Bolante kolpea noiz emango zain

Sunsundegui ataka estuan dago. Irailean ez zien soldatarik ordaindu langileei, eta zorrari aurre egin ezinik dabil. Abenduaren erdialderako inbertitzailerik topatu ezean, hartzekodunen konkurtso egoeran sartuko da ziurrenik.

Sunsundeguiren lantegia, Altsasun.
Sunsundeguiren lantegia, Altsasun. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Hilabete iragan da likidezia arazoengatik Sunsundeguik hartzekodunen konkurtso aurreko egoera deklaratu zuenetik. Zor pisutsuari aurre egin ezinda eta langileei iraileko nominak ezin ordainduta, galgarik gabe maldan behera doan enpresa dirudi Altsasuko autobus ekoizlea. Alta, oraindik bada itxaropenerako zirrikiturik.

Sodena sozietate publikoaren eta Volvo Bus bazkide nagusiaren eskutik, bolantea esku artean hartzeko eta egoera onbideratzeko prest legokeen inbertitzaile posible baten aukera zabalik da oraindik. Ez da denbora askorik geratzen, dena den. «Zorrak kitatzeko, Sunsundeguik beste inbertitzaile bat behar du, eta hark negoziatuko du dena. Konkurtso aurreko egoera abenduaren 15erako amaitzen da, eta, ordurako ez badu inbertitzailerik, konkurtsoa deklaratuko da», azaldu du Gaizka Huarte LABeko Sakanako arduradunak.

Ardura bere gain hartzeko prest legokeen inbertitzaile batekin negoziatzen ari badira ere, oraindik ez dago baieztapenik. Erpin ugari aztertu behar dira: enpresaren finantza egoera zaila, sektorearen testuingurua, barne antolamendua, produkzioa, inbertsioak, industria plana... Atzerako kontaketa, baina, ez da geratu. «Zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta okerrago», dio Huartek.

Egoerak langileei eragiten die bete-betean. Egun 400 langile inguru ditu, eta aldi baterako lan erregulazioan izango dira urtarrilaren 21 arte. Iragan astean amaitu zen kontsulta epea, eta, sindikatuen babesik lortu ez zuen arren, Sunsundeguiko zuzendaritzak aste honetan erabaki du langileak aldi baterako etxera bidali eta, modu horretara, haien soldatak aurreztea. Iraileko soldata eta udako aparteko saria jaso gabe daukate langileek, baina ordaindu egingo duela agindu du taldeak.

Langileak egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute lantoki aurrean zein Altsasuko udaletxe aurrean. Halaber, langileen batzordearen gehiengoak —UGTk, LABek eta ELAk— egoera ahalik eta azkarrena bideratzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

«Benetan egoera zaila»

Inbertitzailea helduko balitz, azken urteetan Sunsundegui kateatu duen paradoxa askatzea izango du helburu nagusia. Batetik, Volvo Busen moduko bazkide nagusi baten hauspoa du, bai eta etorkizuna luze gabe ziurtatzeko lana ere. Bestetik, finantza zailtasunen ondorioz, ez da gai errentagarri izateko. Likidezia arazoen eta batik bat pilatuz joan den zorraren ondorioz, gero eta zailago zaio gurpil zoro horretatik irtetea. «Merkatu aukera egon badago, baina Sunsundeguiren egoera benetan da konplexua». Halaxe definitu zuen Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak

Nolatan iritsi da egoera horretara? Bere 80 urteko historian, bihurgune ugari ezagutu ditu enpresak. Duela 11 urte, adibidez, kiebra jotzear izan zen. Sodena sozietate publikoak erreskatatu behar izan zuen, 35 milioi euroko esku hartzeari esker. UPNren orduko gobernua egoera hura konpontzeko gai izango zen inbertitzaile baten bila aritu zen hilabetetan, baina azkenean gaurdaino iraun duen eredua proposatu zuen aukera bideragarri bakar gisa: enpresaren jabegoa zuzendaritzaren (%51) eta langileen (%49) esku utzi zuen, 35 milioiko zorra barkatzearen truke. Langileek esfortzu handia egin behar izan bazuten ere, ez zuten erabaki ahalmenik. Jose Angel Murillo eta bere zuzendaritza taldearen kontrolpean zen lema.

«Merkatu aukera egon badago, baina Sunsundeguiren egoera benetan da konplexua»

MIKEL IRUJO Nafarroako Industria kontseilaria

«2013ko prozesua traumatikoa izan zen erabat. Guk kaleratze ideologikoak egon zirela salatu genuen. UPNk martxan jarri zuen enpresa ereduak porrot egin du orain. Hala salatu genuen, eta denborak arrazoi eman digu», salatu du Huartek. Izan ere, zuzendaritza talde horren eskutik ez da etorri Sunsundeguiren eraldaketa produktiboa, eta duela 11 urteko antzeko egoeran dago: ia 50 milioi euroko zorrarekin eta inbertitzaile baten bila. Iragan ekainean Murillo eta zuzendaritzako kide batzuk enpresa utzi behar izan zuten. 

Azken urteetako bilakaerak ere ez du lagundu. 2018an, enpresaren instalazioak berritu egin baziren ere, 2020an pandemia etorri zen, eta finantzaketaren beharrean izan zen Altsasuko enpresa berriz. 2020an Sodenak 3,4 milioi euro mailegatu zizkion, eta 2022an Espainiako Gobernuaren menpeko erakunde batek, Cofidesek, beste 8,9 milioi euro.

Pandemiaren ondorioz, produkzioak eta salmentek behera egin dute azken hiru urteetan: 2019an, 73 milioi euro fakturatu zituzten, eta 2022an 26 milioi eta iaz 34 milioi —2021ean, kasurako, 178 autobus ekoitzi ziren—. 

«UPNk 2013an martxan jarri zuen enpresa ereduak porrot egin du orain. Hala salatu genuen, eta denborak arrazoi eman digu»

GAIZKA HUARTESakanako LABeko arduraduna

Alta, Volvo Bus-ekin iazko urrian izenpetutako kontratuari esker, arazoak atzean utzi zituela ematen zuen. Europako autobus ekoizlerik handienetako batentzat gama handiko ibilgailuak egiteko konpromisoak eta sektorearen perspektiba onak etorkizun oparoa izateko aukera eman zion, ustez. Sunsundeguiren asmoa zen enplegua bikoiztea eta produktibitatea handitzea; izan ere, finantza aldetik bideragarri izateko egunean bi autobus egiteko gai izan beharko luke. Autobus elektrikoak egitea ere bazuten buruan. 2025ean 800 autobus egitea zen xedea. 

Erronka handi horri aurre egiteko asmoz, 150 langiletik inguru kontratatu zituzten, baina ez fabrika ezta antolamendua ere ez zeuden prestatua produktibitatea hain azkar igotzeko. Horren ondorioz, finantza arazoak areagotu dira. Sodenak azken hilabeteetan hamar milioi euro mailegatu dizkio, Volvok bost milioi euro aurreratu ditu, eta finantza erakundeen maileguen arriskua bermatzeko ICO inbertsioetarako Espainiako banku publikoak zortzi milioiren bermeak eman dizkio.

48,8

Zorra, milioi eurotan. Orotara, oraintxe, Sunsundeguik 48,8 milioi euroko zorra du. Alde batetik, hartzekodunei 8,9 milioi euro zor dizkie. Gainerako 39,9 milioi euroak finantza erakundeei zor dizkie, eta horien artean dago Sodena bera. 

Zorraren laurden bat inguru eguneroko ordainketei aurre egiteko denez, altxortegiaren egoerak okerrera egin du aurten, produkzioan eragiteraino: likidezia arazoek zaildu egin dute hornitzaileei euren lana ordaintzea, eta, ondorioz, ekoitzitako autobusak merkaturatu ezinik ibili dira. Horrek eragotzi egin du egindako lanari etekina ateratzea, eta ordainketa arazoak areagotu egin ditu. Hala, irailerako langileen soldatei eta hornitzaileei aurre egin ezinik geratu da Sunsundegui. Bere hartzekodun nagusiak, Etxarri Aranazko Azkenga enpresak, 38 langile kaleratzeko asmoa iragarri du berriki.

Udan, helburu horri aurre egiteko gai ez zela ikusita, Volvok iragarri zuen gama handiko autobusak egiteko kontratua bertan behera geratzen zela. Alta, horrek ez du esan nahi Volvo Busek Sunsundegui albo batera utzi duenik. Irujok zehaztu zuenez, kontratuaren baldintzak aldatu ditu, eta Volvok bere eskari zorroari eusteko asmoa du; hortaz, harentzat autobusak egiten jarraituko du Sunsundeguik.

Administrazio kontseilu berria

Horri loturik, azken hilabeteetan emandako finantza babesaren truke, Sodenak administrazio kontseilua aldatzea exijitu dio Sunsundeguiri. Ekainean, Jose Angel Murillok Sunsundeguiko buruzagi nagusi izateari utzi zion, eta kontseilari berriak izendatu zituzten. Horien artean, Liebehrr Industrias Metalicas enpresako bi ordezkari daude, eta horietako bat, Helmut Dollerer Maier, presidente da ordutik. Liebehrrek garabi dorreak ekoizten ditu Iruñeko fabrikan. Suitzan egoitza nagusia duen talde handiago baten parte da —eraikuntza, meatzaritza, aeronautikan sartuta dago besteak beste—.

Sodenak eta beste erakunde batzuk eskatuta, duela urtebete KPMG aholkularitza etxeak Sunsundeguiren egoera aztertu eta negozio plan bat landu zuen. Bertan jasotzen denez, etorkizun hurbilean negozio aukera handiak ditu, eta, hitzartutako lanari esker, 2025ean 80 milioi euro fakturatzera hel daiteke. Europako karrozeria egilerik handienetako batek porrot egin du (Van Hool), eta Volvok berak Polonian lantoki bat itxi du. Hala, orain, Volvoren bazkide nagusietako bat da Sunsundegui: «Dagoeneko, bost milioi euro aurreratu dizkio Volvok, eta horrek aditzera ematen du Sunsundeguiren alde apustu egiten jarraitzen duela, argi eta garbi», azaldu zuen Irujok irailean.

Altsasuko lantokia. NAFARROAKO GOBERNUA
Altsasuko lantokia. NAFARROAKO GOBERNUA

Aurrera begira, txostenean diotenez, urtea amaitu bitarte zortzi milioi euro behar ditu altxortegiko tentsioak leuntzeko, eta, gastu arrunta finantzatzeko, epe motzeko maileguak hitzartu behar ditu bankuekin; hartzekodunekin, berriz, oraintxe zenbat zor ordaindu dezakeen negoziatu behar du. Horrekin batera, moldaketa bati ekin beharko lioke enpresak eta inbertsioak egin, esku artean duen lanari aurre egiteko moduan egon dadin. Azkenik, luze gabe egokitu egin behar du ekoizpena bere errealitatera, eta ibilgailurik errentagarrienetan zentratu, produkzio handiagoko helburuetan sartu aurretik.

Horixe da Irujok duela hilabete inguru Nafarroako Parlamentuan Sunsundeguirentzat marraztutako bide orria. Aste erabakigarriak datoz, eta, hori egiteko inbertitzailerik topatu ezean, oso ataka estuan aurkituko da Altsasuko enpresa.

Irizar, guztiz bestelako egoeran

Sunsundeguirekin alderatuta, guztiz bestelako egoeran dago Euskal Herriko beste autobus ekoizle nagusia: Irizar. Datorren astean, urriaren 22tik 25era, Madrilen, Autobusaren Nazioarteko Azokan aurkeztuko du hurrengo modelo elektrikoa, II klaseko Irizar berria. Sektoreko enpresa gehienentzat bezala, Ormaiztegin (Gipuzkoa) egoitza duen enpresak urte zailak bizi izan ditu, baina hiru urtez jarraian galerak pilatu ondoren, irabazietara itzuli da. Aurten 970 milioi fakturatzea espero du. 

Egun, produkzioa bezeroen beharretara egokitu du, eta hainbat energia iturritako ibilgailuak ekoizten ditu. Ibilgailu elektrikoei dagokionez, ekoizpenaren %9 osatzen dute. Orotara, 3.700 autobus ekoiztea espero du. 

Irizarren joera horri erantzuten dio autobus sektoreak Europan zein munduan. Europan, zehazki, autobusen matrikulazioak gora egin du aurten lehen hiruhilekoan. Urtebetean %24 handitu dira, eta salmentek gora egin dute merkatu nagusietan, Frantzian izan ezik. Azken datuen arabera, autobus elektrikoek merkatuaren %12,3 ordezkatzen dute, eta dieselek, berriz, %63.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.