Boeingek bere errua onartu du 737 Maxen auzian

AEBetako agintariei iruzur egin ziela onartu du, eta beste isun handi bat jasoko du, bigarrena. 345 pertsona hil ziren hegazkin horiek izandako bi istripuetan.

Boeingen planta bat, Kalifornian. CAROLINE BREHMAN / EFE
Boeingen planta bat, Kalifornian. CAROLINE BREHMAN / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 8a
14:55
Entzun

Boeingek amore eman du, eta aitortu du 737 Max hegazkinaren auzian AEBetako agintariei iruzur egin ziela. Akordio baten barruan onartu du bere errua, eta isuna 450 milioi eurorainokoa izan daiteke. Hegazkin modelo horren pilotu automatikoak zuen arazo tekniko bat dago auziaren oinarrian, eta, arazoaren ondorioz, 345 pertsona hil ziren bi istriputan, 2018an eta 2019an. Hildakoen senideekin biltzeko obligazioa ere sartu dute akordioan.

Akordioa aeronautika erraldoiaren buruen eta AEBetako Justizia Departamentuaren artean adostu dute, baina epaitegien oniritzia behar du oraindik. Akordioak ez ditu gogobete istripuetan hildakoen senideen elkarteak, zeinek 23.000 milioi euroren isunak eskatu baitzituzten, Boeingen iazko fakturazioaren heren bat. Espetxe zigorrik jaso ez izanak ere haserretu ditu, akordioan adostu baitute hiru urtez zaintzapean aske uztea errudunak.

AEBetako auzian, izan ere, ez baitira istripuak epaitu, agintariei iruzur egin izana baizik. Salaketa AEBetako balore merkatuak egin zuen (SEC), zeinak ziurtzat jotzen zuen Boingek bazekiela Max 737 modeloek segurtasun arazoak zituztela eta nahita ezkutatu egin zituztela.

Istripu bat Etiopian eta beste bat indonesian

Boeing 737 Max hegazkinek bi istripu izan zituzten, bat 2018an eta bestea 2019an. 2018koa Etiopian izan zen, eta 157 pertsona hil ziren. Ethiopian Airlineseko hegaldia Nairobira zihoan, eta aireratu eta berehala izan zuen istripua. 2019an izan zen bigarrena, Indonesian, eta 189 pertsona hil ziren. Etiopiakoan gertatu bezala, Jakarta eta Pangkal Pinang arteko hegazkina aireratu eta minutu gutxira amildu zen. Hildakoen senideen elkarteek espetxe zigor handiak eskatu dituzte Boeingeko zuzendarientzat, baina, AEBetako Justizia Departamentuko funtzionarioen arabera, oso zaila izango da haien nahia asetzea. Legezko bi traba aipatu dituzte: batetik, preskripzio epea; eta, bestetik, frogarik ez dagoela nahigabeko homizidioaren akusazioak argudiatzeko.

Istripu bakoitzaren ondoren, Dennis A. Muilenburg Boeingeko kontseilari ordezkariak esan zuen ez zegoela arazorik hegazkinen segurtasun ziurtapenean; SECen arabera, baina, aurkakoa adierazten zuen informazioa zuen enpresak. Are gehiago, haren arabera, gezur horien helburua zera zen: Boeingen akziodunen artean izua ez zabaltzea.

Akordioan, fiskalek 244 milioi euroko isun bat eskatu dute. Enpresak, aurretik, 243 milioiko beste bat ordaindu zuen 2021ean. Halaber, konpainiak 455 milioi dolarreko beste inbertsio bat egin beharko du hurrengo hiru urteetan segurtasun programak betetzen dituela bermatzeko. Prozesu hori enpresatik kanpoko erregulatzaile batek zainduko du.

Boeing ez dago garai onean. Iruzurra egin zuela onartu izanak delitu federal baten errudun bihurtu ditu, eta ebazpen horrek AEBen Defentsa Departamentuko lehiaketetatik kanpo utz dezake. Iaz bakarrik 22.800 milioi dolar jaso zituen hark egindako kontratekin.

130.000 langile AEBetan

Dena den, The Wall Street Journal kazetak zabaldu duenez, balizko debeku horren baldintzak ere eztabaidatu dituzte akordioan. Boeing AEBetako konpainia bat da, eta bere 150.000 langileen %87 herrialde hartan ditu, tartean defentsa arloko lanetan diharduten 16.000 langileak.

Hori gutxi balitz bezala, Boeingen akzioek %13 egin dute behera aurten burtsan. S&P500 indizean aurten gehien jaitsi den balorea da, eta prestigio arazo larriak ditu.

Azken buruhausteak oihartzun handia izan du AEBetan. Starliner espaziontziak, konpainiaren egitasmo nagusietako bat denak, espero baino sei urte geroago aireratu zen, eta arazo asko izan ditu. Bi astronauta eraman zituen nazioarteko espazio estaziora, eta ezin itzulita daude espaziontziaren kapsulako arazoengatik. Zortzi eguneko bidaia behar zuen, eta 32 egun daramatzate estazioan.

BOEING 737 MAX HEGAZKINA
Boeing 737 Max hegazkinak, lur hartuta. BERRIA.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.