ELAk, UGTk eta CCOOk Bizkaiko ostalaritza sektoreko lan hitzarmen berria sinatu dute. Hiruren artean ordezkaritzaren %75,1 dute, eta hitzarmen horren bidez indargabetu egin dute 2024ko maiatzean LABek, CCOOk eta UGTk patronalarekin sinatu zuten akordioaren aurrekoa. Sinatzaileen arabera, akordio berriari esker %15,5 handituko dituzte lan hitzarmenaren menpeko soldatak, eta janari banatzaile edo rider-ei ere eragingo die.
LABek ez du izenpetu, eta harena da ordezkaritzaren %24,9. ELA da sektoreko sindikatu nagusia (%46,4); CCOOk %22,7ko ordezkaritza du, eta UGTk, %6koa.
Ohar bidez eman dute albisteen berri sindikatuek. Ondo bidean, Bizkaian ostalaritzan diharduten 26.000 langileri eragingo die lan hitzarmen berriak, eta batez ere enpresa handietakoei: hotelak, jantoki publikoak eta pribatuak hornitzen dituzten enpresak (Basko, Gasko...)... Baina jakina da sektorean asko direla itunean zehazturikoak baino baldintza okerragoak dituzten langileak, batez ere negozio txikietan.
Sinatzaileak zabaldu dutenez, 2027ra arteko hitzarmena da. Soldatak %15,5 handituz hasiko da —hitzarmena berritu gabe egon den urteengatik—; KPIa gehi %0,5 igoko dituzte 2026an, eta KPIa gehi %1,6 2027an. Halaber, lanaldia telematikoki kontrolatzea onartuko dute enpresek, eta rider-ak lan hitzarmenaren barruan sartzea.
ELAk gaineratu du akordioak lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak ezartzea oztopatzeko klausulak dituela. Lan egiteko modu hori oso zabaldua dago hoteletan, okupazio mailaren arabera, eta sindikatuak dio orain hori baztertzen dela. UGTk, berriz, rider-ak sartu izana nabarmendu du, orain arte sektore oso prekarizatua baitzen. Soldata tauletako bosgarren mailako langileen baldintzak izango dituzte.
LABen kritika gogorra
LABek ez du sinatu akordioa, besteak beste, bere ustez, ez duelako hobetzen 2024ko aurreakordioa eta nabarmendu du hitzarmen berriko hobekuntza guztiak haien ordezkariek proposatu zituztela. Halaber, LABek ukatu egin du aldizkako finko partzialen jarduna erregulatuko denik eta erabiltzen jarraituko direla ziurtzat jo du. Halaber gaineratu du proposamen hau ez dela «integrala», besteak beste, kate handiak kanpoan utzi dituelako. Janari laster jatetxeak hitzarmenean sartzea nahi zuen LABek eta haren irakurketaren arabera, kanpoan gelditu dira. Jatetxe kate horiek Espainiako hitzarmena negoziatzen ari dira, ostalaritzakotik kanpo.