Bizkaiko metalgintzako enpresen fakturazioak behera egin zuen iaz

Autogintzaren krisia eta Europako merkatuen ahulezia zama handia izan zen. Aurten hobera egitea espero dute, baina 2022ko eta 2023ko zenbakietara iritsi gabe.

Sidenorrek Basaurin duen altzairutegiko bi langile. LUIS TEJIDO / EFE
Sidenorrek Basaurin duen altzairutegiko bi langile. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko urtarrilaren 21a
12:10
Entzun

Iazkoa urte gogorra izan zen Bizkaiko metalgintzarentzat. Enpresen %35,9ren jarduna espero baino txikiagoa izan zen; %44ren fakturazioa, 2023koa baino txikiagoa, eta %11k galerak izan zituzten. «Pandemia osteko urterik ahulena izan zen», laburbildu du Begoña San Miguel-ek, FVEM Bizkaiko metalgintza patronaleko presidenteak. Dena den, guztia ez da iluna: sektorean 539 lanpostu sortu ziren, eta 2025erako «hobekuntza txikia» espero da.

Bizkaiko metalgintzari kalte egin dioten gaitzak jakinak dira: «Gerren inpaktua eta guretzat garrantzitsuak diren Europako ekonomien atzeraldia. Enpresen %30en merkatu nagusiak atzeraldian daude», azaldu du. Alegia, Frantzia eta Alemania, eta, ondorioz, autogintzaren azpisektorea: «Gure sektorea askotarikoa da, azpisektore asko daude, baina bai, urte zailena autogintzak izan zuen. Segurtasunik gabeko egoera batean dago azpisektore hori».

«2022az geroztik fakturazioa gora egiten ari zen, eta horrek urduritasuna apaldu du. Are gehiago, 2025ean jarduna egonkortzea espero dugun honetan»

BEGOÑA SAN MIGUELFVEMeko presidentea

Faktore horien ondorioa argia da: enpresen fakturazioak behera egin zuen 2023ko datuen aldean. Prezioak igota ere, aurreko urtean baino %0,72 gutxiago fakturatu zuten, eta, ondorioz, pandemia osteko lehen atzerapausoa eman zuten. Dena den, San Miguelek larritasuna kendu nahi izan dio argazkiari: «2022az geroztik gora egiten ari ziren fakturazioak, eta horrek urduritasuna apaldu du. Are gehiago, 2025ean jarduna egonkortzea espero den honetan».

Aurtengo espero den hobekuntza horren isla, eta betiere iragarpenak betetzen badira, galera izandako enpresen kopurua %11tik %5 ingurura murriztuko da, eta hirutik bik %75etik gorako jarduna espero dute. San Miguelek ezin izan du ondo laburbildu baikortasun horren oinarria zein den, baina nabarmendu du hori helarazten dietela elkarteko enpresek.

FVEM
FVEMeko zuzendaritza. Erdian, Begoña San Miguel presidentea. M. R. / FOKU

Bizkaiko metalgintzako enpresak, izan ere, baikorragoak dira aurtengo ekitaldirako; hein handi batean, abiapuntua txarra delako, eta merkatu nagusiak berpiztea espero dutelako: «Hazkundea baino gehiago, beherako bidearen amaiera espero dugu. Baina egia da enpresek baikortasuna helarazi digutela». FVEMk elkarteko kide diren enpresei eginiko inkesta batetik ateratzen ditu ondorioak. Aurten, esaterako, 246 erantzun jaso ditu.

Enpleguari dagokionez, urte amaieran 54.823 pertsonak egiten zuten lan Bizkaiko metalgintzan, 2024aren hasieran baino 539 gehiagok. Hori bai, iazko bigarren seihilekoan behera egin zuen enpleguak, ekainaren amaieran 700 pertsona gehiago baitzeuden lanean. Eta 2025ean, zer? Bada FVEMk uste du 800 eta 1.000 pertsona gehiago egongo direla lanean. Hori bai, beste behin berretsi du enpresek zailtasun «oso handiak» dituztela trebaturiko langileak aurkitzeko.

trumpen beldur, baina prest

Donald Trump AEBetako presidente kargura iritsi izana bi ahoko ezpata da Bizkaiko metalgintzarentzat. San Miguelek ondo azaldu du haren izendapenak zein gazi-gozoa den sektorearentzat. «Protekzionismoa ez da albiste ona gurea bezalako ekonomia esportatzaile batentzat», azaldu du lehenbizi, baina gehitu du enpresa batzuentzat ona ere izan daitekeela: «Gure enpresa batzuk, handiek batez ere, ekoizpen plantak dituzte AEBetan, eta haientzat mesedegarria izan daiteke».

San Miguelek iazko balantzearen berri emateko eginiko agerraldian eman ditu datuak. Halako ekitaldiak aproposak izaten dira eskaera publikoak egiteko, eta bi egin ditu. Batetik, Europari eskatu dio trantsizio energetikoko prozesuaren bideorria berrikus dezala, lehiakortasunari eragiten ari zaiolako. «Argi daukagu industria deskarbonizatu behar dela, baina Alemanian zer gertatzen ari den ikusi beharko genuke. Horrek nahikoa beharko luke konturatzeko», ohartarazi du.

Bestetik, absentismoa aipatu du. Azaldu du enpresarien buruhauste nagusietako bat dela gaur egun, eta, haren iritziz, erakunde publikoek gehiago egin dezakete baja tarteak murrizteko. Hori bai, burokraziaz mintzatu da: «Gai konplexua da, baina enpresariek uste dute administrazioek bizkortu dezaketela aldi baterako ezintasun kasuen kudeaketa». Alegia, alta hartzeko prozesua bizkorragoa izan daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.