Bizkaiko metalgintzako langileek hitzarmena berritu gabe amaituko dute urtea

Sindikatuek beste eskaintza bat egin dute, baina, FVEMen ustez, aurrekoa baino «onartezinagoa» da. Ez dute hitzordurik adostu hurrengo bilerarako

Bizkaiko metalgintzako langileen pikete bat, Alstomek Trapagaranen duen lantegiaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmeneko korapiloa are gehiago estutu da, eta, azken orduko ezusteko mugimenduren bat egon ezean, langileek ituna berritu gabe amaituko dute urtea—2021eko abenduaren 31n iraungi zen aurrekoa—. Negoziazio epe honetako hogeita batgarren bilera egin zuten atzo, eta, CCOO-LAB-UGT hirukoak eskaintza berria eraman arren —ordezkaritzaren %59 dute—, ez zen adostasunik egon. Are gehiago: FVEM patronalaren ustez, eskaintza hori aurrekoa baino «onartezinagoa» da. Oraingoz ez dago berriz biltzeko hitzordurik.

Bizkaiko metalgintzako itunaren auzia konpontzeko egun aproposa zirudien atzokoak. Iragan astean eginiko bileran, sindikatuek eta patronalak bestelako eskaintza batzuk pentsatzeko konpromisoa hartu zuten. Azaro amaierako grebaren aurretik, bi aldeek onartu zuten jarrerak gertuago zeudela, eta aukera aproposa zen itun berria urtea amaitu aurretik sinatzeko. Usteak, baina, erdi ustel izaten dira maiz, eta hori gertatu zen. Ordubete nahikoa izan zuten akordiorik ez zela egongo ikusteko, eta Lan Harremanen Kontseiluko mahaitik altxatu ziren.

Patronalak ez zuen eskaintza berririk eraman; CCOO-LAB-UGT hirukoak, aldiz, bai —ELA ere bileran egon zen—. Eta nolakoa zen eskaintza hori? Lau urterakoa: %6,5eko soldata eguneraketa 2022an —iazko KPIa bezainbestekoa—; %6koa 2023an; %3koa 2024an; eta %2koa 2025ean. Eguneraketa horiek %17,5eko soldata igoera bateratua ekarriko lukete. Hitzarmenaren indarraldiko KPI bateratua hori baino handiagoa balitz, haren arabera eguneratuko litzateke —2026an—. Soldata eguneratze taula horretaz gain, aldi baterako lan enpresen erabilera hiru hilabetera mugatzea eskatu dute sindikatuek.

FVEMek mahaian bertan esan zuen onartezina zela eskaintza hori, soldata igoeraren eskaera bere azken proposamenekoa baino 3,5 puntu handiagoa delako. Azaroaren 24an egin zuen proposamen hori, eta oraingoz hura da patronalaren azken hitza. Dena den, atzoko bileran zehaztu zuen agian beste eskaintza bat pentsatuko duela, «egokia iruditzen bazaio» eta «egokia iruditzen zaionean». Aurreko bileraren aurretik esana zuen hori zela Bizkaiko enpresariek egin zezaketen eskaintzarik onena.

Bi aldeek ondorio ezberdinak atera zituzten bileratik. CCOO-LAB-UGT hirukoak azaldu zuenhainbat arlotan leundu dituztela eskaerak. Besteak beste, hitzarmenaren bigarren urtetik aurrerako soldata igoerak aldatu ditu, KPIak berrikusteko klausularen formula onartu, subrogazio eskubidedun azpikontratak murriztu, eta mahai gainetik kendu du ABLEak erabiltzeko debekua. FVEMek, ordea, «zekenkeria» leporatu zien sindikatuei, eta gogoratu zuen bere eskaintza Arabako metalgintzan onarturikoa baino hobea dela.

ELA: greba mugagabea

Ikusteko dago zer bide hartuko duten orain negoziazioek. Dagoeneko bi bilera igaro dira azken greba deialditik, eta egoera ez da aldatu. Hori ikusirik, ELAk —ordezkaritzaren %41 du— argi du mobilizazioak gogortu behar direla: «CCOOri, LABi eta UGTri esan diegu 11 greba egin ondoren hurrengo urratsa greba mugagabea dela. Bizkaiko metalgintzako langileek merezi duten ituna lortu arte». Bidalitako oharrean, ELAk beste sindikatuen eskaintza kritikatu zuen.

CCOOk, LABek eta UGTk ez zuten greba deirik aipatu. «Borrokarn» eta «mobilizazioetan» segituko duela iragarri zuten, baina nola zehaztu gabe. Jaurlaritzaren jarrera deitoratu zuten, azken astean metalgintzako grebekin zerikusia duten «hainbati» jakinarazi dietelako ikertuak izaten ari direla ordena publikoa aztoratu izanaren susmopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.