Bonu sozialaren babesean daudenek 90 euro jasoko dituzte gasa ordaintzeko

Hego Euskal Herriko energia kontsumitzaile zaurgarrienek argindar fakturaren %70erainoko laguntza jaso ahal izango dute negu honetan

Butano banatzaile bat, bezeroen zain kalena. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Irune Lasa - Imanol Magro Eizmendi
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Energia bonu soziala eskatua duten Hego Euskal Herriko biztanleek laguntza handiagoa jasoko dute negu honetan. Espainiako Gobernuak onarturiko dekretuaren arabera, energia kontsumitzaile zaurgarrienek argindarraren fakturan jasotzen duten babesa %25etik %60ra igoko da, eta zaurgarritasun larria pairatzen dutenei, berriz, baliteke %70eraino iristea. Hortaz gain, kontsumitzaile horiek 90 euroko laguntza eskatu ahal izango dute gasa ordaintzeko. Espainiako Gobernuak 100 milioi euroko funtsa jarriko du erkidego autonomoen esku babes horiek handitu ditzaten.

Teresa Ribera Espainiako presidenteordeak atzoko Ministroen Kontseiluaren ondoren eman zuen neurri horien berri. Ezohiko egoerak ezohiko neurriak eskatzen dituela iritzita, dekretu bidez arautu du negurako laguntza. Gasaren «txekea» abenduan ordaindu nahiko luke Riberak, eta argindarraren inguruko neurriei martxora arte iraunaraziko diete. Dena den, presidenteordeak zehaztu zuenez, salbuespenezko neurriak dira, eta gasaren txekea behin bakarrik banatuko dute.

Eta zenbat jendek du bonu sozialaren babesa Euskal Herrian? Hego Euskal Herrian eskatu daiteke, eta 68.759 dira haren onuradunak. Horretarako hainbat baldintza ekonomiko eta sozial bete behar dira, eta, besteak beste, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioak arauturiko argindar kontratua izan behar da etxean.

Energiaren prezioaren igoerari aurre egiteko dekretuak beste neurri batzuk ere biltzen ditu. Esaterako, argindar konpainiek industriarekin dituzten hornidura kontratuak erakutsi beharko dituzte, «gardentasunaren izenean». Espainiako Gobernuak, neurri honekin, «epe luzeko» kontratuak sinatzen lagundu nahi dio industriari. Are gehiago, konpainiek kontratuetan aldaketarik egin nahiko balute, hilabete lehenago jakinarazi beharko diete bezeroei eta gobernuari.

Dena, baina, ez da konpainien kalterako. Riberak zehaztu zuen enpresa edo teknologia jakin batek gasaren igoerari esker irabazi handiagoak lortzen dituen kasuetan bakarrik aplikatuko dela minorizazioa, eta irailaren 16a baino lehenago sinaturiko kontratu finkoak salbuetsita daudela, egun hartan sinatu baitzen minorizazioa arautzeko dekretua. Horiek hala, konpainiek energia erosi zutena baino merkeago saltzeko arriskua saihestuko dute.

Aldaketarik ez Europan

Argindar eta gas garestiaz hitz egiteko EBko Energia ministroen goi bilera bereziak aldaketa gutxi ekarri ditu, nahiz eta eztabaida bazegoen: Espainiak eta Frantziak proposamen formala egin dute «salbuespeneko» egoeretan herrialdeek aukera izan dezaten argindarraren eredu marjinalista alde batera uzteko. Baina aurrean izan dituzte beste hainbat herrialde, merkatuak bere horretan uztearen alde jarrera bateratua erakutsi dutenak, Alemania bera tartean. Eta Kadri Simsom Europako Batzordeko Energia komisarioak ere tarte oso gutxi utzi du aldaketa baterako.

Espainiak nahi du argindarraren prezioaren eraketa egokitu ahal izatea egoera jakin batzuetan. Horretarako, adibidez, argindar guztiaren prezioa merkatuko uneko iturririk garestienarena izan beharrean —horrela ezartzen da eredu marjinalistan—, nahi du prezio hori batezbesteko batekin kalkulatzea, zeinak erreferentzia izango lukeen askoz ere merkeagoak diren iturri berriztagarrietako energiaren kostuetan.

Gai berari dagokionez, gasarekin ekoitzitako argindarraren eskaintzei gehienezko prezio bat ezartzea ere proposatu dute Espainiak eta Frantziak, kostuarekiko aldea konpentsatuz. Nazioarteko merkatuetan modu bateratuan gasa erosteko plataforma bat eratzea ere nahi dute, eta neurriak eskatu dituzte espekulazioa eteteko isurketa eskubideen merkatuan.

Baina Espainiako eta Frantziako Energia ministroek beste hamabi herrialdeetakoak izan dituzte kontra. Haien arabera, ez dago zertan ukitu argindar merkatuen eredu marjinalista, eta uste dute Espainiak badituela beste modu batzuk argindarraren faktura apaltzeko. Europako Batzordeak ere ez du proposamena babestu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.