erabat iraultzeraino. Europar Kontseilu horretan zalaparta izango da gaiarekin.

Ikusi gehiago:Ezantza litroak hamabost zentimoko deskontua izango du lau hilabetez Iparraldean

Tarteko neurri horien artean kokatu behar dira Espainiako Ministroen Kontseiluak bihar hartuko dituenak. Cinco Días egunkariaren arabera, dekretua onartuko dute Madrilen, kontsumitzaile zaurgarrienei eta enpresei egoera arintzeko.

Bonu soziala. Hura jasotzeko eskubidea duten kontsumitzaileek (1,2 milioi Espainian), orain arte, behartuta zeuden araututako tarifa izatera (PVPC delakoa). Tarifa hori handizkako merkatura eta haren preziora dago lotuta zuzenean, eta, azken urteetan merkatu librekoak baino merkeagoa izan arren, araututako tarifak igoera ikusgarriak izan ditu azken hilabeteetan. Bonu sozialaren eta tarifa arautuaren arteko lotura askatuko du Madrilek. Azken hilabeteetan, Espainiako Gobernuak handitu egin du bonu soziala dutenei ezartzen zien deskontua, %25etik %60ra —%40tik %80ra zaurgarrienei—.

Bonuaren finantzaketa. Herritarrei faktura murrizten zien laguntza hori, orain arte, argindar merkaturatzaileek ordaindu dute, baina biharko dekretuak bonu sozialaren finantzatze eredu berria ezarriko du, eta argindarraren garraiatzaileak (Red Electrica Española) eta banatzaileak ere sartuko ditu finantzatzaileen zerrendan.

Zergen etenarekin jarraitu. Ukrainako gerra piztu aurretik ere izugarri garesti zegoen argindarraren prezioa apaltzeko, Espainiako Gobernuak zenbat zerga eten edo murriztu zituen. Eta horiekin jarraitzea onartuko du bihar. Hala, energia sorkuntzaren gaineko %7ko zergak bertan behera jarraituko du; BEZak %10ean, eta argindarraren gaineko zergak %0,5ean.

Enpresei.Argindar garestiarekin asko sufritzen ari den industria laguntzeko, beste neurri bat ere hartuko dute bihar Madrilen: argindarrean ezartzen zaizkien bidesarien %80 konpentsatuko dizkie gobernuak, estatuko aurrekontuetatik. Orain hori egin dezakeela uste du Espainiako Gobernuak, estatu laguntzekin malgutasun handiagoa dagoelakoan, eta ikusita Alemaniak eta Frantziak ez dutela Bruselaren eragozpenik izan neurri hori hartzeko.

Berriztagarrien irabaziak. Recore bidez prezio bermatu bat izaten duten sortzaile berriztagarrien ordainketaren berrikuspena aurreratzeko asmoa ere badu gobernuak. Zenbait kalkuluren arabera, 2.000 milioi euro lirateke sistemarentzat.

Biharko neurriez gain, argindar merkatuan esku hartu ezinda —Europako Batasunaren oniritzia behar luke—, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa fakturak merkatzeko beste aukera aztertzen ariko litzateke, Madrilgo hedabideen arabera. Argindarra gasarekin sortzen duten zentralei lehengaiaren erosketa lagunduko lieke diruz (estatuaren diruetatik). Espainiak, dena den, nahiago luke pool-eko prezioari muga bat jartzea. Horrekin, funtsean, argindarra gasik erabili gabe ekoizten dutenen mozkinak murriztuko lirateke, eta fakturak ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.