Bizkaiko golkoko antxoa gazteen biomasa iazkoaren erdia da

AZTIren arabera, dena den, egoera «osasuntsua» da, eta nabarmendu du aleak handiak direla.

Arrantzale bat antxoa freskoz beteriko kaxak biltzen, Getariako portuan. GORKA RUBIO / FOKU
Arrantzale bat antxoa freskoz beteriko kaxak biltzen, Getariako portuan. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko abenduaren 2a
12:35
Entzun

Bizkaiko golkoko antxoa «osasuntsu» dago, AZTI teknologia zentroaren iritziz. Urteroko neurketaren arabera, antxoa gazteen biomasa 255.434 tonakoa da, azken urteetako datuekin alderatuta, «ertain-apala». AZTIk nabarmendu du kopuru hori 2019koa, 2020koa eta 2021ekoa baino handiagoa dela, baina, azken bi urteetako neurketekin alderatuz gero, erdia da: iaz, 500.000 tonako biomasa erregistratu zuten, eta 2022an, berriz, 480.000 tonakoa. 

Jaitsiera agerikoa den arren, AZTIren ustez zantzu positiboak ere badaude hurrengo urteko kanpainara begira. Esaterako, antxoa gaztearen tamaina: 9,7 zentimetro batez beste. 2003an neurketa kanpainak egiten hasi zirenetik neurturiko batezbesteko handienetan bigarrena da hori. Bestalde, antxoa helduaren stocka 245.825 tonakoa da. Horrek egonkorrago eutsi dio. 

Neurketan, halaber, egiaztatu dute antxoa masa ekialderantz mugitu dela, Frantziako kostaldeko plataforma kontinentalerantz. Hainbeste mugitu denez, Kantauri itsasoan oso antxoa gutxi aurkitu dituzte. 

Eusko Jaurlaritzak sustatzen ditu AZTIren neurketak, eta Espainiako Ozeanografia Institutuarekin koordinatzen dira. Datu horiek udaberriko antxoa kanpainako emaitzekin uztartzen dira, eta antxoaren zientzia kontseiluari bidaltzen zaizkio, hurrengo urteko kosterako kopuruak zehaztu ditzan. Aurtengo 31.614 tonako kuota ezarri zuen, iaz baino 1.432 tona gehiagokoa hain zuzen. Arrantzaleek osorik baliatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.