Bizkaiko nekazariek traktoreak kalera aterako dituzte datorren ostiralean

EHNE eta ENBA sindikatuen babesean egingo dute protesta. Arabako eta Nafarroako nekazariak Madrilgo bileraren zain dira, mobilizazioetara batu edo ez erabakitzeko.

ARABAKO NEKAZARIEN MOBILIZAZIOA
Nekazarien protesta bat Gasteizen, duela lau urte. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2024ko otsailaren 2a
12:25
Entzun

Nekazariak Europa osoan egiten ari diren protestak Hego Euskal Herrira ere heldu dira, Bizkaiko nekazariek mobilizaziora deitu baitute datorren ostiralerako. Jakinarazi dutenez, Bizkaiko zenbait eskualdetatik abiatuko dira traktore zutabeak, eta Bilbon batuko dira, protesta elkarrekin egiteko. EHNE eta ENBA sindikatuen babesean egingo dute protesta.

Mobilizazioarekin batera, Areatzan «merkatu gardena» egingo dute; hutsean bildutako arkume okela salduko dute han, «bidezko prezioan». Modu horretan, Euskal Herrian ekoizten diren produktuei «balioa» emateaz gain, Zeelanda Berriko edo beste herrialde batzuetako haragia Europako Batasuneko merkatuan sartzeak dakarren «mehatxua» salatu nahi dute.

Izan ere, hori da nekazarien aldarrikapen nagusia. EBren merkataritza libreko itunak «berehala etetea» nahi dute, bertako nekazarientzat kaltegarriak direlakoan. Bada, Bizkaiko EHNE eta ENBA sindikatuek eskatu dute Mercosurren negoziazioak gelditzeko eta Zeelanda Berriarekin duten akordioa ez berresteko, «ardi haragia eta esnea Europako merkatuetan sartzeak dakarren mehatxuagatik».

Dena den, nekazarien ezinegonaren atzean hainbat arrazoi daude; batzuk orokorrak dira, eta beste batzuk, tokikoak. Kasu honetan, ekoizpen kostuengatik dira kexu nekazariak. Salatzen dute beren produktuengatik ordaintzen dieten dirua sarri ez dela nahikoa kostuak kitatzeko. Bada, merkatuaren erregulazioan oinarritutako elikadura politika bat eta merkataritza jarduera desleialei buruzko lege «eraginkor bat» ezartzea aldarrikatzen dute.

Halaber, «ezinbestekoa» da EBren Nekazaritza Politika Bateratua sinplifikatzea ere. Ohartarazi dutenez, «gehiegizko burokraziak kostu onartezinak dakarzkie baserritarrei, eta ez dute ahalbidetzen helburuak betetzea».

Bilera Madrilen

Azken asteetan, nekazarien protestak ugarituz joan dira Europako Batasuneko zenbait herrialdetan. Ipar Euskal Herrian aste osoan aritu dira protestan, FDSEA sindikatuen federazioak deituta eta ELBren babesarekin. Atzo iragarri zuten bideak oztopatzeari utzi arren ez ziotela protesta egiteari lagako; mugimendua «eraldatu» egingo zela esan zuten. Bada, gaur, Lapurdiko hiru supermerkatu blokeatu dituzte, enpresa horiek laborarien mozkinekin egiten dituzten irabazi garbiak salatzeko.

Hegoaldean, nekazaritza elkarte nagusiak gaur elkartu dira Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroarekin. Hizpide hartu dute sektoreari ezarritako traba burokratikoak murriztea, Elikagai Katearen Legea betearazteko kontrolak handitzea eta Nekazaritza Politiko Bateratuko ingurumen baldintzak leuntzea. Ministroak erantzun dienez, legea 2021eko abenduan ezarri zenetik hona 161 zigor espediente ireki dira. Planasek Bruselari bota dio lehen sektorea haserre egotearen errua, ez delako gai izan erakunde nagusiekin elkarrizketatzeko.

Ministroaren hitzek ez dituzte asebete erakundeak. Bileraren ostean, Asaja, COAG eta UPA sindikatuek ohartarazi dute aurrera jarraituko dutela euren mobilizazioekin. Bilerak zer emango zain zeuden Arabako UAGA eta Nafarroako UAGN eta EHNE, haiek ere kalera atera edo ez erabakitzeko. 

Egoera nahasia Nafarroan

BIleraren aurretik ere, Nafarroan EHNE eta UAGN sindikatuak harremanetan izan dira mobilizazioak antolatzeko. Aurki zehaztuko dute egutegia.

UAGNk batzar informatiboak antolatu ditu gaurko eta astelehenerako. Eguerdian, Tafallako Foruen plazan elkartu ditu laborariak, eta, arratsaldean, Tafalla hotelean batuko dira. Astelehenean, berriz, hiru bilkura egingo dituzte Iruñerrian, Zangozaldean eta Erriberan. EHNEk asteazkenean egin zuen egoeraren berri emateko batzarra. Erakunde horiekin bat egin du goizean UCAN Nafarroako kooperatiben elkarteak.

Erakundeetatik kanpo, Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko nekazari talde bat Whatsapp bidez antolatzen ari da. Sustatzaileek «lozorroan» egotea eta «aldarrikapenen grina galdu izana» aurpegiratzen diete nekazaritza sindikatuei. Mendialdean ez du arrakastarik izan. Astelehenean Tafallan egin zuten lehen bilera, eta otsailaren 6rako traktoreak ateratzeko deialdia egin dute. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzetan erregistratu dituzte deialdiak. Goi Erriberako laborariek beste hiru egun luzatu nahi dute. Lizarraldean eta Erriberan ere antolatzen hasiak dira talde horretako kideak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.