Eustat ez da Eusko Jaurlaritzari gauzak errazten ari. Legegintzaldi honetan langabezia tasa %10etik behera jaitsiko zuela agindu zuen Iñigo Urkulluren gobernuak, eta bazirudien helburua aise lortu zuela, 2018ko hirugarren hirugarren hiruhilekoan %9,5era apaldu baitzen. Baina urte erdia igaro da orduz gero, eta berriro komatik ezkerrera bi zenbaki jarri behar dira tasa idazteko orduan: Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle aktiboen %10,2 daude lanik gabe.
Biztanle aktiboen kopuruak gorabehera handiak izan ohi ditu Eustaten BJA Biztanleria Jardueraren Arabera izeneko inkestan. Iazko lehen hiruhilekotik bigarrenera 12.700 lagun igo zen, hurrengoan 8.100 jaitsi, ondorengoan 3.900 igo... Iazko azken hiruhilekotik 2019ko lehengora berriro jaitsi da, 3.400 lagun hain zuzen ere. Eta horri zor zaio epe horretan langabe kopurua(-1.100) eta langabezia tasa jaistea (-0,1). Izan ere, BJAk dio urtarrilean, otsailean eta martxoan 2.300 langile gutxiago izan zirela 2018ko azken hiru hilabeteetan baino.
EMAKUMEAK, GALTZAILE
Eustaten datuen arabera, 106.200 lagun daude lanik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2018ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuz gero ez da alde handirik(-1.100), baina bai, ordea, 2018ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero (-11.000). Baina jaitsiera horrek oso eragin desberdina izan du langilearen sexuaren arabera: 2018 amaieran baino 4.800 emakume gehiago daude lanik gabe (57.000), eta 5.800 gizon gutxiago (49.200). Ondorioz, are gehiago urrundu dira langabezia tasak: %9ra jaitsi da gizonen artean (-1,1) eta %11,5era igo da emakumeen artean (+1).
2018 hasierarekin alderatuz gero, antzeko erritmoan gutxitu dira langabeak: 5.500 gizon langabe gutxiago, eta 5.100 emakume langabe gutxiago.
GIPUZKOA, HOBETO
Sexuen artean ez ezik, lurralde historikoen artean ere badaude arrakalak. Alde batean dago Gipuzkoa: han dago tasarik txikiena (%7,9) eta han izan du lan merkatuak bilakaerarik onena azken hiruhilekoan, 1.200 langabe gutxiago zenbatu baititu han Eustatek. Langabezia jaitsi egin da Bizkaian ere (-300), eta igo, berriz, Araban (+500); baina batek zein besteak %11,3ko tasa dute. Hiriburuek beren lurralde historikoen joerari jarraitzen diote: Donostiak %6,4ko langabezia tasa du; Gasteizek, %11, eta Bilbo %14,1era iristen da.
GAZTEEN PATUA
Adinak behera egin ahala, igo egiten da langabe kopurua. 45 urtetik gorakoen artean %8,1 daude lanik gabe, eta %11,6 dira 25-44 urte artekoen artean. 16 eta 24 urte artekoetan, berriz, %19,7ra iristen da langabezia tasa.
BIZTANLEAK FALTA DIRA
Betiere Eustaten arabera, langabeziaren jaitsiera osorik zor zaio biztanleria aktiboaren txikitzeari. Haren datuek diote 1.041.300 milioi daudela lan egiteko moduan, aurreko hiruhilekoan baino 3.400 gutxiago. Neurri batean, biztanleriaren jaitsierari zor zaio erorialdi hori, 2.100 lagun gutxitu baita 16 urtetik gorako biztanleria. Biztanle horietatik 802.500 daude ez-aktiboen artean sailkatuta, hau da, 16 urtetik gorakoen %43,5ek ez dute etxetik kanpo lan egiten, ikasleak dira edo erretiratuak.
LANGILE GUTXIAGO
Edonola ere, lanean ere jende gutxiago dago: 935.100 dira, 2018 amaieran baino 2.300 gutxiago. Haien artean, emakumeak berriro daude galtzaileen artean: 6.400 emakume gutxiago daude okupatuta. Okupatuen tasa %72ra igo da gizonezkoen artean, eta %63,2ra jaitsi da emakumezkoen artean.
Sektoreei dagokienez, Eustaten inkestak dio landunak gehitu egin direla nekazaritzan eta arrantzan (+400) eta eraikuntzan (+1.400) eta gutxitu, berriz, industrian (-2.100) eta zerbitzuetan (-2.000).
SOLDATAPEKOAK, %80
Landunen %80 soldatapekoak dira, eta horien artean gutxitu egin dira aldi baterako kontratua dutenak (-3.800) eta gehitu, berriz, kontratu mugagabea dutenak (+1.200).
Biztanle aktiboak gutxitzeak eragin du langabezia murriztea urtearen hasieran
Langabezia tasa %10,2ra heldu da 2019ko lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Emakume gehiago daude orain lanik gabe, eta gutxiago lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu