Bizkaiko pentsiodunen manifestazioak «osasun berme guztiak» izango ditu

Astelehen goizerako deitu dute, Bilbon. Kritikoak «mugimendua utzi zuten gutxiengo bat direla» esan dute, «mobilizazioen aurka daudenak»

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kide batzuk atzo Arriaga plazan eginiko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak (BPM) manifestaziora deitu du Bilbon astelehen goizerako (12:00). Pentsio duinak eskatuko dituzte beste behin, eta oraingo honetan adinekoen egoitzak oraindik leku seguruak ez direla salatuko dute Moyua plazan hasi eta Areatzan bukatuko den mobilizazioan. «Osasun berme guztiak» errespetatuko dituztela aurreratu zuten atzo eginiko aurkezpenean, eta, era berean, Ados pentsiodunen elkarteak eginiko kritikari erantzun zien Jon Fano mugimenduko kideak: «Mobilizatzeko interesik ez zuen kolektibo batekin egin dugu topo, gu kritikatzen saiatzen dira bakarrik. Gutxiengo bat dira, eta aspaldi utzi zioten bileretara joateari».

Bizkaiko pentsiodunek COVID-19ak eragindako konfinamenduaren ondoren antolaturiko lehen mobilizazio handietako bat izango da, eta segurtasun distantziak gordeta eta lau ilaratan banatuta egingo dute protestaldia. «Inork ez du guk baino interes handiagorik gure osasuna defendatzeko», nabarmendu zuten deitzaileek, eta, besteak beste, horrek eraman dituela mobilizaziora deitzera: «Mendekotasuna duten adinekoen egoitzek leku segurua izan behar dute. Beharrezkoa da langile kopurua handitzea prebentzio neurriak betetzeko, eta oraindik ez dute handitu». Egoitzetako arreta ratioak hobetu behar direla aldarrikatu zuten; «besteak beste, egoiliarren senideen elkarteak eta sindikatuak eskatzen ari diren bezala».

Mugimenduko kideek argi dute kalean mobilizatzea dela helburuak lortzeko modu bakarra, eta horregatik eutsi diote urtero Aste Nagusian egin ohi duten deialdiari. «Gure bermea mobilizazioa da. Erakundeek, bakoitzak bere ardurekin, ezin dituzte eskaera hauek saihestu». Osasun larrialdian egonagatik deialdia legezkoa dela nabarmendu zuten, eta mugatu direnak aisia bilerak direla, ez manifestazio edo mobilizazioak.

Alde horretatik, onartu zuten harritu egin zirela kritikoek hedabideetara aste hasieran bidalitako oharrarekin: «Oso arraroa iruditu zitzaigun, baita hedabide askok eman zioten oihartzuna ere. Mobilizazioa aurkezteko prentsaurrekoa deitzeke genuen, eta oraindik zehazteke zegoen Jaurlaritzak manifestazioak baimenduko zituen ala ez. Eta gero haiek esaten dute guk hausten ditugula arauak».

Deialdi irekia da, eta adin guztietako pertsonei egin diete gonbita. Horren harira, Ados elkarteak, bere oharrean, BPMko bozeramaileen oihartzun publiko nahia aipatu zuen, eta kritika horri erantzun zion Fanok. «Gure barne haustura bilatzen duenik badago, baina mugimendu ireki eta plurala izatea da gure ezaugarri nagusia. Bultzatzen gaituen gauza bakarra pertsona nagusien interesen defentsa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.