Bizkaiko Arte Grafikoen sektorerako deituriko lehen greba egunak oihartzun handia izan du, sindikatuen arabera. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk eginiko deialdia izan da, eta «eragin handia» izan du. Haien arabera, Grafo, Cartisa, Divipa, Arteos eta Garcinuño enpresa handiak gelditu dituzte, eta ekoizpena murriztu dute Biolid, Erabil eta Comecon —Vocento taldeko imprimategia—.
Bost greba eguneko deialdia da —gaur, bihar, etzi eta azaroaren 4an eta 5ean—, eta Cebek patronalak lan hitzarmena berritzeko negoziazio blokeatua duela salatu nahi dute. 2023ko ekainean osatu zuten negoziazio mahaia, eta, bi aldeak abuztuan hiru aldiz bildu ziren arren, ez zen aurrerapausorik egon. Aurretik, udaberrian, hainbat mobilizazio egin zituzten.
Sektoreak 1.500 langile ditu Bizkaian, eta azken lurralde hitzarmena 2011. urtekoa da. Akordioa berritzeko, sindikatuek beharrezkotzat jotzen dute azken hamahiru urte hauetan galdutako erosahalmen guztia berreskuratzea. Patronalak, berriz, ohartarazi du sindikatuen eskaerak onartzeak enpresa asko arriskuan jarriko lituzkeela. Gogoratu du 2011. urtetik hona arte grafikoetako Bizkaiko enpresen %65 desagertu direla.