Udaberria bero hasi da Bizkaiko merkataritza sektorean. Erreferentziazko lan itunak agortuta daude, eta haiek berritzeko negoziazioak blokeatuta daudela salatu dute ELAk eta LABek. Are gehiago, Irati Sienra LABeko ordezkarien ustez, Cecobi eta Bizkaidendak osaturiko patronalakbaldintzetan «atzeraka» egiten ari dira azken bileretan. Horiek hala, eta, negoziazioen norabidea aldatu ezean, apirilean greba egun batzuetara deitzea aztertzen ari dira bi sindikatuak.
Hiru dira Bizkaiko merkataritzan izoztuta dauden lan itunak: larruaren eta oinetakoen merkataritza —491 langile eta 2007an iraungia—; ehungintza merkataritza —3.768 langile eta 2015ean iraungia—; eta merkataritza orokorra —6.607 langile eta 2018an iraungia—. Azken hitzarmen horren kasuan, herenegun amaitu zen ultraaktibitatearen luzapen epea. Soldatei dagokienez, ehungintzan 1.200 euro gordinekoa da; orokorrean, berriz, 1.046koa. «Gutxieneko soldatatik oso gertu dago, eta hori jardunaldi osoa izanda. Eta ehungintzan, esaterako, langile gutxik dute jardunaldi osoa», zehaztu du Sienrak.
Negoziazioetan soldata izan ohi da desadostasun puntu nagusia, baina, sindikatuek diotenez, «tentsio handiko» bilerak izaten ari dira, beste hainbat eskubide eskaeratan egin dutelako talka. Patronalak auzitan jarri du antzinatasun eskubidea, eta soldata igoera oso txikiak eskaini ditu. Horiez gain, ehungintzako azken bileran eskaintza «lazgarria» jaso zutela azaldu du: «Enpresek lehen egunetik osatzen dituzte gaixotasun bajak; hemendik aurrera, baina, hamaseigarren egunera arte ez dute halakorik egin nahi».
Sienrak oso gogor kritikatu du patronalaren jarrera, eta bere susmoa azaldu du: «Sektore feminizatua garelako egiten dute, eta uste dutelako hauek ez direla etxeetan sartzen diren soldata nagusiak. Langileen gehiengo handia gizonezkoa duen sektoreren batean ausartuko al lirateke horrelako eskaintzarik egiten?».
Hilabeteak daramatzate mobilizazioekin, eta sindikatuak beste pauso bat emateko prest daude. Negoziazioetan eragin nahi dute, eta grebara deitzea aztertzen ari dira. Apiril amaierarako edo maiatz hasierarako egingo lituzkete deialdiak. Iaz, esaterako, ehungintza merkataritza grebara deitu zuten ekainaren 25erako, merkealdia hasten zen egunean.
Bizkaia ez da salbuespena
Merkataritza itunen negoziazioa ez da erraza Hego Euskal Herrian, eta Bizkaia ez da salbuespena. Gipuzkoan, esaterako, merkataritza orokorreko ituna 2014an iraungi zen, eta oinetako merkataritzakoa, 2009an. Araban, esaterako, larru merkataritzarena 2017an iraungi zen. Nafarroan, azkenik, merkataritza orokorrekoa 2009an iraungi zen, eta ehungintzakoa, 2008an. Azken horrek bi mila langileri eragiten die.
Bizkaiko merkataritza apirilean grebara deitzeko prest daude ELA eta LAB
Erreferentziazko lan hitzarmenen negoziazioa «izoztuta» dagoela uste dute, eta kasu batzuetan patronala atzerapausoak ematen ari dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu