BM eta Super Amara erosi eta hiru urte bete ez diren honetan, PAI Partners funtsa haiek saltzea aztertzen ari da. Operazioaren berri eman duen hedabideak, El Economista egunkari digitalak, erosle posible bat ere aipatu du, Frantziako Carrefour, baina azaldu du Auchan eta Portugalgo Sonae (Continente) ere badirela Uvesco erosteko hautagai —horrela du izena BM eta Super Amara markak erabiltzen dituen enpresak—.
Uvescoko iturriek ez dute baieztatu operazioa, ezta ezeztatu ere. «PAI Partnersen menpe dago dena; haiei galdetu behar zaie», azaldu diote BERRIAri. El Economista-k ez ditu bere iturriak zehaztu, baina azaldu du Carrefourrek PwC kontratatu duela operazioa aztertzeko, eta 700-800 milioi euroren prezioa jarri diotela euskal enpresari. PAI Partners, berriz, JP Morganekin ari da lanean salmenta posiblea negoziatzeko.
PAI Partners Paribas bankuaren inbertsio atal gisa sortu zen Parisen 1872. urtean, eta gaur egun 41 konpainiatan hartzen du parte. Horien artean daude Angulas de Aguinaga, 2020. urteaz geroztik, eta Froneri —Araiako izozki lantegiko jabea—. Haren webgunean azaldu duenez, batez beste sei urte egon ohi dira enpresa batean handik atera arte.
2021a amaitzear zegoela jakinarazi zuen Uvescoren sortzaile eta orduko jabeak, Irungo Fernandez de Barrena familiak, enpresaren akzioen gehiengoa Frantziako PAI Partners funtsari saldu ziola. Edonola ere, enpresaren eguneroko kudeaketan ez da aldaketa handirik izan, eta Jose Ramon Fernandez de Barrena da oraindik lehendakaria. Akzioen %5 inguru ditu Euskal Herriko inbertsio funts batek, Artizarra fundazioaren Stellum Capitalek.
Hedapen betean
Ohikoa da funtsak urte gutxiren buruan enpresa batetik ateratzea, egindako inbertsioari etekina atera ahal diotela uste badute. Baina, kasu honetan, beste saltoki kate baten menpe geratzeko aukerak talka egiten du Uvescoren orain arteko estrategiarekin, hedapen betean baitzegoen. Otsailean, Madrilgo Hiber supermerkatu katea erosi zuela iragarri zuen Uvescok, PAI Partnersek egindako kapital injekzioari esker. 2017an Gigante katea erosi eta Madrilen sartu zenetik, Espainiako hiriburua eta haren erkidegoa begiz jota dauka taldeak: Bizkaiaren eta Gipuzkoaren ondoren han ditu denda gehien, eta jada fakturazioaren %30 ekartzen diote.
Edonola ere, Euskal Herria da oraindik Uvescoren negozioaren erdigune nagusia, taldeko 300 denda ingurutik 216 daudelako Hegoaldeko lau lurraldeetan: 106 Bizkaian, 64 Gipuzkoan —zortzi Super Amara markarekin—, 32 Nafarroan eta hamar Araban. 2023. urtearen amaieran 6.000 langile zituen, eta horietatik 4.300 zeuden Euskal Herrian. Eroskiren atzetik, Uvesco da Hegoaldeko saltoki katerik handiena, %15 inguruko merkatu kuotarekin.
Carrefour ere bere saltoki sarea hedatzen ari da erosketen bitartez: iaz 47 Supercor erosi zizkion El Corte Inglesi.