Bizkaiko Uberreko langileek greba luzatu dute

Enpresa hitzarmen «duin» bat eskatzen ari dira: lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen dute. ELAk deitu du protestara, hil amaierara arte.

Uberreko langileak, abenduaren 27an Bilbon eginiko manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Uberreko langileak, abenduaren 27an Bilbon eginiko manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko urtarrilaren 9a
11:20
Entzun

Uber zerbitzuko Bizkaiko berrogeita hamar bat gidari greban daude abenduaren 11tik, eta protesta urtarrilaren 31ra arte luzatzea erabaki dute. Enpresa hitzarmen «duin» bat eskatzen ari dira. Langileen kexa nagusia ordutegia da. Zortzi orduko jardunaldiak dituzte, baina enpresak bezeroren bat autoan sartua duten denbora bakarrik kontatzen die. Soldata hobeak ere nahi dituzte —Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) jasotzen dute, 1.134 euro hilean hamalau ordainsaritan banatuta—.

Hego Euskal Herrian, Bilbo Handian soilik funtzionatzen du aplikazioak eta han jabe bera duten (Moove Cars) bi enpresa ari dira. Horietako bat da Ares Capital, eta horiek dabiltza protestan. Moove Carsek guztira berrehun langile inguru ditu Bizkaian.

Ares Capitaleko langile batzordeko bederatzi kideetatik zortzi ELAkoak dira. Sindikatuak salatu duenez, Uberrentzat lan egiten duten enpresek prekaritatearen bidez lortzen dute dirua, Glovok autonomo faltsuekin egiten duen moduan eta Amazonek azpikontratekin egiten duen eran.

Grebaren bidez, eskatzen ari dira duela urtebete iraungi zen enpresa hitzarmena berritzeko eta «oinarrizko lan baldintzak» ezartzeko. Langileen kexa nagusia ordutegia da. Urteko 365 egunetan eta 24 orduz lanerako prest egon behar dute langileek. Zortzi orduko jardunaldiak dituzte, baina enpresak bezeroren bat autoan sartua duten denbora bakarrik kontatzen du lanalditzat.

Horrez gain, beste eskaera batzuk dituzte: soldatak hobetzea; oporrak beharren arabera eskatu ahal izatea; ulertzeko moduko nominak izatea; ibilgailuetan segurtasun handiagoa izatea, autoak enpresaren instalazioetan aparkatu ahal izatea; eta gauean eta jaiegunetan lan egiteagatik gehigarriak jasotzea.

Baimena, 2026ra arte

ELAk «benetako negoziazio bat» eskatu die zerbitzua kudeatzen duten enpresei. Gogorarazi du Uberrek «milioika euroren irabaziak» izan dituela azken urteetan, eta, aurreikuspenen arabera, handitzen jarraituko dutela.

Hego Euskal Herrian, bakarrik Bilbo Handian ari dira Uberreko autoak, baina badira IG ibilgailu gidaridun baimena duten beste enpresa batzuk ere. Herriz herriko bidaiez gain, herri barnekoak ere egin ditzakete orain, baina 2026ra arte; gero, udaletara jo beharko dute baimenak eskatzera.

Orain Uberrek erabiltzen dituen baimenak 2022. urtean emandakoak dira. Bizkaiko Foru Aldundiak ez zituen eman nahi, baina epaile batek behartu zuen horretara. Eusko Jaurlaritza ere saiatu zen Uberri oztopoak jartzen, baina epaitegiek zapuztu zituzten haren asmoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.