Bizkaiko Golkoan antxoa kuota ia bikoiztea onartu egin du Europako Batasunak

29.700 tona arrantzatu ahalko dira: %90 Bizkaia, Gipuzkoa, Galizia eta Espainiako ontziek; eta %10 Frantzia eta LapurdikoekTamaina handiagoko antxoa espero dute arrantzaleek, prezioak igo ahal izateko

Miren Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Badirudi atzean geratu direla 2005tik 2009ra arteko urteak. Bizkaiko Golkoan antxoa galtzeko zorian zegoela eta, arrantza debekatuta egon zen tarte horretan. Datuen arabera, espeziea suspertzeko balio izan du geldialdiak. 33.000 tonatan dago finkatuta zuhurtziazko biomasa, hortik behera, espeziea arriskuan dagoela esaten da. Europako Batasunak emandako datuen arabera, gaur egun, 98.450 tonakoa da biomasa. Hori kontuan hartuta, datorren ekainera bitartean 29.700 tona arrantzatzeko baimena eman du.

Uztailaren 8an proposatu zuen kopuru hori Europako Batzordeak. Onartzea, ordea, Europako Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza ministroei dagokie, eta haiek atzo eman zioten oniritzia. Ia bikoiztu egingo da arrantzarako gehieneko muga. Izan ere, aurten, 15.600 tona harrapatzeko aukera izan da Bizkaiko Golkoan.

Europako Batasunaren arabera, 29.700 tonatatik26.730 tona dagozkie Bizkaiko, Gipuzkoako, Galiziako eta Espainiako arrantzaleei; 2.970 tona, berriz, Lapurdikoei eta Frantziakoei. Hau da, %90 eta %10, hurrenez hurren. Hala ere, arrantzaleek elkarrekin negoziatu ohi dituzte kuotak, eta aurten, esaterako, proportzioak %80 eta %20 izan dira.

Zientzialarien txostenetan oinarrituta hartu du erabakia Bruselak, baina irizpide biologikoaketa sozioekonomikoak ere aintzat hartu dituela esan du. Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) zehazten du antxoaren egoera. Horretarako kontuan hartzen ditu Azti-Tecnaliaren datuak, Ifremer-enak (Itsasoaren Ustiapena Ikertzeko Frantziako Institutua), harrapatutako kopuruak eta harrapatutako antxoen adin banaketa. Datu horiekin gehienez arrantzatu daitekeen kopuru bat gomendatzen dio Europako Batzordeari.

Europako Batasunak 98.450 tonako biomasa dagoela esan arren, Azti-Tecnaliak 138.000 milioi tonakoa kalkulatu zuen udaberriko Bioman neurketan, hau da, 2005ean antxoa arrantzatzea debekatu zenean halako hamalau.

Tamainari begira

Nahiz eta Bruselak uztailetik ekainera artean baimendu kostera, antxoa udaberrian arrantzatzen da. Orain pare bat hilabete amaitu zen aurtengo kanpaina. Balantze gazi-gozoa egin zuten euskal arrantzaleek. Gustura geratu ziren itsasoan ikusitako arrain kopuruarekin. Alabaina, kuotetan zegokiena baino gutxiago harrapatu zuten, 8.700 tona. Prezioa izan zen horren arrazoia. Batez beste, 2,06 euro ordaindu zizkieten kiloko —iaz 2,76 euro izan ziren—. Tamaina txikiko antxoa asko zegoen, eta halakoak ez dituzte nahi izaten kontserba enpresek. Iaz harrapatu gabe utzitakoak handituko ziren itxaropena dute orain, industriari saldu eta prezio hobeak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.