Bolidoaren erosketa auzitan

Epsiloni erositako ibilgailuak ez zuela Hiriko proiektuarekin zerikusirik azaldu du lekuko batek

Jesus Etxabe, Iñigo Antia eta Jose Luis Bengoetxea Hiriko ibilgailuaren sustatzaileak, epaitegian. DAVID AGUILAR / EFE.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hiriko kasuak dituen hamaika harietatik batekin daude bereziki tematuta akusazioak. Epsilon auto taldeari Le Mansen erabilitako ibilgailu bat erosi zioten Hiriko-ren sustatzaileek, 600.000 euroren truke. Akusazioen arabera, erosketa horrek enpresaren porrot egoera okertu zuen, ibilgailu elektrikoa garatzeko ez zuelako balio —ez zuen ezta motorrik ere, eta, gainera, Jesus Etxabe enpresaburuaren bilduma partikularrean amaitu zuen. Proiektuaren hondoratzeak ia 19 milioi euroren diru laguntza publikoak irentsi zituen.

Hiriko-ren porrota aztertzeko epaiketaren hirugarren saioan lekukoek hartu zuten hitza, eta iritzi ezberdinak entzun ziren erosketari buruz. Lekuko batek, Pedro Basterretxea ingeniari eta proiektuko parte teknikoaren arduradunak, adierazi zuen ez zuela inolako loturarik ibilgailu elektrikoarekin. «Ez nuen ikusi ezertarako erabili zenik, ez zeukan inolako zerikusirik Hiriko-rekin», zehaztu zuen.

Erosketa horren ardura nork izan zuen argitzen saiatzen ari dira epaiketan. Joan den astean porrotaz akusatuta dauden Afypaida elkarteko buruzagiek erantzukizun hori Armando Gasparri leporatu zioten. Mercedes-Benzeko exekutibo ohiak Hiriko-ren gidaritza hartu zuen 2012. urtean. Jose Ramon Fernandez de Mendiola Afypaidako administratzaileak ere egotzi zion ardura hori atzo. Gasparrek erosketa gomendatzen zuen txostena egin zuela ziurtatu zuen, proiekturako onuragarria izango zela iritzita.

Perez de Mendiolak azaldu zuen Epsiloneko ibilgailuak zenbat balio zuen egiaztatzeko Frantziatik peritu batzuk bidali zituztela, eta aditu horiek «bi edo hiru erabilera posible» proposatu zituztela. Hiriko-n ari ziren ingeniariek autoa desmuntatu eta piezak aztertu zituztela zehaztu zuen.

Villadelprat eta Gaspar

Fiskaltzak beste bi lekuko garrantzitsuren deklarazioa eskatua zuen erosketari buruzko argibideak emateko: Joan Villadelprat Epsiloneko buruzagi ohia eta Armando Gaspar bera. Biak atzoko deituta zeuden arren, ez ziren agertu ez bata ez bestea. Villadelpraten kasuan, ez dira gai izan hura aurkitzeko eta zitazioa emateko. Gasparri dagokionez, Alemanian bizi da, eta aurreikusia dute aurrerago deklaratzea bideo konferentzia bidez.

Atzoko saioan, proiektuarekin zerikusia izan zuten hainbat enpresatako langile batzuek deklaratu zuten, lekuko gisa. Aurreko astean akusatuek egin zuten gisara, Hiriko-ren balioa nabarmendu zuten haietako batzuek. Esaterako, Iñigo Urkidi Denokinn aholkularitzako langileak. «Hamabost urte daramatzat I+G proiektuekin, eta maila teknikoan hau da inoiz lan egin dudan eta lan egingo dudan proiekturik onena». Bostongo MIT unibertsitateak AEBetatik kanpo proiektu bat ateratzen zuen lehen aldia zela azpimarratu zuen, eta ziurtatu zuen AEBetako armadak interesa agertu zuela gurpil errobotizatuekin, «garai horretan teknologia aurreratuena zelako».

Bukaeran, epaileak kargu hartu zion fiskaltzari, lekuko batzuei egindako galdera eskasak haien presentziaren beharra zalantzan jartzen zuela iritzita, eta lekuko zerrenda birpentsatzeko eskatu zuen. Lekukoak biltzeko arazoek epaiketa luzatuko dute, eta aurreikusi dute akusazioak eta defentsek azarora arte ezingo dituztela ondorioak aurkeztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.