Bizkaiko metalgintzako langileen bigarren greba eguna «arrakastatsua» izan dela nabarmendu dute sindikatu deitzaileek. ELAren, LABen, CCOOren eta UGTren arabera, sektoreko langileen %85 ez da lanera joan gaur. FVEM patronalaren arabera, berriz, erantzuna %29koa izan da eguerdira arte, eta enpresen %60k normal-normal egin dute lan. Araban ere greba egunera deitua zuten, eta hura ere arrakastatsua izan dela nabarmendu dute sindikatuek, baina ez dute daturik eman.
📢Bizkaiko metalgintzak bigarren greba eguna du. Sestaon da manifestazioa.
— Imanol Magro (@Imagreto) June 30, 2022
🚔Atxilotu bat egon da Durangon. Gosaltzen ari zela atxilotu dute, piketearen ondoren. Ezkerraldean hainbat karga egon dira.
📢Sindikatuak harrituta daude, goiza lasai joan delako. @berriapic.twitter.com/mEDoJTnkl0
Bizkaiko grebalariek bi manifestazio jendetsu egin dituzte Sestaon eta Durangon. Aurretik, goizean, piketeak ibili dira Durangaldeko eta Ezkerraldeko industrialdeetan. Ezkerraldean, Ertzaintzak hainbat oldarraldi egin ditu; hala ere, atxilotu bakarra Iurretan izan da, Arriandi industrialdean. Piketea bukatu ondoren izan da, ertzainak hainbat grebalari kafea hartzen ari ziren tabernara joan dira, eta bertan atxilotu dute. Aurretik Boroa eta Eubako industrialdeetatik igaro dira, eta istilu txikiak egon dira. Barrikadaren bat edo beste jarri dute, baina, sindikatuen arabera, «lasai»joan da goiza. Patronalak ere nabarmendu du istilu puntualak izan direla, eta deitoratu egin ditu.
Sestaoko eta Durangoko manifestazioen aurretik, atxilotua askatzeko eskatu dute deitzaileek, eta salatu atxiloketaren atzean jardun sindikala kriminalizatzeko asmoa dagoela. Sindikatuek, halaber, FVEM patronalaren jarrera kritikatu dute, gaur-gaurkoz ez dagoelako hurrengo bilerarako egunik. Grebara deitzeko arrazoia, izan ere, lan hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa salatzea da. Azken hitzarmena iazko abenduan bukatu zen, eta soldata taulak izoztuta daude. Hitzarmen horrek 52.000 langileri eragiten die, Euskal Herriko handiena da, eta enpresa handi askori eragiten die, besteak beste, Sidenorreko, CIE Automotiveko edo Murueta ontzioletako langileei.
Langile talde bat gosaltzen ari zela Ertzainek kargatu eta lagun bat atxilotu dute.
— LAB INDUSTRIA (@LAB_INDUSTRIA) June 30, 2022
Enpresak hutsik egotearen mendekua al da?
Ez duzue estaliko grebaren arrakasta!!!#metalaborrokanpic.twitter.com/3lCSK143F8
Jarrerak, baina, oso urrun daude. Sindikatuek berriz ere nabarmendu dute ez dutela onartuko langileen erosteko ahalmena murriztuko duen eskaintzarik, eta KPIaren araberako soldata igoerak marra gorria dirudi. Sindikatuen plataforma bateratuak KPI+%1eko igoera eskatzen du, eta iazkoa KPIa %6,4 izan zen, eta aurtengoa %10etik gora dago. FVEMen azken eskaintza, berriz, kopuru horietatik oso urrun dago: 2022rako %2,75eko igoera proposatzen du; %2,5ekoa 2023rako eta %2koa 2024rako. Horiez gain, beste talka puntu batzuk ere badaude, besteak beste, sindikatuen arabera, baja ordainsarien osagarrietan eta malgutasunean atzerapausoak ematea proposatzen duelako FVEMek.
Patronalak nabarmendu du akordioak lortzeko prest dagoela baina, horretarako, sindikatuek haien eskaerak «malgutu» behar dituztela «enpresek bizi duten egoera zaila» kontuan hartuz. Biharko ere grebara deitua dute Bizkaiko metalgintzan eta Bilbon izango da mobilizazio nagusia. Ikusteko dago greba egun gehiago deituko dituzten udan edo udazkenera arte atzeratuko dituzte. Araban, esaterako, hurrengo greba deialdiak irailerako dira.